Hezkuntza Sailan bilera egingo dute Flemingen sukalde propioa egin dezaten eskatzeko

Ataria 2025eko ekainaren 27a

Fleming herri eskolako komunitateak mozio bidez eskaera luzatu dio udalari, bilera egin dezan Hezkuntza Sailburuarekin gaia tratatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuarekin bilera ofiziala egiteko eskatu dio Fleming herri eskolak Amasa-Villabonako Udalari, Arratzaingo ikastetxean sukalde propioa sortzeko gaia lantzeko. Asteazkenean egindako osoko bilkuran udalbatzak gehiengo osoz onartu zuen herri eskolak aurkeztutako mozioa. Bilera iraileko lehen hamabostaldian egiteko eta eskola komunitateko kideak bilerara gonbidatzeko eskaera ere onartu zuten zinegotziek, aho batez.

Begoña Pedrosa sailburuak ekain hasieran adierazi zuen Hezkuntza Sailak baduela asmoa sare publiko osoan pixkana, in situ sukaldeak eta zonaldeko sukaldeak jartzeko; 2025-2026 ikasturtean zonaldeko hamar sukalde berri egin eta, 2028ra arte, 20 milioi euroko inbertsio plana iragarri du, sare publikoko eskola jantokiak eraldatzeko.

Fleming herri eskolako komunitateak uste du sukaldeak in situ eraikitzeko une «oso kritikoan» gaudela eta horregatik eragin nahi du Hezkuntza Sailak hurrengo hilabeteetan hartuko dituen erabakietan.

Eskolako ordezkariak adierazi dutenez, aurtengo otsailean jakinarazi zieten Aiztondo zonaldeko sukaldea beste eskola batean egiteko asmoa zegoela. Gipuzkako Hezkuntza Sailarekin izandako bilera batean zonaldeko sukaldeak egiteko asmoa bertan behera geratu zela jakinarazi zitzaien Fleming eskolako ordezkariei, eta horren trukean, hainbat eskoletan sukalde bertikalak egiteko aukera aztertuko zutela esan zitzaien. Dena den, hitzordu horretan, jakinarazi zieten Flemingek ez zituela sukalde bertikalerako beharrezko baldintzak betetzen.

Iazko urte hasieran Amasa-Villabonako Udalak bat egin zuen Arratzainen eskolaren eraikinean sukaldea egiteko proposamenarekin eta sukaldea sortzeko prozesuan beharrezkoak ziren baliabide pertsonal, tekniko zein ekonomikoak jartzeko konpromisoa hartu zuen. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!