Amasa-Villabonako Udalak jakinarazi du Amasamendin bi haize-sorgailu instalatzeko proiektuaren berri izan duela azken asteetan. Eusko Jaurlaritzak otsailaren 24an –Ander Goikoetxea herriko zinegotzi eta legebiltzarkideak egindako– galdera parlamentario bati emandako erantzunaren bidez izan zuten lehen aldiz proiektu eolikoaren berri, eta joan den martxoaren 3an jaso zuten proiektuaren bateragarritasun urbanistikoari buruzko txostena egiteko eskaera. Hori ikusita, jaurlaritzari jarduera honen inguruko informazio gehiago eskatu dio udalak, herritarrek egitasmoari buruzkoak «lehen eskutik» jaso behar dituztela iritzita.
Aldi berean, udal ordezkariek salatu dute Premier Espf Ipaz Haizea 2, S.L. enpresa ez dela beraiekin harremanetan jarri, alderantziz, haiek egin behar izan dutela saiakera enpresako ordezkariekin hitz egiteko, beti ere, «herriaren interesak defendatzeko eta ingurumen baldintzen inguruko bermeak eskatzeko».
Martxoa hasieran udaleko erregistro elektronikoan jasotako txosten eskaerari esker jakin dute Cluster Hernani proiektu zabalagoaren barruan kokatzen direla Amasamendin jarri nahi dituzten bi haize-sorgailuak, eta baita hauek 10 MW potentziakoak direla ere. Orain, Eusko Jaurlaritzari dagokio Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena ebaztea, eta udalak esan du proiektuari jarraipen zehatza egingo diola, «ingurumen arloko izapidetzea gardena izan dadin eta herritarren interesak kontuan har daitezen».
Zabalpen orekatu eta ordenatua egiteko eskaera
Orain arte esku artean duen informazioa ematearekin batera, Amasa-Villabonako Udalak energia berriztagarriekin duen konpromisoa berretsi eta defendatu du klima larrialdiari aurre egiteko energia trantsizioan giltzarria dela eolikoa –IPCC Klima Aldaketaren Nazioarteko Panelak ekimen zientifikoak adierazi izan duen bezala–. «Hau horrela, Eusko Jaurlaritzak zuzendu eta herritarren parte hartzea oinarri izan behar duen lurralde antolaketa baten beharra dugu, energia berriztagarrien zabalpen orekatu eta ordenatu bat egiteko». Udalaren ustez, energia beharrei erantzuteaz gain, herritarren interesak ere hartu behar dituzte kontutan gisa honetako proiektuek.
Energia berriztagarriak instalatzeko orain arte martxan jarri dituzten ekimenak ere zerrendatu ditu udalak: eraginkortasun altuko kaleko argiteria instalatzea; herriko eraikin publikoetan auto-hornikuntzarako panel fotovoltaikoak jartzea; eta udal kontsumo elektrikoen hornikuntzarako energia berriztagarriak kontratatzea.
Udal gobernuak gaineratu du, informazioa duten neurrian, proiektu honen garapenaren berri emango duela udaleko kanal ofizialen bidez, «gardentasun osoz», eta errepikatu du herritarren interesen defentsa egingo duela prozesu guztian.