Behar Zanako pilotariak maila oso ona ematen ari dira

Ataria 2025ko mar. 10a, 16:53

Pilota elkartetik azaldu dutenez, «ez Gipuzkoan bakarrik, Euskal Herrian ere maila oso ona ematen ari dira pilotariak».

Infantiletan Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen Eizagirrek banaka, Otaegik kadetetan finala jokatu zuen 1. mailan eta Illarramendik 2.mailan txapela eskuratu zuen. Binaka Gipuzkoan kadetetan txapeldunorde geratu ziren Caballero eta Otaegi. Binaka Gipuzkoan nagusi mailan txapeldunorde 1. mailan eta ohorezko mailara plaza lortuta, finalerdietan Alberdi-Aizpuru Tolosako bikoa gailendu eta gero. Emakumezko nagusiek Gipuzkoako txapela eskuratu zuten, Arrillagak eta Erasunek. «Aipatzekoa da neska zein mutiletan parte hartze handia dugula eta emaitzak ere bikainak izaten ari direla gureek», zehaztu dute elkartetik. Eskuz banaka nagusitan finalerdia galdu zuen Olasagastik 22-21 Zazpi Iturriko Gorostidiren aurka. Ituartek irabazi zuen txapela eta Olasagastik soilik irabazi dio txapelketan. «Aipatzekoa ere, eskuz eta paletaz, bietan jokamoldea sustatzeaz gain emaitzak ere lortzen ari direla gure pilotariak». 
 
Gipuzkoako selekzioari dagokionez 14 pilotari eta 2 hautatzaile izango dira bertan Behar Zanatik. Eskuz, trinketean, mutilen jubenil mailan, Cestau, Izagirre, Oñate, Zufiria eta Iparragirre izango dira. Eskuz, emakumeen nagusi mailan, Larrarte, Erasun, Zabala eta Arrillaga.Paletaz, neskak gazte eta 22 urtez azpiko mailan, Goikoetxea, Lasa eta Aldazabal ahizpak. Hautatzaileei dagokionez, eskuz trinketean, Eneko Maiz, eta eskuz, 22 urtez azpiko eta nagusi mailako emakumeetan, Iñaki Lizaso.
 
Orain, Pasakako txapelketa jokatuko da eta txapelketako partaideen %60a baina gehiago Behar Zanaako pilotariak izango dira. Bote luzean aritu ziren irailean Gipuzkoako selekzioa ordezkatuz. Joko Garbiko txapelketa jokatzen dihardute infantil mailako gazteak eta nagusi mailakoak. «Txapelketa pribatuetan berdin, emaitza oso onak lortzen ari dira», esan du elkartetik. «Ez dakigu noiz arte iraungo duen olatu honek. Izan ere, 6.000 biztanle ez dituen herria da Amasa-Villabona eta inguruko herriak ez dira biztanle askokoak eta bertan ere pilota taldeak egon badaude. Futbolak indar asko du eskualdean, eta nesken kirolean pilotaren gainetik beste aukera asko dituzte eta aukeratzen dituzte. Bitartean saiatuko gara pilota lantzen eta sustatzen».
 
Otaegi eta Caballero, Euskal Herriko txapeldun
Otaegi eta Caballero Euskal Herriko Kluben Txapelketako txapeldun izan dira kadete mailan eskuz binaka. Lander Caballerok Eple Errenteria taldetik utzita jokatu du Gipuzkoako txapelketa eta orain berri Euskal Herriko Txapelketa, eta oraingoan bai, Adur Otaegirekin txapela eskuratu dute Leitzako Aurrera K.E. Leitza taldeko Bidart eta Alkortari 22-10 irabazita.
 
Gipuzkoako eskuz banakako trinketeko txapelketako finaletan, Imanol Zufiria kadeteetan eta Adur Otaegi jubeniletan txapeldun izan dira. Xuban Illarramendi izan da txapeldunordea kadetetan eta Inhar Iparragirre jubeniletan.
 
Miren Larrarte eta Itxaso Erasun Euskal Herriko Kluben Txapelketan txapeldunorde izan dira, eta Lea Ibarra taldeko Amaia Aldai eta Enara Gamindek irabazi dute finala. Bestalde, Uxue Etxarri eta Maddi Lasa Euskal Herriko paleta irekiko txapeldunak izan dira 3. mailan. Jubenilak dira biak, lehen urtekoak, eta merezitako txapela eskuratu dute Gasteizko Errekaleor taldeko bikotearen aurka.
 
Joanes Cestau Zizurko Lau eta Erdiko txapelduna izan da nagusi mailan. 18-4ko emaitzaz irabazi du Larraungo Eguskizaren aurka.
 
Azkenik, beste urte batez, eta badira 33 ekitaldi, Iparraldeko hainbat talderekin batera Behar Zana pilota taldea gonbidatua izan da Angeluko L'Hogar pilotalekuan amaiera duen Pilotari Ttipi txapelketa-topaketa bikainera. Aurtengoan talde hauekin pilotarekiko maitasuna elkarbanatzeko aukera izan dute: Spuc pilota (Senpere), Sarako Izarra (Sara), Noizbait (Hazparne), Abarratia (Donoztiri, Izturitze, Aiherra), Lau Herri (Arrangoitze), Hardoytarrak (Angelu) eta Aviron Bayonnais (Baiona).
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!