ELKARRIZKETA

«Filosofiak gehienbat galderak zabaltzen ditu, ez erantzun»

Jon Miranda Labaien 2025eko apirilaren 10a

Amasa-Villabonan egonaldia egiten ari da Udalbiltzak sustatutako ekimenaren barruan; maitasunaz kolektiboki egindako gogoeta filosofikoetatik tiraka idazlana osatuko du.

Martxo erdialdean egin zuen egonaldiaren lehen zatia Maitane Nerekan Umaranek (Getxo, 1984) Amasa-Villabonan eta datozen hilabeteotan itzuliko da material bila, gazte eta helduekin maitasunaren inguruko gogoetak partekatzera. Filosofia irakaslea da bigarren hezkuntzan eta Agora eta Jakinmin filosofia elkarteetako kide.

Literatura lan bat osatzeko aurkeztu zara bekara. Zergatik eman zenuen izena Geuretik Sortuak ekimenean?

Alde batetik, idazteko aukera polita iruditzen zaidalako, ez baita erraza jardun horretarako denbora hartzea eta beka aitzakia ederra da horretarako. Bestalde, Geuretik Sortuak bereziki polita iruditzen zait Euskal Herri ezberdin asko dagoelako eta bekak elkarrekin konektatzeko aukera ematen digulako. Erakarri egin ninduen horrek.

Literaturan zein ibilbide egin duzu orain arte?

2023ko abenduan Euskaraz, zergatik? ipuin ilustratua atera genuen. Niri literatura gustatzen zait filosofiarekin jolas egiteko aukera ematen didalako. Geure bizitzetan dauden galdera ikur handi horiekin aritzen naiz, batez ere.

Villabonan tailer filosofikoa eskaini zenuen gazte eta helduentzat. Galdera baten inguruan gogoetatzen jarri zenituen bertaratutakoak.

Bai. «Nolakoa da maitasuna Amasa-Villabonan?». Hori da egin nien galdera. Filosofiak kontzeptu handi batzuk baditu: justizia, askatasuna edota egia bezalakoak. Maitasuna da horietako bat eta niri zer pentsa ematen dit.Beka honen harira ideia hori etorri zitzaidan burura: nola aldatzen duen inguruak maitasuna ulertzeko modua. Ea ezberdina ote den ingurune fisikoaren arabera; ni kostaldekoa naiz, baina maitasuna ezberdina al da hemen barnealdean? Galdera horien inguruan osatu nahiko nuke literatur lana.

Maitasun mota jakin bati begiratuko diozu zure ikerlanean?

Nik formaren ingurukoak hartu nahi ditut hizpide. Maitasuna denon ahotan eta gorputzetan dago baina askotan ez dakigu zein forma duen, ezta gai ote garen eman nahi diogun forma emateko ere. Alegia, zer maitatu dezakegu? Askotan bikote harremanetara joaten zaigu pentsamendua baina maitasuna leku askotan dago. Euskal Herrian, adibidez, hizkuntzarekiko maitasunak jende asko mugiarazi du.

Feminismoak problematizatu du maitasunaren kontzeptua.

Bai eta oso lan beharrezkoa egin du, pertsona asko salbatu dituena. Ikuspegi horrekin ere begiratzen diot maitasunari.

Galderak zabaldu bai, eta erantzunik eman nahi al duzu zure lanean?

Filosofiak galderak zabaltzen ditu gehienbat, eta ez ditu hainbeste erantzunak bilatzen. Niretzako plazera hor dago. Nik Villabonan galderak aireratu nahi ditut beste ezer baino gehiago. Bota eta ikusi nahi dut hemen zer arrasto uzten duten galdera horiek. 

Haur filosofiaren arloan mugitzen zara zu. Zer da?

Azken batean, filosofia ulertzeko modu bat da. Orain arte, oso estankoa izan da filosofiaren ulerkera eta gizon jakintsu eta akademikoen eskuetan egon denaren ustea zabaldu da nagusiki. Guk defendatzen dugun bidea ez da hain berria, Grezian ere erabiltzen baitzen, baina teorizatu eta marko pedagogikoa eman zioten Matthew Lipmanek eta Ann Sharpek 70eko hamarkadan. Haiek defendatu zuten filosofia guztiona dela, egin egiten dela, eta pentsamendua entrenatu daitekeela, gorputza entrenatzen den gisan. Modu komunitarioan egin daiteke, gainera, pentsamenduak garatu eta gure ideiak saretzen eta konplikatzen joan gaitezke besteen laguntzaz. Haur filosofiak daukan gauza txar bakarra izena da, soilik umeentzako dela pentsatzen baitu jendeak, baina hori baino gehiago da.

Ariketa kolektibo hori egin nahi duzu tailerretan?

Bai. Pizgarri eta abiapuntu asko egon daitezke eztabaidarako eta ni saiatzen naiz izan dadin beti jarrera jostaria. Helbururik gabeko solasaldi filosofiko hori, zeinak ez duen zertan adostasuna bilatu behar. Agoran, adibidez, filosofia tabernetara eta plazetara ateratzearen alde egiten dugu. 

Nola dinamizatzen dituzu tailer hauek?

Naturako elementu bat, esamolde bat edo irudi bat izan daiteke abiapuntua eta hortik sortzen da ikerketa komunitatea. Nire lana xaxatzea izaten da, eta eskatzen diet parte hartzaileei ideiak garatzeko eta azaltzeko, ez baita egunerokoan askotan egiten dugun ariketa. Ohikoa da jendeak argudiatzeko geroz eta zailtasun gehiago edukitzea eta horri aurre egiteko ere balio dute tailer hauek. Pentsamendua beharrezkoa dugu gure herriak modu osasuntsuan eraikitzeko.

Zenbat denbora emango duzu Amasa-Villabonan?

Momentuz lehenengo sartu-irtena egin dut. Hiru tailer egin ditut, Subijana etxekoa bat eta ikastetxeetan beste bi. Nik ideiak biltzeko erabiltzen ditut tailer hauek, baina ez dakit han entzundakoak nora eramango nauen, pixkana definitu nahi nuke zein izango den sormen lana. Badakit maitasunaren haria landuko dudala, baina ezer gehiago ez. Urrian entregatu beharko dugu gure lana eta azaro-abendu inguru horretan argitaratuko da. Gero, 2026an Udalbiltzatik bira bat antolatuko dute, herrietan Geuretik Sortuak bekako lanak aurkezteko.

Ezaguna zenuen herria?

Ez. Aitzakia ederra izan da. Niretzat oso zonalde ezezaguna da. Hemengo geografia ezagutu eta ikasi beharra sentitu dut, bai. 

Erlazionatuak

06 05 Letren Errepublika

Jon Miranda Labaien mar 25 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!