Espetxean daudenei euskal pilota eta bere jokamoldeak erakusten

Imanol Garcia Landa 2025eko otsailaren 12a

Behar Zana pilota elkartekoek hainbat saio eskaini dituzte Zaballa espetxean pilotaren inguruan; esperientzia «oso aberasgarria» izan dela adierazi dute elkartetik.

Behar Zana pilota elkartetik saio batzuk eskaini zituzten pilotaren inguruan aurreko udan Arabako Zaballa espetxean. «Gizarteratzeko helburuarekin hainbat egitasmo izaten dira espetxeetan», zehaztu du Iñaki Lizaso Behar Zana elkarteko kideak. «Elizbarrutiak ere horrelako egitasmoak baditu, eta lehenengoa hortik etorri zitzaigun, baina orduan pilotan jolastekoa izan zen, eta bertso-pilota ekitaldi bat egin genuen». Hori 2023an izan zen, eta orduan ikusi zuten Behar Zanakoek interes bat egon zitekeela pilotaren inguruan. «Hari horretatik tiraka hasi ginen pilotaren inguruko saio batzuk egiteko egitasmoa prestatzen, eta aurreko udan gauzatu genuen».

Espetxe batean egingo den zerbait antolatzea edozein herritako frontoian antolatzea baino konplexuagoa dela azaldu du Lizasok. «Programazio berezi bat aurkeztu behar da, eta eskaera izan daiteke barrutik interesa dagoelako edo kanpotik proposatzen delako. Kasu honetan bietatik izan zen», esan du Behar Zanako kideak. «Programazioa helburu batzuekin, eduki batzuekin eta guztia elebitan aurkeztu behar da, eta gero hori onartu egin behar dute. Bertako funtzionarioek eta gizarte zerbitzuek begiratzen dute, eta zuzendariarengana ere iritsiko dela pentsatzen dut».

Boluntariotzako egitasmoa izan da saio horiek egin eta antolatzea, espetxeek ez dituztelako horrelakoak diruz laguntzen. «Agendak-eta uztartu behar izaten dira, eta azkenean lortu genuen gauzatzea», esan du Lizasok. «Espetxean daudenek bere egunerokoa dute, eta asteburuetan ezin genuen saiorik eskaini, ez daudelako hainbeste funtzionario». Beraz, astean zehar egin behar izan zuten, eta Zaballa ez dagoenez gertu, azkenean ekainean, uztailean eta abuztuan banatuta egin zituzten zortzi saioak.

Zaballa espetxean frontoia badago, baina edozein herri txikitan frontoi hobeak daudela esan du Lizasok. «Frontoia dute eta moldatu ginen, baina neurriz baxuagoa da, zabala da aldi berean, itoginak ditu...».

HAINBAT PILOTA JOKAMOLDE

Lizaso arduradun moduan aritu zen egitasmoan, eta berarekin hainbat laguntzaile joan ziren txandakatzen. Saioen bitartez hainbat pilota jokamolde erakutsi nahi zituzten Behar Zanakoek. «Modalitate izarra edota errazena erakusteko esku pilota izan zen. Denboraz mugatuta egoten ginen, presoak beraiek ziegatik etortzen zirelako edo beste lekuren batetik, eta han denbora azkar joaten da», esan du. «Egunerokoak erakusten zigun hurrengo saioa nola planteatu».

Botarria eraman zuten, xistera, laxoa, paxakako eskularrua, xarea, erremontea ere bai... Pilotaren bilakaera eta historia ere landu zuten, eta beraientzako interesgarria izan zen. Hain justu, Behar Zana pilota elkarteak hainbat jokamolde bultzatzen ditu. «Bestalde, unitate didaktikoak prestatuta ditugu, eskoletara ere joan izan gara, eta hori dena Zaballan erakustea positiboa izan zen».

Lizasok gaineratu du Behar Zanako kideentzat «oso esperientzia aberasgarria» izan dela. «Guk ez genekien ikasle izango genituenak zer-nolako gogoz etorriko ziren, zer jarrera izango zuten. Egun batzuetan ikasle gehiago etorri ziren, beste batzuetan gutxiago, eta bi orduko tarte txiki bat besterik ez genuen; pare bat egunetan ikasle asko izan genituen, eta hori dena kudeatzen kosta egiten da». Beraien lehen asmoa euskaraz aritzea zen, baina espetxean denetariko hizkuntzak hitz egiten direla azaldu du eta elebitan egin behar izan zituzten. «Oso aberasgarria izan zen orokorrean, oso adi egoten zirelako gure azalpenak entzuten, gure proposamenak aurrera eramateko oso gogotsu eta jarrera oso positiboarekin egon ziren».

Gizarteratzeko prozesuan euskal pilotarien mundutik zerbaitetan lagundu ahal badute «pozik» daudela gaineratu du Lizasok. Saioetan parte hartu zuten presoek eskertu zieten Behar Zanakoei egitasmoa antolatu izana. «Guk pilota sustatzeko egiten dugun beste egitasmoetako bat bezala hartu dugu, eta ahal bada errepikatuko dugu esperientzia», azaldu du Lizasok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!