Amasa-Villabonako Udalak AROA Euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko plana egin beharko du datorren hamarkadari begira (2025-2034), eta horretarako, Euskaran Ados lan-mahaia arloka bildu eta gaiari buruzko azterketa bat egingo du.
Lan-mahai horretan ikastetxeetako ordezkariak, Galtzaundi Euskara Taldea, Uema, udal ordezkariak, euskara teknikaria eta euskararen sustapenean interesatuta dauden herritarrak biltzen dira. «Asmoa herriko lehentasunak identifikatzea da, eta udalak datozen urteetarako plangintza egokia diseinatzea», aipatu dute udal ordezkariek.
Euskaran Ados lan-mahaiak, gaiak arloka aztertzeko egutegia proposatu du udalak:
- Martxoaren 18an, 18:00etan: familia transmisioa eta irakaskuntza.
- Martxoaren 31n, 13:30ean: arlo sozioekonomikoa.
- Apirilaren 2an, 18:00etan: aisialdia-kultura-kirola.
- Apirilaren 8an, 18:00etan: bizilagun berriak eta integrazioa.
Bilera guztiak udaletxeko batzar aretoan egingo dira eta parte hartuko duten eragileek aurreko planaren balorazioa bidaliko zaie, arlo bakoitzean azken urteetan jarritako helburuak zenbateraino bete diren jakiteko.
Gainera udalak galdetegi bat ere zabaldu du, herritarrek ekarpenak egin ditzaten. «Guztion iritzia beharrezkoa dugu Euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko plana ahalik eta adostuena izan dadin», aipatu dute udal ordezkariek.