Bukatu dira Olaederra kiroldegiko kirol kantxa nagusiaren birmoldaketa lanak eta azpiegitura eraberrituta, kirolari eta ikusleentzat erabilgarri egongo da astelehenetik aurrera. Beatriz Unzue alkateak, Xabat Laborde Hirigintza zinegotziak eta Egoitz Ezeiza kiroldegiko arduradunak aurkeztu dituzte eraberritze lanak. Pozez adierazi du alkateak kantxa nagusiko obra integralak bukatuta, kiroldegiak bere zerbitzuen %100 eskaini ahal izango duela aurrerantzean.
Labordek zehaztu ditu egin dituzten esku hartzeak. Kirol kantxako estalki berria izan da inbertsio handiena. Udalak 423.821 euro baliatu ditu obra horiek egiteko. «Lehen kantxak zuen teilatuak arazo ugari sortzen zituen eta erabat zaharkitua geratu zen», esan du Hirigintza zinegotziak. Teilatua osorik aldatu eta 36 argi-zulo dituen estalki berri jarri dute. «Estalki berriarekin argi naturala baliatzen da eta ezarri den isolamendu termikoak kantxa barruko tenperaturak leundu ditu. Modu horretan kirola egiteko giro erosoagoa eta tenperatura leunagoak izango dira bertan». Labordek aitortu du obraren exekuzioan egindako hainbat akats direla medio, teilatuak arazo asko eman dituela ur filtrazioengatik eta itoginengatik.
Kirol pistako gainazala ere guztiz berritu dute, homologatutako egurrezko lurzorua jarriz. Pistako marren margotze lanak egin dituzte hainbat kirol diziplinetara egokituz –saskibaloira, areto-futbola, boleibola–. 161.656 euro erabili ditu udalak lan hauek egiteko. Bide batez, aurretik zeuden argi-foku alogeno zaharrak kendu eta LED teknologiako argiztapen sistema berria jarri dute. «Kantxaren argiztapena hobea izateaz gainera, energia aurrezpen nabarmena izatea lortu dugu», nabarmendu du Labordek. 45.666 euroko inbertsioa egin dute argi berriak jartzeko.
Harmailak ere eraberrituta
Kirol kantxako erabiltzaileekin akordatu dira obrak egiterakoan, baina baita ikusleekin ere. Haientzako harmailetako eserlekuak aldatu dituzte, aurrekoak egoera kaskarrean zeudelako. Eserlekuen azpiko euskarri metalikoak lixatu eta margotu dituzte. Urdin eta berde koloreko eserleku berriak jarri dituzte, herrian bi kolore horiek duten esanguragatik eta 10.376 euro erabili dituzte harmailak berritzeko. Euskarri metalikoak egokitzeko 3.135 euro gastatu dituzte.
Ikusleentzako komunak berritu eta, horietan, higiene eta irisgarritasun baldintzak hobetu dituzte 22.420 euro erabiliz. Teilatu azpiko egitura metalikoak zuriz margotu, kantxako pistak banatzeko erabiltzen dituzten lona erraldoiak eta saskibaloiko saskiak garbitu dituzte eta kirol material berria erosi.
Alkateak aipatu du azken ukitu batzuk falta direla Olaederrako kirol kantxaren eraberritzearekin amaitzeko: «Areto futbolean jokatzeko ate berriak erosiko dira, horman dauden publizitate euskarri zaharrak erretiratu eta teilatuko itoginekin behin betirako amaitzeko lanak egingo dira». Dena den, kirol kantxa «egoki eta txukun» bat izango dute erabilgarri herritarrek Unzueren hitzetan, «urte luzez egoera onean mantenduko dena».
Amaitzeko udalaren izenean alkateak barkamena eskatu die kirol kantxa erabiltzen duten herritarrei eta, batez ere, kirol elkarteei, eraberritze lan hauek pilatu duten atzerapenak sortu dizkien eragozpen guztiengatik. «Benetan sentitzen dugu eta, era berean, aurrerantzean kantxa berriarekin gozatu dezatela desio dugu», esan du Amasa-Villabonako alkateak.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!