ELKARRIZKETA

«Ez dakigu urte osoan edo sasoi jakin batean erabiltzen ote zuten harpea»

Jon Miranda Labaien 2025ko api. 8a, 07:59

Amasa inguruko aurkikuntza arkeologikoen berri emango dute gaur, 19:30ean,  Subijana etxean; besteak beste, Aranerrekako harpean topatutako zeramika pieza baten kopia erakutsiko dute, hiru dimentsiotan.

«Zirraragarria» da Jon Aldaia Aierberentzat (Hondarribia, 1998) egunero paseatzen ibiltzen garen tokian, hainbeste milaka urtetan jendea bizi izan dela jakitea. Gaurko hitzaldiarekin batera, datozen hilabeteetan eta Amasa-Villabonako Udalarekin hitzartuta, Aranzadik historiaurreko zenbait teknika erakusteko tailerrak eskainiko ditu herriko ikastetxeetan.

[Entzun Jon Aldaiari egindako elkarrizketa hemen]

Non dago kokatuta Aranerrekako harpea?

Izen bereko errekak osatzen duen bailaran dago, Amasako herrigunetik hegoaldera. Justu, Amasatik Oriara isurtzen den azkeneko errekastoa da Aranerreka.

Harpea deitzen diozue, harkaizpea delako, sakonera txikiko haitzuloa.

Bai. Askotan historiaurreaz ari garela, jendeak buruan izaten du garai hartakoak kobazuloetan bizi zirela, baina egia da aire zabalean eta bestelako tokietan ere topatu izan direla aztarnak. Harpeak ere miatzen ditugu, gizakiek maiz harkaitz naturalek sortutako inguruneak baliatzen zituztelako babesean egoteko.

Zein susmok eraman zintuzten pentsatzera historiaurrean Aranerrekan kokagune bat egon zitekeela?

Amasa inguruan ibili ginen hasiera batean miaketak egiten, ingurunea kareharrizkoa delako eta horrelako tokietan, normalean, kobazuloak egoten direlako. Inguruko baserritarrei eta jendeari galdetu ondoren, ikusi genuen harkaizpe baten azpian txakur txabola baten arrastoak zeudela. Aranerrekako harpea zen. Erabat utzita zegoen eta lurrez estalita, baina iruditu zitzaigun bere garaian dimentsio handia izango zuela. Duela bi urte zundaketa bat egin genuen harpean, bertan historiaurreko okupaziorik izan ote zen jakiteko.

Eta zer topatu zenuten?

Zundaketak metro koadrokoak izaten dira eta lehen ekinaldi hartan horrelako bat egin genuen, baieztatzeko ea arrasto arkeologikorik ba ote zegoen han. Lehenengo maila batean sutondo bat topatu genuen baina beste arrasto arkeologikorik ez; sutondoa Goi Erdi Arokoa zela ikusi genuen, duela 1.500 urtekoa. Ikerketarekin jarraitzeko, beheragoko maila bat aztertu genuen eta, azaldu zitzaizkigun zeramikak, erretako janarien arrastoak eta baita beste sutondo bat ere. Elementu horiek datatu eta jakin genuen Burdin Arokoak zirela; duela 2.500 urtekoak. Aurreko urteko udan, bigarren ekinaldian, eremua zabaltzea erabaki genuen, Burdin Aroko maila nola egituratuta dagoen ikusteko.

Badirudi garai bateko etxolak zirela. Bai Goi Erdi Aroan eta bai Burdin Aroan bertan bizi izandako nekazariek edo, behintzat, abeltzainek okupatu zuten eremu hori. Animali hezur asko topatu ditugu inguruan. Goi Eri Aroko maila horretan lurzorua egokitu zuten eta harrizkoa eratu zuten eta etxola bat egin zuten eta gauza berbera gertatzen da mila urte lehenagoko maila horretan, Burdin Arokoan.

Aranerrekakoaz gain, Amasa inguruan beste aztarnategirik-edo ikertu al duzue?

Bai. Lehenengo udan harpeaz gain, Garmendi baserri ondoko kobazuloan beste zundaketa bat egin genuen. Aspalditik da ezaguna, Aranzadi zientzia elkarteko Etnografia saileko Fermin Leizaolak 60ko hamarkada inguruan eman baitzuen aurkikuntzaren berri. Arrasto batzuk topatu genituen han, eta baita Erretenazpi deitu diogun beste kobazulo txiki batean ere.

«Guk eskuartean ditugun datuek diote Aranerrekan topatutakoak Basagaingo herrixka sortu zen garaitsukoak direla»

Burdin Aroko aztarnategiak, ezagutzen ditugun gehienak, herrixkak dira. Orain arte pentsatu dugu han bizi zirela garai hartako gizon-emakumeak. Zuek egindako aurkikuntzek zertan aldatzen dute uste hori?

