Nahiz eta azken urteetan beste hainbat proiektutan aritu, zazpi urte dira Dejabu konpainiak helduentzat obra bat oholtzaratzen ez zuela. Taldekideek aitortu dute oso momentu «berezian» harrapatu dituela antzezlanak eta ospatzeko gogo horretatik jaio dela Itzulera. Konpainiako kide eta aktore den Ainara Gurrutxagak (Errenteria, 1977) aipatu du «magia» berezi batekin sortu dela: «Irudipena dugu obra berak nahi izan duen modura sortu dela, zaldi basati baten antzera, eta ia-ia atzetik joan garela gu. Hasieratik zekarren obra honek energia handia eta lehen unetik atzeman genuen gure mugak haustera zetorrela, gure beldur eta lotsak erauztera».
Ainara Gurrutxaga: «Hasieratik zekarren obra honek energia handia (...) antzeman genuen gure mugak haustera zetorrela»
Elkarrekin oholtza gainean egon eta elkarrekin bizitza ospatzeko desiotik abiatu zuten lan kreatiboa taldekideek. «Normalean denbora dezente pasatzen da hasierako desio horrek gure baitan zerbait sor dezan. Hastapenetakoa ez da prozesu intelektuala izaten eta burura etortzen zaizkigun irudiekin edo ametsekin hasten gara oholtza gainean lanean. Gidoirik gabe, abentura non amaituko den jakin gabe abiatzen gara, poliki-poliki, inprobisazio, testu txiki eta materialak josten». Kasu honetan, sormen prozesuak ekarri zizkien irudiak koloretsuak ziren, basamortua zekarkien gogora, kaktusak eta paisaia psikodelikoak. «Konbentzituta geunden Mexiko behar zuela izan lurralde hark, eta hara joan ginen, zertara gindoazen oso ondo jakin gabe». Trostan hasi eta zaldiak Atlantikoaren bestaldera eraman zituen.
Bost aste eman zituzten bidatzen, Mexiko Hirian hasi eta Yucatan penintsula bitartekoak zeharkatu zituzten eta aurrez egindako harremanei esker, mexikarren eguneroko bizitzan murgiltzeko aukera izan zuten. Hango bi konpainien gonbidapena onartu eta sorkuntzarako baliagarria izan zaien egonaldi artistikoa egin zuten bertan: «Gu gai jakin batekin baino gehiago inspiratzen gara iruditegi batekin. Plastikoki egiten dugu lan eta iradokitzailea egiten zaizkigu artea, eskulangintza, kultura, hizkuntza...». Oso inspiragarria izan zen taldekideentzat bidaia, aberatsa.
Autofikzioa lehen aldiz
Ez ziren Dejabu taldekoak Mexikotik joan bezala itzuli, «mugituagoak» baizik, eta gogoeta hori partekatu nahi dute Itzulera obra ikustera gerturatzen direnekin: «Badago identitateari buruzko jolas bat, zerbait itxia ez dela aditzera eman nahi bat; gure eguneroko desioek eta ametsek asko aldarazi dezakete identitatea. Gu geu ere jabetuta gaude horretaz», dio Gurrutxagak. Ez dira alferrik biluzten antzezlanean, lehenengo aldiz egin baitute autofikzioaren aldeko hautua: «Orain arte kontatzen genuenaren eta geure artean distantzia bat jartzeko joera genuen, baina hasieratik konturatu ginen obra honetan agertzen ziren gaiak oso pertsonalak zirela eta geure esperientziekin zerikusia zutela. Bat-batean arraroa iruditu zitzaigun, esperientzia guri buruzkoa izanik, beste batzuen izena jartzea eszenan. Pausoa ematea kosta zitzaigun baina, pozik gaude, hasierako lotsa gainditu eta ausartu ginen».
Gurrutxaga bera, Miren Alcala eta Urko Redondo dira beraz Itzulera antzerki laneko protagonistak: hiru kideek Mexikora egindako bidaia kontatuko dute oholtza gainean, krisi kreatiboan egon eta Etxepare Euskal Institutuak emandako diru laguntzarekin dokumental bat grabatzera joan dira, baina ezusteko gertakari batek zeharo aldatuko du bidaiaren norabidea. Road movie bat da eta komedia existentziala, aldi berean. «Antzezlaneko momentu batean hiru pertsonaiak aldendu egiten dira eta abentura asko biziko dituzte norbere aldetik. Geroz eta arazo handiagoetan sartuko dira eta konturatuko dira irtenbidea topatzeko elkarrekin egotean dagoela giltza. Laguntasunaren aldarri hori ere badago obra honetan, kolektiboaren defentsa eta bizitza elkarrekin ospatzeko deia egiten dugu».
