Tindu naturaletara gerturatzeko tailerra egingo dute Etxe-Ondon

Ataria 2025eko maiatzaren 28a

Argazkia: Renata Laszczak

'Garaiko koloreak & kolore historikoak' ikastaroa ekainaren 22an egingo dute 10:00etatik 18:00etara, Virginia Ameztoyren zuzendaritzapean. Aldez aurretik eman behar da izena.

Villabonako Etxe-Ondon Garaiko koloreak & kolore historikoak izenburupean tailerra egingo dute ekainaren 22an, 10:00etatik 18:00etara. Parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman behar dute izena, virginia.ameztoy@gmail.com helbidera idatzita. Ikastaroaren prezioa 130 eurokoa da. Bazkaria Etxe-Ondoko jangelan egingo dute garaiko produktuekin prestatuta.

Zuntz naturalez egindako hari eta oihalak kolore naturalekin tindatu aurretik jasotzen duen tratamenduari mordientea deitu izan zaio historian zehar. Oihalaren zuntzetan kolore naturalak ondo finkatzea da helburua. Ehungintzan garrantzitsua da mordentaketa ongi egitea, denboran iraungo duten kalitatezko kolore naturalak lortzeko. Ekainaren 22an, besteak beste, zuntz naturalen ezaugarriak aztertuko dira eta zuntz horien garbiketa eta mordentaketa prozesuen adibide praktikoak erakutsiko dira. Etxe inguruko landare tindudunak identifikatu eta garaiko koloreen eta kolore historikoen tindaketa praktikoa ezagutuko da. Tailerra amaitzeko estanpazio botanikoa egingo dute parte hartzaileek, norberak sortutako zetazko zapi bat etxera eramateko.

Virginia Ameztoyk Hazi-Ko-Lore proiektuaren bultzatzaileak gidatuko du ekaineko tailerra eta baita uztailetik aurrera egin asmo dituztenak ere. Ikastaro sorta iragarri dute, dagoeneko, Etxe-Ondon:

  • Uztailak 18, 19 eta 20
    • Indigo, de la semilla al cielo ikastaroa Kokoro Indigo Culture taldeko Marian Martinez gonbidatuarekin.
  • Abuztuak 10
    • Shibori & estampacion botánica ikastaroa.
  • Irailak 11-17
    • Tiñete, avec le Maroc! ikastaroa.
  • Irailak 27-28
    • Paper artisaua tailerra, Juan Barberekin.
  • Urriak 11-12
    • Artilearen prozesuak ikastaroa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!