Pantailen zentzuzko erabileraz arituko dira asteazken eta ostegunean

Ataria 2025ko mar. 11a, 18:00

Zeos programaren inguruan ari dira egunotan Villabonan, udalaren eta Aiztondoko Altxa Buruak antolatuta; Telmo Lazkano eta Maitane Ormazabal adituak dabiltza gidari.

Zeos Zentzuzko erabilera eta osasuna saretzen programa ezagutzera emateko jardunaldiak egiten ari dira egunotan Amasa-Villabonan. Bertako udalak eta Aiztondoko Altxa Burua taldeak antolatu dituzte saioak eta Telmo Lazkano eta Maitane Ormazabal adituak ari dira azalpenak ematen. Biak ere, Nerabeen garrasia liburuaren egileak dira eta, besteak beste, Espainiako Gobernuaren aditu batzordean parte hartzen dute, ingurune digital seguruak sortzeko. Aurreko astean bi saio egin zituzten eta bihar eta etzi egingo dituzte hurrengo biak, Villabonako Subijana etxeko areto nagusian, 17:00etatik 19:00etara.

Azken hamarkaden hauteman diren bi errealitateri erantzuteko sortu dute Zeos programa: alde batetik, mugikorrarekiko «adikziozko» harremana; eta bestetik, adin txikikoen artean buruko gaixotasunek izan duten hazkundea. Lazkanok dio errealitate horiek eskutik helduta datozela, «nahi baino gehiago». 
Teknologia guztia aterki beraren pean sartzen ez duten arren, adituek diote badaudela beren zerbitzura nahi gaituzten teknologiak. «Tresna hauek ez dira behin ere neutroak izaten. Euren negozio-ereduak arretaren ekonomian oinarritzen dituzte eta diseinu adiktiboak sortzen egiten dituzte ahaleginak». Errealitate horren aurrean, zentzuzko erabilera aldarrikatu du Lazkanok: «Arreta guztia teknologiak ondo edo gaizki erabiltzean jartzen badugu, aplikazio hauen benetako nortasuna hutsaldu  eta erabiltzailearengan jarriko dugu ardura osoa».

Komunitatetik eragin

Aurreko asteko bi saioetan konpetentzia psiko-emozionalarekin lotutako zenbait gai jorratu zituzten Villabonan, eta bihar eta etzi, aldiz, konpetentzia digitalean egingo dute azpimarra. «Guretzat garrantzitsua da errealitatearen ezagutza sendo bat eraikitzea, baina ez dugu geratu nahi, soilik, horretan. Baliabide praktikoak ere eman nahi ditugu egoerari erantzuteko», esan du Lazkanok. Zentzu horretan, gaurko saioan, adibidez, mugikorraren auziari helduko diote eta erabilera goiztiar eta desegokiaren ondorioak landuko dituzte, maila kognitiboan, emozionalean eta mentalean.

Amasa-Villabonan egiten ari diren saioetara herritar guztiak daude gonbidatuta, baina adituek aitortu dute jardunaldietako edukiak interesgarriak izan daitezkeela, bereziki, inguruan adingabe bat dutenentzat: «Kirol klubetako arduradunak, aisialdi taldeetakoak, irakasleak, gurasoak eta, noski, nerabeak ere gonbidatuta daude. Zeos programa herriari eskainitako programa bat da, kontzientzia pizteko sortua. Kontua serioa da, ez diogu guk bakarrik, entitate zientifikoek eta, orokorrean, komunitate akademikoak dio osasun publikoko arazo baten aurrean gaudela; auzi honi, beraz, gizarte gisa erantzun behar diogu».

Lazkanoren ustetan, erantzun komunitarioaren adibide egokia da Altxa Burua ekimena. «Asko zabaltzen ari da. 20.000 familia baino gehiago atxiki dira egitasmoaren helburu0etara». Besteak beste, nerabeengan lehen mugikorra izateko adina atzeratu eta ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune bilakatu nahi dituzte, beti ere, gurasoak bidelagun eta eredu izanik.

Nerabeak zaurgarri

«Nerabeak ezin dira arazo sentitu, konponbidearen parte baizik», gaineratu du Lazkanok eta inkestek diotena gogoratu: gaur egun, pantailen erabilera gatazka iturri da familien % 70ean. «Helduok ere zintzotasunez jokatu eta badugu gai honen inguruan zer hausnartu. Nerabeak egoera zaurgarrian geratzen dira, eta ondorioz, familiak ere bai. Ezin diegu eskatu gaitasunak garatzen ari den neska-mutilei harreman osasuntsua eraikitzeko, justu, adikzioa sortzeko diseinatuta dauden teknologiekin. Gaitasun horiek garatzen lagundu beharko diegu, erabiliak izan ez daitezen eta teknologiaren erabiltzaile izatera pasatzeko».

Biharko saioan, adibidez, gazteak pantailetara itsatsita mantentzeko erabiltzen dituzten teknika psikologikoak aztertuko dituzte eta sare sozialak eta nerabeen neurologia ulertzen saiatuko dira. Adituen esanetan, nerabeak adikzioaren sarean eroriz gero, aukera asko dituzte ondorioak pairatzeko: buruko gaixotasunak, arreta mantentzeko zailtasunak edota ziber-jazarpenak, esate baterako.

Etzi amaituko dira jardunaldiak eta, besteak beste, ziber-jazarpen baten aurrean nola jokatu azalduko dute adituek. Subijana etxeko areto nagusian egingo dira bi saioak eta irekiak izango dira, ez da aldez aurretik izena eman beharko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!