Eskolako Agenda 2030eko lanketak eta proposamenak eraman dituzte udaletxera

Ataria 2025eko maiatzaren 25a

Argazkia: Amasa-Villabonako Udala

Lehen Hezkuntzako ikasleetatik hasi eta DBH 4. mailakoak arte, hainbat konpromiso hartzeaz gain, beste zenbait proposamen egin dizkiote udalari herriko mugikortasuna jasangarriagoa izan dadin

Eskolako Agenda 2030 proiektuaren barruan egindako lanketa aurkeztera herriko ikasleak Amasa-Villabonako udaletxera gerturatu ziren maiatzaren 21ean. Horrela, ikasturtean zehar mugikortasun jasangarriaren inguruan egindako azterketa aurkeztu zieten Xabat Laborde Alkateordea eta Hirigintza zinegotziari, Ander Goikoetxea Ingurumen zinegotziari eta Eneritz Ugartemendia Hezkuntza zinegotziari.

Irakasle eta gurasoen laguntzarekin, Fleming herri eskola, Zubimusu ikastola eta Erniobea institutuko 926 ikasle aritu dira guztira Amasa-Villabonan mugikortasuna ikuspegi desberdinetatik aztertzen. Horrela, Lehen Hezkuntzako ikasleetatik hasi eta DBH 4. mailakoak arte, hainbat konpromiso hartzeaz gain, beste zenbait proposamen egin dizkiote udalari herriko mugikortasuna jasangarriagoa izan dadin.

Aipatutako lanketa burutu ondoren herriko gaztetxoek hartutako konpromisoen artean nabarmentzen dira, besteak beste, garraio publikoa gehiago erabiltzen saiatuko direla, bizikletaz mugitzean kaskoa janzteaz gain, oinezkoak errespetatuko dituztela, edota kotxea erabili behar izanez gero, hori besteekin partekatzen saiatuko direla.

Horrekin batera, uUdalari zenbat proposamen egiteko aukera ere baliatu zuten bisita. Hori horrela, bizikletak uzteko leku gehiago jartzea, semaforoetan itsuentzako soinua jartzea, kontzientziazio saioak antolatzea edota bizikletentzako bideak hobetzea proposatu dute, besteak beste.

Hiru ordezkari politikoek adi entzun zituzten ikasleen ekarpenak, eta guztiak xehetasunez aztertzeko konpromisoa hartu zuten. Gainontzeko edizioetan egin duten moduan, aurtengoan ere ikasleek aurkeztutako proposamen guztiei erantzun bat emango diotela hitz eman zuten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!