Villabona eta Irura arteko bidegorriaren lanak abiatu zituen joan den abenduan Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun departamenduak eta lanen barruan egokitzapenak egin ditu Azketaerrekako industriaguneko eta Etxeondoko gasolindegi pareko errepideetan. Aldaketek haserrea eragin dute Villabonako eta Aiztondoko hainbat erabiltzaileengan, behin gasolindegian depositua beteta ezin baitute berirro Villabonarako norabidea hartu.
Kexu agertu den erabiltzaileetako bat da Aitor Castro asteasuarra. Andoainen egiten du lan eta maiz erabiltzen du Etxeondoko gasolindegia: «Ez du zentzurik behin gasolina bota edo dendan zerbait erosi eta Iruraraino joan behar izateak berriro Villabonara itzultzeko. Lehen hobeto zegoen bidea». Kezka berarekin jende asko gerturatu zaiola aipatu du gazteak.
«Ez du zentzurik behin gasolina bota edo dendan zerbait erosi eta Iruraraino joan behar izateak berriro Villabonara itzultzeko»
AITOR CASTRO, erabiltzailea
Jasangarritasun foru departamenduak adierazi du segurtasun irizpideak lehenetsi dituztela eremu horretako joan etorriak berrantolatzerakoan. Bidegorriko exekuzioagatik N-1 errepidetik Azketaerrekako industriagunerako sarbide zuzena kendu eta gasolindegiko sarreratik antolatu dute: «Aurretik sarrera horretan Stop seinalea zegoen eta hori kentzeko erabakia hartu dugu. Fluxu handiagoa espero da eta sarrera horretan ibilgailu guztiek gelditu beharko balute, N-1 errepiderainoko ilarak sortuko lirateke, istripuetarako arriskua ugarituz». Aldundiko iturriek adierazi dute lehentasuna eman diotela autobidetik datozen ibilgailuei, horietako asko industriagunera doazen kamioiak direla jakitun.
Seinale berriak
Stop seinalea lekuz aldatu eta Villabonatik datozen ibilgailuek egin behar dute orain geldialdia. Castroren esanetan ez da erabaki «logikoa», bide printzipala herriko erdigunetik datorrena baita. Aitzitik, diru-bilketarako grina sumatzen du erabaki horren atzean. «Lehen bide horretan ez zegoen inolako seinalerik eta ohituragatik edo, jendeak gelditu gabe egiten du aurrera. Askok ez dute Stop-a errespetatzen eta dagoeneko hasi dira isunak. Joan den astean poliziaren zenbait kontrol jarri zituzten beilatoki parean, behin ere jarri ez dituzten lekuan».
Castrok bezala beste zenbait erabiltzailek eta gasolindegiko langileek ere azpimarratu dute antolaketa berriak endredo handi xamarra sortu eta jendeak ez dakiela nola jokatu. Esate baterako, Villabonatik gasolindegira sartu ahal izateko aukera bakarra dute erabiltzaileek: Stop seinalea errespetatu, ezkerretara maniobra zakar bat egin eta han gasolina-zerbitzugune bakarrean bota diezaiokete ibilgailuari erregaia.
Aldundiak dio herriko erdigunetik etortzea dela modu bakarra gasolindegitik berriro ere Villabonara bueltatzeko, N-1 errepideko sarbidea hartu eta gasolindegian geldialdia eginez gero, derrigor hartu beharra dagoela Tolosa alderako bidea; edo Azketaerrekako industriagunera sartzeko edo berriro autobidera ateratzeko. Villabonara itzuli nahi dutenek Irura parean egin beharko dute noranzko aldaketa.
Castrok aipatu du gasolindegitik bertatik Villabonarako itzulbidea hartzeko jarri duten debekuak egoera arriskutsuak ekar ditzakeela: «Ikusi izan dut lehengo bide bera egiten jendea kontrako noranzkoan. Beste askok, berriz, auto-garbiketako gunea erabiltzen dute eta eta handik egiten du herri erdigunerantz; baina hori ere galarazita dago, berez, lerro etengabea baitago errepide zati horretan».
Udalaren jarrera
Amasa-Villabonako udal gobernua bat etorri da hainbat herritarrek adierazitako kexekin. Xabat Laborde alkateordeak azaldu du «nabarmena» dela egin dituzten egokitzapenak gasolindegiari eta herriko gidariei egin dien kaltea eta gaineratu du aldaketak ez duela «ez hanka ez bururik». Herritar askoren kexak jaso ondoren udal gobernuak publikoki azalpenak eman zituen martxoan.
Bidegorriko lanak hasi aurretik, Girder Ingenieros enpresa eraikitzaileko arduradunak udal ordezkariekin bildu ziren proiektuaren inguruko xehetasun nagusiak azaltzeko. Hainbat plano erakutsi zizkietela aipatu du Labordek, eta espresuki trafikoan aldaketarik izango ote zen galdetuta ezezkoa erantzun zitzaiela: «Bilera hartan, ez zitzaigun gasolindegi inguruko planorik erakutsi. Uste dugu trafikoaren aldaketei buruzko informazioa, berariaz, ezkutatu egin zitzaiola udalari».
«Uste dugu trafikoaren aldaketei buruzko informazioa, berariaz, ezkutatu egin zitzaiola udalari. Engainatuak sentitzen gara»
XABAT LABORDE, Amasa-Villabonako alkateordea
Aldundira azalpen esku joandakoan, proiektu osoa Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zela eta exekuzio fasean aldaketak proposatzeko beranduegi zela erantzun zitzaien. Jokabide hori «bidegabea eta larria» dela uste du Labordek eta prozesuan «engainatuak» sentitu direla nabarmendu du. «Ez dirudi aldundiak obra hori berrikusi edo birpentsatzeko asmorik duenik».
Dena den, herritarrek horrela eskatzen badiete, Labordek azaldu du prest daudela berriro aldundiko arduradunekin hitz egiteko, trafikoan egin dituzten egokitzapenak berrikusi ditzaten.
