Amasa-Villabonan Txermingo aparkalekua eraberritzeko eta berrantolatzeko lanak hasi zituzten joan den astean. Eregi Herrilan eta Zerbitzuak S.L. enpresa ari da obraz arduratzen eta birmoldaketa lanek, gehienez, bi hilabeteko iraupena izango dute. Aparkalekua moldatzeko 258.821 euroko inbertsioa egingo du Amasa-Villabonako Udalak.
Lan hauekin aparkalekua «modernizatzeaz» gain, erabiltzaile guztientzat espazio «funtzionalagoa eta seguruagoa» eskaini nahi dute. Udalak Villabonara doazen ibilgailuek aparkaleku hau erabiltzea sustatu nahi du, bertatik oinez abiatuta, minutu gutxitan Villabonako erdiguneko edozein lekutara heldu baitaiteke.
Guztira, aparkatzeko 184 plaza izango ditu aparkalekuak eta horrela banatuko dira: erabilera orokorreko 160 plaza autoentzat; mugikortasun urriko pertsonentzat 5 plaza; autokarabanentzat 10 plaza eta kamioientzat 5. Horrekin batera, ibilgailu elektrikoentzat lau karga-puntu ere jarriko dituzte. «Proiektu honen helburuak dira aparkaleku-plazetarako dagoen espazioaren erabilera maximizatzea, aparkalekua behar bezala antolatzea, ibilgailuentzat zein oinezkoentzat zirkulazio segurua ziurtatzea eta aparkalekuaren ingurua txukundu eta hobetzea», esan dute udal ordezkariek.
Segurtasun kamerak
Horrekin batera, aparkalekuaren antolaketara egokitutako argiteria publiko berria ezarriko dute, espazio osoan argiztapen hobea bermatuz eta segurtasun baldintzak hobetuz. Obraren amaieran egingo den kontratu baten bidez segurtasun kamera bereziak jarriko dira eta aparkaleku osoa 24 orduz bideoz zainduta egongo da. Azken neurri horrekin, azken hilabeteetan hainbatetan errepikatu diren autoetako lapurretak eta ekintza bandalikoak saihestu nahi ditu Udaltzaingoak.
Lanek ahalik eta eragozpen edo traba gutxien sor ditzaten ahaleginduko direla aipatu du udalak eta obrak irauten duen bitartean enpresa eraikitzaileak eta Udaltzaingoak emandako abisuak kontuan hartzeko eskatu du.