EHME Euskal Herriko Musika eta Dantza Eskolen Elkarteak piano jaialdiak antolatu ditu Euskal Herriko herri ezberdinetan, otsailaren 21etik 23rako asteburuan. Tolosaldeko Loatzo musika eskolak hartu du topaketa horietako bat antolatzeko ardura eta Villabonako Gurea aretoan egingo du, otsailaren 22an.
Miren Mujika Loatzo musika eskolako zuzendariak azaldu du urtetan Andoainen antolatu izan dela Piano Jaialdi «entzutetsua», eta hori egiteari utzi zaionean hartu duela EHMEk ardura herrietan jaialdi txikiagoak antolatzeko.
Otsailaren 21etik 23ra, Alegria-Dulantzi, Arrasate, Elgoibar, Ermua, Errenteria eta Getxon ere egingo dituzte topaketak. Otsailaren 22koan, Villabonako Gurean egingo den horretan, Loatzo musika eskolakoekin batera Hernaniko udal musika eskolakoek eta Zegamako Toberakoek hartuko dute parte.
Maitane Arretxe irakasleak azaldu duenez 55 piano jotzaile izango dira bertan. Horietatik 17 izango dira Loatzoko ikasleak, adin guztietakoak. Bi saiotan banatuko da jaialdia: 10:00etan hasiko da lehenengoa eta 11:30ean bigarrengoa.
«Topaketa hau ez da txapelketa, beraz, gozatzera etorriko dira piano jotzaileak», gogoratu du Arretxek. Loatzoko antolatzaileek lehia kutsua kendu nahi izan diote topaketari eta, beraz, jaialdiaren amaieran diploma bat, zapi bat eta goxokiak banatuko zaizkie parte hartzaile guztiei.
Mujikak azaldu du piano jotzaileek gutxitan izaten dutela okasioa jendaurrean aritzeko eta jaialdi honek, hain zuzen, aukera hori eman nahi diela ikasleei. «Gehienetan teklatu batean aritzen dira eta otsailaren 22ko jaialdian, oholtza gainean, kolako piano batean jotzeko aukera izango dute. Esperientzia polita izango da haientzat».
Herritarrei bertara azaltzeko gonbita luzatu diete Loatzo musika eskolakoek «Aukera ederra izango da zuzenean piano jotzaileak ikusi eta entzuteko», esan du Arretxek.