San Joan suko gertakarien inguruko oharra kaleratu du Zunbeltzek

Ataria 2025eko ekainaren 25a

Erreboteko plazan pirotekniarekin izan zen arazoaren ondorioz inork kalteren bat jasan badu, haiekin harremanetan jartzeko eskatu du antzerki taldeak.

Udako solstizioa ospatzeko ekitaldia antolatu zuen joan den astelehen gauean Villabonako Zunbeltz kale antzerki taldeak. Herriko kaleetan ibili ondoren, Erreboteko plazan egin zuten emanaldian, pirotekniarekin arazoak izan zituzten.

Taldeko kideek aitortu dute petardo batzuk aurreikusitako ibilbidetik aldenduta atera zirela. «Gertaera hori ustekabeko istripua izan zen, inolako asmorik gabekoa eta piztearen ardura zuten pertsonen kontroletik kanpo». 

Benetan sentitzen dutela gaineratu dute: «Gertakariak Villabonako herritarrengan eragin izan zuen edozein susto edo trabagatik sentitzen dugu». Horrekin batera, norbaitek kalteren bat jasan badu haiekin harremanetan jartzeko eskatu dute.

Amaitzeko herritarren ulermena eskertu eta ilusioz publiko guztiarentzako kultur eta jai jarduerak eskaintzeko lanean jarraituko dutela hitz eman dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!