Hiru atxilotu Villabonan, «indarkeriaz» lapurreta egiteagatik

Ataria 2025eko martxoaren 28a

Tolosako tren geltokia.

23 eta 24 urte bitartekoak dira atxilotuak, eta trenean zihoan bidaiari bati objektu pertsonalak eta dirua zeramatzan maleta kendu ziotela adierazi du Ertzaintzak.

Ertzaintzak 23 eta 24 urteko hiru pertsona atxilotu zituen atzo Villabonan, beste pertsona bati lapurreta egitea egotzita. Ertzaintzatik adierazi dutenez, atzo 16:30ak aldera herritar batek poliziaren laguntza eskatu zuen Tolosako tren geltokian. Herritarrak agenteei esan zien liskarren bat izan zela tren bagoi batean.

Une horretan, poliziek trena gelditzeko eskatu zuten, beharrezko frogaketak egiteko, eta eskuan eta buruan zituen zaurietatik odola zeriola zegoen gazte bat aurkitu zuten. Biktimaren arabera, bidaian bost gazte hurbildu zitzaizkion eta arma zuri batekin eraso egin zioten, eta objektu pertsonalak eta dirua zeramatzan maleta bat kendu zioten. Antza, gazteak Villabonako  geltokian jaitsi ziren, eta horietako hiru Ertzaintzaren beste patruila batek atzeman zituen, eta indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu zituen.  

Ertzaintzak esan duenez, polizia-aurrekari ugari dituzte atxilotuek, eta datozen orduetan eramango dituzte epailearen aurrera. Ertzaintzak eginbideak irekita ditu indarkeria erabiliz egindako lapurretan inplikatuta dauden beste bi pertsonak identifikatu eta atxilotzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!