Eta Gurrutxagaren iritziz, euren harridurarako, orain arte Itzulera ikustera joandakoek jaramon egin diete. Antzezlana publikoarekin partekatutako ospakizun bezala irudikatu zuten estudioan, baina eurentzat misterioa zen nola jasoko zuen ikusleak proposamena. «Oreretako Lekuonan estreinatu genuen urtarrilaren 19an eta miraria gertatu zen. Bibrazio berezi bat sumatu genuen eta ordutik eskaini ditugun saio guztietan konturatu gara barruan zerbait mugiarazten diela ikusleei; publikoak konektatu egiten du gure desioarekin, gure alaitasunarekin. Joaten garen antzoki guztietan sortzen da ospakizun komunitarioa».
Lengoaia zinematografikoa
Aldatuta itzuli ziren Mexikotik Dejabu konpainiakoak eta aldaketa hori nabari da hauen egiteko moduetan ere. Orain arteko antzezlanetan antzerki fisikoarekin eta objektuen antzerkiarekin egin dute lan, eta erreminta horiek alboratu gabe, beste lengoaia bat gehitu diote obrari: zinemagintza. David Aguilar izan dute alboan prozesu osoan eta hiru aktoreei zinemagileak laguntzen die oholtza gainean. «Aurretik narratiba bisuala landu izan dugu eta irudiak txertatu gure lanetan. Oraingo honetan, ordea, intuizio bati jarraitu genion eta erabaki genuen zuzeneko zinemagintzaren aldeko apustua egitea», kontatu du Gurrutxagak.
Ainara Gurrutxaga: «Antzerkia eta zinemagintza elkarrizketan modu horizontal batean jartzen saiatu gara»
Apustuaren tamaina bereko erronka izan da taldekideentzat: «Gaur egungo kultur sisteman badirudi bi lengoaiak elkarrengandik diferenteak direla, nahiz eta sorreran jatorri bera duten. Guretzako erronka handiena izan da antzerkia eta zinemagintza elkarrizketan jartzea modu horizontal batean, hierarkia handirik gabe, bata bestearen apaingarri izan ez zedin». Dejabuko kideek uste dute hirugarren lengoaia bat sortu dutela eta «airoso» atera direla esperientziatik: «Ederra izan da prozesua eta asko ikasi dugu, oso erronkatsua izan da. Zinea egitea oso gauza teknikoa da, konexioak eta gauza asko hartu behar dira kontutan. Esku artean genuen artefaktua oso teknikoa eta irudietan oinarritua izanik, beldur ginen iritsiko ote ginen publikora?». Zalantzak uxatu zaizkiela dio Gurrutxagak, jendeak obra nola hartu duen ikusita.
Dejabu taldearen hezkuntza-bisuala eta -artistikoa betidanik egon da lotuta objektu antzerkiarekin eta azken lan honetarako arreta berezia jarri dute, adibidez, maketen eskalan. «Ezin dugu antzoki batera joan eta han mendi bat irudikatu, baina paisaia hori maketa txiki batean sortu eta kamerarekin pantaila handian ematen badugu ikuspegi orokorragoa lor dezakegu». Paisaia onirikoak eta psikodelikoak sortu dituzte antzerki lanerako eta bertan gizaki formako miniaturak erakutsi: «Gu umore handikoak gara, baina, dena aitortzen hasita, badugu joera existentzial bat ere. Askotan egiten dizkiogu geure buruari galdera transzendentalak eta sortzen ditugun paisaia horiek kanpo begirada ematen digute; unibertso honetan ia hutsaren hurrena garela gogorarazi eta erlatibizatzen laguntzen digute».
Lantalde zabala izan dute Itzulera prestatzeko. Argi diseinuan izan dute Andoni Mendizabal, jantziak atontzen lagundu die Barbara Rassok eta Ander Fernandezek –Iban Urizar Amorante eta Ander Mujikaren laguntzarekin– osatu ditu espresuki obrarako sortutako musika piezak. «Gu hasten gara sortzen eta ez dakigu non bukatuko dugun. Lan honetan momentu musikal batzuk badaude eta, denak bilduta, disko batean prestatu ditugu. CD formatuan jartzen dugu bilduma salgai gure emanaldietan».
Villabonako emanaldian ere salgai izango da diskoa. Urtarrilean obra Errenterian estreinatu ondoren Euskal Herrian bira egiten ari dira Itzulerarekin eta, oraingoz, asteburu honetakoa izango da okasio bakarra eskualdean lana ikusteko: «Dena den, gure asmoa ez da bira berehala ixtea. Data berriak lotzen ari gara datorren udazken-negurako, beraz, aukera izango da gure lana ikusteko».
Euskarazko antzerkigintzan «ezohiko» proposamena da Dejaburena eta nola konpainiako kideei amestea gustatzen zaien ez dute alboratzen Itzulera beste hizkuntzaren batean ematea ere. Gaztelaniaz, akaso? Mexikora itzultzeko eta han eskaintzeko, agian?. «Ez dakigu gertatuko den, baina aurrena amestu egin behar omen da, gero gauzak gerta daitezen», hitz egin du ahopeka Gurrutxagak. Bien bitartean ozenki arituko dira, dantzan, kantuan, txaloka eta jendearen konpainian, igandean, Gurea aretoan, 19:30ean.