Eneko Garin eta Irati Larrañaga izan dira azkarrenak Loatzoko Igoera-Jaitsieran

Leyre Carrasco 2025eko apirilaren 27a

49 korrikalarik parte hartu dute gaur jokatu den Loatzoko Igoera-Jaitsieraren 31. edizioan, baina helmuga zeharkatzen lehenak izan dira billabonatarra eta usurbildarra.

Eguraldia lagun ez izan arren, giro onean ospatu dute goizean Loatzoko Igoera-Jaitsiera proba. Amasako gazteek eta Uxo Toki elkarteak antolatu ohi dute lasterketa, eta XXXI. edizioa izan dute aurtengoa. Korrikalariak 10:30etan abiatu dira Amasatik, eta 9,73 kilometro egin behar izan dituzte Loatzo mendiko tontorreraino. Guztira, 49 korrikalarik parte hartu dute; horietatik bost emakumezko eta 44 gizonezko izan dira. Azkenean, Eneko Garin billabonatarra eta Irati Larrañaga usurbildarra izan dira azkarrenak helmuga zeharkatzen.

Billabonatarrak 45 minutu eta 38 segundo behar izan ditu Loatzo igo eta jaisteko. Atzetik izan du Iker Eceiza, 46 minutu eta 38 segundoko denborarekin, eta hirugarren postuan, berriz, Aimar Esteban sailkatu da, 46 minutu eta 56 segundoko denborarekin.

Larrañagak jantzi du, bigarrenez jarraian, emakumezkoen sailkapenean txapela, 56 minutu eta bi segundoko denborarekin. Alaitz Egaña izan du atzetik, 58 minutu eta 29 segundoko denborarekin, eta hirugarren postua Miren Ozerinjauregirentzat izan da, 01:03:53ko denborarekin.

SAILKAPENA

Gizonezkoak

  1. Eneko Garin, 00:45:38
  2. Iker Eceiza, 00:46:38
  3. Aimar Esteban, 00:46:56

Emakumezkoak

  1. Irati Larrañaga, 00:56:02
  2. Alaitz Egaña, 00:58:29
  3. Miren Ozerinjauregi, 01:03:53

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!