IV. Trikuharri mendi lasterketa, uztailaren 19an

Ataria 2025eko uztailaren 2a

Iazko Trikuharri mendi lasterketako une bat.

Laugarren urtea beteko du aurten Bizi Kirol Taldeak antolatzen duen Trikuharri mendi lasterketak. Uztailaren 19an egingo da, Villabonako Errebote plazatik hasi eta bukatuta, eta bi proba daude aukeran lasterkarientzat: 12 kilometroko motza eta 24 kilometroko luzea.

Proba motza batez ere Amasa-Villabonako udalerritik igarotzen da, 413 metroko desnibel positiboa du, eta Onddolar (435 metro) da punturik altuena. Bertan egongo da kontrol gune bakarra. Proba 10:00etan hasiko da eta korrikalariek bi ordu eta erdi izango dute lasterketa amaitzeko. Proba luzearen ibilbidea, berriz, Amasa-Villabona eta Tolosako udalerrietatik igarotzen da. Onddolar (435 metro), Belabieta (699 metro), Uzturre (730 metro) eta Loatzo (636 metro) gailurretatik igaro beharko dute parte hartzaileek, 1.289 metroko desnibel positiboa gainditzeko. Kontrol guneak, hain justu, gailur horietan egongo dira. Proba 09:45ean hasiko da eta korrikalariek lau orduko muga izango dute amaitzeko.

Izen emateak Rockthesport.com webgunean egin ahal dira. 12 kilometroko proba egin nahi dutenek 28 euro ordaindu behar dute, eta 24 kilometroko proba egin nahi dutenek, 38 euro. Izena emateko azken eguna hilaren 17a izango da. Guztira 500 parte hartzailerentzako lekua dago, bi proben artean, eta dagoeneko 411 korrikalarik eman dute izena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!