Estatus politiko berri baten alde agertu da Amasa-Villabonako Udala

Ataria 2025eko martxoaren 27a

EH Bilduren eta EAJren babesarekin eta PSE-EEren aurkako botoarekin mozioa onartu zuten asteazkeneko osoko bilkuran.

Euskal Herria subjektu juridiko-politiko gisa eta euskal herritarrek beren etorkizuna askatasunez erabakitzeko duten eskubidea modu eraginkorrean aitortzeko, Espainia eta Frantziako estatuen aurrean estatus politiko berri bat lortzea bultzatu nahi du Amasa-Villabonako Udalak, gaur egun Euskal Herria osatzen duten hiru errealitate politiko-administratiboetatik abiatuta eta bakoitzaren borondate kolektiboak errespetatuz.

Udalbatzak azkeneko osoko bilkuran adierazi duenez, funtsezko gai hauek jaso behar ditu Espainiako konstituzioaren beharrezko erreformak: Espainiako estatuaren forma politikoa aldatzeko aukera eta Errepublikaren aukera gaitzea; Espainiako estatuaren hainbat nazioen izaera eta, ondorioz, herriek duten erabakitzeko eskubidea aitortzea; eta Euskal Herriak demokratikoki eta bere borondatez estatus politiko berria adosteko egin behar duen prozesuan Espainiar estatuak oztoporik ez jartzeko bermeak artikulatzea.

Osoko bilkuran mozioa 11 botorekin onartu zen, EH Bilduren eta EAJren aldekoekin eta PSE-EEko aurkako bakarrarekin. «Hasiera batean EAJ alderdiak mozio propioa aurkeztu zuen udalbatzan jorratzeko baina, aurretik, EAJ eta EH Bildu adostasun batera heldu ziren eta azkenean bien arteko mozio bateratu bat aurkeztu zuten», aipatu dute udaleko iturrietatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!