Amasa-Villabonan eta Lizartzan erantsi dizkiote piezak puzzleari

Ataria 2025eko maiatzaren 17a

Sarek antolatutako 'Puzzlea osatu arte' ekimenak eskualdeko bi herri zeharkatu ditu: Amasa-Villabona eta Lizartza. Bihar iritsiko da Iruñera.

Lesaka eta Iruñea arteko bidea egiten ari da Sare herritarra gaur-biharretan erregimen itxian dauden euskal presoen udalerriak batuz. Eguerdian Amasa-Villabonatik igaro da Puzzlea osatu arte ekimena eta handik Lizartzako bidea hartu du.

Gaur egun dauden 117 euskal presoetatik, 58 ari dira betetzen zigorra erregimen itxian; salbuespen araudia ezartzen dietela salatu du Sarek, eta nabarmendu du, «lege arrunta ezarriko balitzaie denak erregimen irekian leudekeela». 58 euskal preso horien jaioterri diren 29 udalerriak elkartzen ari dira asteburu honetan.

Amasa-Villabonan bi hitzordu egin dituzte ekitaldiaren aurretik: bata Iratzarren mokadua hartzekoa; eta bestea, berriz, Onddo Gazte Asanbladakoena –gaztetxearen urtemuga ospatzen ari gaur eta triki-poteoa egin dute Malkar plazaraino–. Han egin dute ekitaldi nagusia.

Lizartzan 13:30ean giza-katea egin dute eta bazkaritan bildu dira ondoren.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!