Orain arte bagenekien garai hartako gizakiak muinoetan eta babestutako herrixketan bizi zirela, baina dena den, beti pentsatu izan da bazirela, hortik kanpo, bestelako baserriak edo guneak ere, nekazaritzara edo abeltzaintzara bideratutakoak. Horrelako aztarnategiak topatzea, ordea, zaila izan da orain arte eta, alde horretatik, Amasan aurkitutakoak zantzu interesgarri batzuk emango dizkigu. Harpeak luzeran hamar metro eta zabaleran bizpahiru metro ditu, beraz, pentsatzekoa da etxola txikiak zirela han eraikitakoak, unitate familiar batentzako modukoak edo. Edonola ere, ez dakigu zehazki urte osoan bizi ziren han edo, etxola horiek borda modura baliatuta, sasoi jakinetan erabiltzen ote zuten harpea, aktibitate ekonomiko jakin bat aurrera eramateko.

Basagaingo hesitutako herrixkan bizi eta boladak pasatzen zituzten, hortaz, Oriako arroko gune ezberdinetan. Onargarria da hipotesi hori?

Behintzat ez da baztergarria. Edozein modutan, guk eskuartean ditugun datuek diote Basagain herrixka sortu zen garaitsukoak direla Aranerrekan topatutakoak, Lehenengo Burdin Aro bukaerakoak. Gainera, aurreko ekinaldian topatu genituen zeramika zati batzuk, adibidez, dekorazioagatik eta egina dauden materialagatik, Basagaingoen antzekoak dirudite. Aurkitutako zatietako bat, adibidez, Anoetako herrixkan topatutako beste zeramika tipologia baten oso-oso antzekoa da.

Espero zenuten horrelako aurkikuntza?

Egia esan ez. Nahikoa sorpresa ona hartu dugu, metro eta erdi inguruko zundaketa egin eta, dagoeneko, bi maila topatu ditugu. Duela 2.500 urteko aztarnak topatu dituzue. Interesgarriena da ikustea ez dela Aranerrekan bakarrik egin aurkikuntza, Garmendiko koban eta Erretanizpiko koban ere badirela bestelako arrastoak ere. Erretenazpiko horretan, adibidez, zeramika batzuk topatu genituen, Goi Erdi Arokoak.

Oraindik ere atzeragokoak egon daitezke?

Bai. Aurreko urtean egindako ikerketen arabera ikusi genuen induskatzen ari garen eremutik erreka bazterreraino badaudela lau metro, hau da, beherago sedimentua behintzat badagoela. Arrasto zaharragoak topatzeko esperantza dugu.

«Uda honetarako beste ekinaldi bat aurreikusi dugu, Aranerrekako eremua are gehiago zabaltzeko»

Indusketekin jarraitzeko asmoa duzue, beraz.

Bai. Uda honetarako beste ekinaldi bat aurreikusi dugu. Gure helburuak izango da orain arteko eremua are gehiago zabaltzea, alde batetik, ikusteko nola dagoen egituratuta maila horretan topatutako Burdin Aroko etxola eta, bestetik, aztertzeko ea egon ote zen harpea biltzen zuen itxiturarik. Garmendiko kobazuloan ere arituko gara indusketa lanak egiten.

Zer esangura du zuek egindako aurkikuntzek?

Laguntzen digute testuingurua ulertzen. Azkeneko urteetan Aranzadi zientzia elkarteko kide askok egin dugu lan Oriako arroan. Aurreko urtean indusketak egin ditugu Alkizako Olatzazpiko koban eta baita Itxuraingo tumuluan ere, Jexux Tapiak zuzenduta. Gure proiektua Amasan abiatu genuen baina ikerketa beste udalerri batzuetara zabaldu dugu eta aurreko udan, adibidez, Itsasondon beste kobazulo batean aritu ginen. Beraz, ikusten dugu arituz gero emaitzak badatozela.

Zer da gaurko hitzaldirako prestatu duzuena?

Azalpenak emango ditugu irudiekin lagunduta. Horrekin batera Burdin Aroko mailan topatutako zeramika ontzia berreraiki dugu hiru dimentsiotan eta hitzaldian erakutsiko dugu. Gure asmoa da, ahal baldin bada behintzat, Villabonako udaleko web gunean zeramika pieza horren irudiak eskegitzea, jendeak jakin dezan nolakoa zen modelo osoa, detaile guztiekin.

Zuek, dena den, pieza ez zenuten osorik topatuko, ezta?

Osorik ez, baina ontziaren erdia edo topatu genuen, nahikoa puska handitan. Ontzia bera handi samarra da eta nahiko ondo kontserbatuta dago.

Zeinentzat izan daiteke interesgarria gaurko hitzaldia?

Arkeologian eta historian interesa duen edonor dago gonbidatuta. Gure udalerrian edo egunero paseatzen ibiltzen garen ingurunean, horrenbeste milaka urtetan jendea bizi izan dela jakitea zirraragarria da eta ezagutza hori partekatu nahi genuke belaunaldi gazteagoekin ere. Horri lotuta, Amasa-Villabonako Udalarekin hitzartuta, tailerrak aurreikusi ditugu hurrengo hilabeteetan herriko ikastetxeetan, erakusteko historiaurreko zenbait teknika. Dena den, gaurko hitzorduan, noski, udan indusketetan ibili diren boluntarioak espero ditugu; gonbidatuta daude behintzat. Haien lana ezinbestekoa da. Beste hainbat lanetan aritutako boluntarioak dira eta badute esperientzia. Ikaragarri estimatzen diegu egiten duten ekarpena. Azkeneko ekinaldian jende berria batu zaigu eta pozik gaude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!