Abian jarri da gizonezkoen nagusi mailako eskuz binakako Santio Txapelketa 2025 - XIII. Antton Pebeten Oroimenezkoa. 62 bikote ariko dira lehian, 42 pilota talde ordezkatuz eta guztira 68 partida jokatuko dira Villabonako Bear Zana pilotalekuan. Emakumezkoen txapelketa ere egingo da, bost bikoterekin, baina hori uztailean hasiko da. Finalak Santio jaien barruan izango dira, uztailaren 27an.
Behar Zana pilota elkarteak antolatzen du txapelketa, eta bertako arduraduna den Iñaki Lizasok azaldu duenez, «azken urteotakoa baino oraindik ere indartsuagoa izango da. Ematen du nahita egiten dugula, baina ez da horrela, nahigabe sortzen dira erronkak eta guk hartu egiten ditugu». Antton Pebeten Oroimenezkoa Eguberrien inguruan antolatzen zuten, baina badira bi urte Santio Txapelketarekin uztartu zutela, afizionatu mailako pilota txapelketen egutegi estua dela eta. Uztartze horrek eragin du parte hartzea handitzea eta maila ere bikoiztea, Lizasok azaldu duenez.
KLUBEI INDARRA EMANEZ
Txapelketa mailakatua izango da, eta iazko finalerdietan aritu ziren pilotariak aurtengo final-zortzirenetan sartuko dira lehian. Aurretik beste zortzi jardunaldi izango dira. «Izenez agian hain ezagunak ez diren pilotariak hasiko dira lehiatzen, hau da, afizionatu mailako txapelketa ezagunenetan parte hartzen ez dutenak. Baina txapelketa honen ezaugarrietako bat hori da, pilotari horiek aukera izan dezaketela aurrera egin eta izen gehiago duten pilotarien aurka jokatzeko», zehaztu du Lizasok.
Pilota klubei indarra ematen diotela gaineratu du Behar Zanako arduradunak, eta pilotari horiek klubak ordezkatzen dituztela nabarmendu du. Hego Euskal Herriko 42 pilota taldeko pilotariak ariko dira parte hartzen, aurten ez baita oraingoz errioxarrik izango txapelketan.
Ofizialki lehen jardunaldia larunbat honetan izango da, maiatzaren 3an. 09:30ean hasiko dira partidak. Egun horretarako jarrita zegoen partidetako bat atzo bertan jokatu zuten. Maiatzaren 24a bitarte larunbatez izango dira jardunaldiak, eta gero astearte eta ostegunetan jokatuko dira partidak. Egutegia zein jazotzen diren emaitzak ikusgai izango dira Beharzana.eus webgunean. Finalak Santio jaien barruan izango dira, uztailaren 7an, igande goizez, eta ETBk zuzenean emango ditu. Jardunaldietako sarrera doan izango da, eta saski bat zozkatuko dute gastuei aurre egiteko.
Emakumezkoen txapelketa uztailean hasiko da. Bost bikotek parte hartuko dute, guztiak puntan dabiltzan pilotariak, tartean Behar Zanako lau pilotariak. «Asteazkenero egiten ditugu entrenamenduak Villabonan, eta Behar Zanako pilotariez gain, beste sei pilotari etortzen dira hemen entrenatzera», azaldu du Lizasok. «Beraz, maila handiko txapelketa izango da hori ere».