Amasa-Villabonako Udalak azken osoko bilkuran onartu zuen udal gobernuak aurkeztutako Etxebizitza Plana, EH Bilduren aldeko botoekin, PSE-EEren abstentzioarekin eta EAJ-ren aurkako botoekin.
Beatriz Unzue alkateak azaldu duenez, azken urteetan EAEn eta estatuan onartutako Etxebizitza Lege ezberdinek, etxebizitza-krisialdiari erantzun bat emateko eta etxebizitza duin eta eskuragarria izateko eskubidearen urraketa sistematikoari aurre egiteko tresna eta aukera berriak eskaini dizkie udalei. Hori horrela, Amasa-Villabonako udal gobernu taldeak «lanketa sakona» abiatu zuen ikasturte honen hasieran eta udalbatzan onartu berri den Etxebizitza Plana da ekimen honen emaitza.
Etxebizitza Plan honek herriko egoeraren analisia, helburu nagusien identifikazioa, hamaika ekintza zehatz jasotzen dituen Ekintza Plana eta epeak markatzen dituen kronograma bat barnebiltzen dituela nabarmendu du Xabat Laborde Hirigintza zinegotziak. «Etxebizitzaren egoerari dagokionez, besteak beste, Amasa-Villabonan dagoen etxebizitza eskari handia –292 pertsona daude Etxebide, Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan izena emanda–, etxebizitza eskaintza eskasa eta garestia, hutsik dauden 277 etxebizitzak, herriak dituen muga geografikoak, egungo araudi urbanistikoak sortzen dituen arazoak eta gazteen emantzipaziorako ezintasuna aztertzen dira».
Planak hiru helburu nagusi dituela gaineratu du Labordek, eta horiekin batera bigarren mailako beste hamarnaka helburu ezartzen ditu: «Etxebizitza eskaintza handitzea, batez ere babestutako etxebizitzena, alokairuen prezioak mugatzea eta Amasa-Villabonako etxebizitza-parkea gaur egungo bizikidetza unitateen tamainara egokitzea». Hauekin batera, besteak beste, hutsik dauden etxebizitza ahalik eta gehien merkaturatzea eta jendez betetzea, hainbat auzotako merkataritza lokaletan etxebizitza erabilera ezartzea, edota babestutako etxebizitzen eraikuntza eta promozio berriak ahalbidetzea aipatzen dira.
HAMAIKA EKINTZA
Etxebizitza Planaren ekarpenik eta berrikuntzarik nabarmenena, Amasa-Villabonako Udalak datozen hilabeteetan garatuko duen Ekintza Plana da. Guztira hamaika ekintza zehatz martxan jartzea aurreikusten da:
- Udalaren eta Alokabideren arteko Lankidetza hitzarmena, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko Bizigune eta ASAP programen bidez. Informazio kanpaina berezia garatuko da horretarako.
- Ogasun arloko neurriak.
- Kanona ezartzea hutsik dauden etxebizitzei.
- Etxebizitzak birgaitzeko udal diru laguntza lerro berria martxan jartzea, etxebizitza horiek merkatura atera daitezen.
- Villabona tentsio handiko etxebizitza eremu izendatzeko eskaera egitea, alokairuen prezioak mugatu ahal izateko.
- Merkataritza lokalak etxebizitza bihurtzeko Udal-Ordenantza berria onartu eta martxan jartzea.
- Landa eremuetako lurzoru ez urbanizagarrietan dauden eraikinetan eta azalera handiko etxebizitzetan bereizketak –segregazioak– egin eta etxebizitza gehiago ateratzeko aukera zabaltzea.
- HAPOak ezartzen dituen lurzoru urbanizagarri berri guztiak indarrean sartzea, uholde arriskuaren ondorioz duten blokeoa gaindituz.
- Udalak egoera kaskarrean aurkitzen diren eraikinak eskuratzeko inbertsioak egitea, ondoren orube horietan babestutako etxebizitza berriak eraikitzeko.
- Babestutako etxebizitza berrien sustapenak garatzea Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailarekin eta Visesa alokairuko etxebizitza babestua sustatzeko sozietate publikoarekin elkarlanean.
- Udalaren etxegabetzeen aurkako protokoloaren aplikazioa.
Dagoeneko lehen bi ekintzak martxan daudela, beste batzuetan aurre-lanak egin direla eta azken batzuk oraindik jorratzeke daudela jakinarazi du Eñaut Zelarain Gazteria zinegotziak. Aipagarria da Etxebizitza Plan honek guztira sei atxikitako dokumentu dituela, baina Zelarainen ustetan hauek dira aipagarrienak: Amasa-Villabonako Udalaren eta Alokabide S.A.-ren arteko Lankidetza Akordioa; merkataritza lokalak etxebizitza bihurtzeko Udal Ordenantza; etxebizitza hutsetan obrak egiteko diru laguntzaren oinarri espezifikoak; eta etxegabetzeak saihesteko Udalaren Jarduera-Protokoloa.
Zelarainek dio planak jarduera edo ekintza bakoitzeko epeak ezartzen dituela kronograma baten bidez. «Garrantzitsua da ekintza bakoitzaren epeak zehaztea, udal gobernuak presioa izan dezan, bestela gauzak denboran gehiegi luzatzeko arriskua dago». Behin udalbatzak lehen onarpena emanda, datozen egunetan Etxebizitza Plana GAOan argitaratuko da eta horrekin batera espediente osoa jendaurrean jarriko da 20 egunez. Jendaurreko epea amaiturik, udalbatzak alegazioak ebatzi eta behin betiko onarpena emango lioke.
BALORAZIO POSITIBOA
Udal gobernu taldeak oso positiboki baloratu du Etxebizitza Plana onartu izana eta Amasa-Villabonan etxebizitza benetako eskubidea izan dadin gogor lan egiteko konpromisoa hartu du. «Bide-orria onartu dugu eta orain bidea egiten hastea dagokigu. Gure eskuetan dagoen guztia egiteko prest gaude, Amasa-Villabonan bizitzeko etxebizitza duin bat nahi edo behar duten herritar guztiek, horretarako aukera eskuragarria izan dezaten», adierazi du Beatriz Unzue alkateak.