Aizkardiko Mendi Martxan izena eman daiteke dagoeneko

Ataria 2025eko martxoaren 6a

Argazkiak: Aizkardi mendi elkartea

Martxoaren 28a baino lehen eman beharko da izena 'Zirkuitua.com' helbidean. Bi ibilaldi prestatu dituzte martxoaren 30ean egingo duten 56. ediziorako.

Amasa-Villabonako Aizkardi mendi elkarteak 56. Mendi Martxa antolatu du. Martxoaren 30ean egingo dute eta, urtero bezala, bi ibilbide prestatu dituzte: bata luzea, 45 kilometrokoa; eta bestea laburra , 22 kilometrokoa.

Ibilbide luzea, 24. Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuiturako baliagarria izango da –14 urtetik gorakoentzat–. 2.500 metroko desnibela izango du eta, gutxi gora behera, 10 ordutan egin beharko dute parte hartzaileek. Villabonako erdigunetik 07:00etan aterako dira –ordu aldaketagatik adi egoteko gomendioa luzatu dute antolakuntzatik–.

Ibilbide motzean ateratzen direnek, berriz, 08:00etan izango dute irteera. 1.100 metroko desnibela duen ibilbidea sei bat ordutan burutu beharko dute. Besteak beste, Villabona, Eskatzu, Andatza, Juanasoro, Atxulondo, Belkoain eta Basopetatik pasako dira, berriro Villabonara jaisteko.

Aizkardiko martxan parte hartu nahi dutenek informazio guztia Aizkardi.com helbidean izango dute eta izena emateak Zirkuitua.com helbidean egin beharko dituzte martxoaren 28a baino lehen. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!