Miren Amurizaren Pleibak nobelari emango diote 2024ko literatur argitalpenik hobenaren saria. 111 Akademiako kideek egin dute hautaketa hiru bozketa txandetan; sariketaren azken fasera Unai Elorriagaren Francesco Pasqualeren bosgarren arima eleberriarekin batera iritsi da Amurizarena. Garaikurra jendaurrean emango diote idazleari, ekainaren 5ean, Villabonako Hika txakolindegian.
Bi adiskideren arteko harremana da Pleibak nobelaren ardatza, Jone eta Pollyren arteko laguntasuna, eta haiek 15-16 urte dituzteneko garaian dago zentratua istorioa. Bada denbora jauzirik, ordea: Joneren ahotsak egiten du narratzailearena, eta, nerabezaroaz hitz egiten badu ere, hogeitaka urte geroago mintzo da hartaz, dagoeneko heldua delarik. Edonola ere, Amurizak darabilen idazkera nabarmendu dute askok liburuaren erreseina egiterakoan; ahozko hizkera imitatu eta protagonistak nerabeak izaki, haien lengoaia erreplikatu du.
Sona handiko sariketa
Irakurleek eman dute 111 Akademia saria eta horregatik da preziatua idazleen artean. Beterriko Liburua izenarekin, 1999an hasi ziren literatur aipamena egiten. Eskualdeko bi idazlek jaso dute saria: 2003an Bernardo Atxagak Soinujolearen semea lanagatik; eta 2005ean, berriz, Juan Kruz Igerabidek Hauts bihurtu zineten eleberriagatik. Karmele Jaiok eta Anjel Lertxundik birritan jaso dute saria.
Aurten, Pleibak eta Francesco Pasqualeren bosgarren arima liburuekin batera honako hauek iritsi dira lehendabiziko bozketa txandara: Joxean Agirreren Gizon barregarriak, Uxue Alberdiren Hetero eta Beñat Sarasolaren Coca-cola bat zurekin.