Astelehenean, urtarrilak 13, jarri zuten ikusgai Irene Larrañaga (Azpeitia, 1972) kazetari eta argazkilariaren Insuladas erakusketa Villabonako Gurea antzokiko erakusketa gelan; hilaren 25era bitarte bisitatu ahal izango da. Zuri-beltzezko 40 argazkiz osatutako bilduma da, irla diren eta irla batean, zehazki Formenteran (Balearrak), bakarrik bizitzea erabaki duten emakumeekin izandako argazki topaketen emaitza. Formatu handian emakumeen erretratuak ikusi daitezke; formatu txikiagoan, berriz, irlako paisaia-argazkiak. «Formentera leku xarmagarria da, bidaia-katalogoetako argazkiak oso erraz sortzen diren lekua, eta nik nire Formentera propioa sortu eta islatu nahi nuen, intimoagoa. Zuri-beltzaren aldeko apustua egin nuen», azaldu du egileak.
Irudi mota batek proiektu bat abiatzeko aukera ematen duela adierazteko adibide egokia da Insuladas. Hala, 2018an, bere argazki artxiboa ikuskatzen hasi zen Larrañaga eta jabetu zen egiten zituen irudi gehienak emakumeei bakarrik egindako erretratuak zirela, bai hemen inguruan, baita bidaiatzen zuen tokietan ere. «Nire argazkilaritzan irudi errepikakor bat zegoela konturatu nintzen, eta ondorioz, erabaki nuen banuela kontatzeko zerbait; emakumeen bakardadeari buruz hitz egin nahi nuen. Betidanik esan da argazkilaritza norberaren ispilu dela. Nik aspaldi erabaki nuen bakarrik bizitzea; emakume horiek, beraz, nire ispilu ere bazirela jabetu nintzen».
Hala, berak bezala bakarrik bizitzeko hautua egin duten emakumeak ezagutzeko pauso bat ematea erabaki zuen. Gertukoengandik hasi zen, Euskal Herrian, baina beste aukera bat sortu zitzaion gune turistiko batean. Azpeitiarrak 18 urte daramatza oporretan Formentera uhartera (Balearrak) bidaiatzen, eta bertako lagun batek proiektua bertan egiteko gonbita luzatu zion. «Asko dira irlan bakarrik bizi diren emakumeak. Hara joan nintzen hurrengo aldirako, lagun horrek sei emakumeren izenak prest zituen paper banatan, eta beraiekin harremanetan jartzen hasi nintzen. Azken bospasei urtetan, 38 emakumerekin egin ditut topaketak beraien erretratuak egiteko, eta horietako batzuk izango dira erakusketan ikusi daitezkeenak».
Larrañagak duela zazpi urte egin zituen lehen argazkiak Formenteran, eta duela bi hilabete azkenak. Emakumeekin izandako topaketa guztietan ez zituen argazkiak egiten. «Batzuetan beraiekin egon besterik ez nuen egiten, baina ez ginen behin bakarrik elkartzen. Emakume bakoitzarekin dozena erdi bat hitzordu egingo nituen, kafe bat hartzeko, osteratxo bat egiteko edo bainu bat hartzeko. Batzuk asko eta ondo ezagutzeko aukera izan dut, eta dagoeneko lagunak ere bagara».
Argazkietan agertzen den emakume gazteenak 23 urte ditu, eta zaharrenak, 94 —argazkiak egin zizkionean, 90 zituen—. Formenterakoak bertakoak, 38tik 4 bakarrik dira. «Gainerakoak, beraien jaioterria utzi eta hara bizitzera joatea erabaki zuten. Egun, guztien arteko sarea oso sendoa eta handia da; elkarren artean konfiantza handia dute. Emakume horiek irla batean bizi diren irlak dira, zubi asko dituztenak, baina irlak, beraiek hala erabaki zutelako», azaldu du azpeitiarrak.
Larrañagak Formenteran bakarrik bizi diren emakumeek egindako apustua nabarmendu du. «Askotan, ingurukoek ez dute erabakia ondo ulertzen. «Zergatik?», galdetu ohi dute. Jendeak ez du ulertzen bizitzeko modu bat dela, eta uste dut geroz eta gehiago garela erabaki hori hartzen dugunak, datuek hala diote behintzat. Batzuk, nahi ez duten bakardade batean, eta beste batzuk, aukeratutako bakardade batean. XXI. mendearen lehen laurdena igarota, bada garaia horrelako erabakiak onartu eta errespetatzeko. Ondorioz, konkistatutako bakardadearen aldeko apustua egitea da erakusketaren helburua».
Emozio-kartografia bat
Behinola, beraien konfort egoera edo gunetik ateratzea erabaki zuten emakumeetako bat da Barbara, 82 urteko alemaniarra. 38 urterekin Formenterara oporretan joaten hasi, eta bertan bizitzea erabaki zuen. «Eta bertan hil nahi du», gaineratu du Larrañagak. Berarekin behin eta berriro egon zela esan du. «Bertan ezagutu dudan emakume askeena da. Askatasuna eta etorkizunari begiratzeko beldurrik eza nabarmentzen zizkidan berak, eta berarekin egon eta gero, irlan dauden lau itsasargietako batera joan nintzen, eta bertatik itsasora begira argazki bat egin nuen, berak aipatutako ideia horretatik abiatuta. Inspiraziorako leku ederra da».
Barbaraz gain, emakume gehiagoren bizipenak ezagutu ditu Larrañagak azken urteetan. Lorenak 23 urte besterik ez zituen Larrañagak ezagutu zuenean; irlako funtzionariorik gazteena zen, baina jada ez da bertan bizi. «1.000 euro ordaintzen zuen etxebizitzaren alokairua, eta oso diru gutxi izaten zuen hilabetero bizimodua aurrera ateratzeko. Denborak aurrera egin ahala, irlan ezagututako zenbait emakumek otorduak prestatzen zizkien».
Anekdota gehiago bizi izan zituela ere esan du azpeitiarrak. «Behin bainu bat hartzera joan nintzen emakumeetako batekin, eta ordubete egon ginen; proiektuagatik ez balitz, ez nuen sekula ezagutuko». Beste emakume batek kontatu zion inoiz ez zuela pentsatuko bakarrik bizitzera helduko zela. «Anaia bikiarekin bizi izan zen beti, eta beti lagundu izan zioten elkarri. Beldurra ematen zion bakarrik bizitzeak. Azkenean, animatu egin zen eta ohartu da bizitzan zeuzkan hainbat beldur gainditu dituela eta bakardadeak lagundu diola horiek gainditzen».
Irene Larrañaga: «Erretratuak egitean, argazkilariaren eta kamera aurrean jartzen denaren arteko elkarrizketa bat sortzen da».
Irlako itsasargietako batetik egindako irudia da erakusketan ikusi daitekeen paisaia-argazkietako bat. Formenteran argazkiak egitea «oso erraza» izan dela esan du argazkilariak. «Erretratuak egitean, argazkilariaren eta kameraren aurrean jartzen den pertsonaren arteko elkarrizketa bat sortzen da. Lehen aipatutako topaketetatik sortu dira beraien erretratuak, baina topaketa horietan bizitakoaren inguruan hausnartu ondoren, irlako pasealdi luzeetan jasotako paisaia-irudiek ere osatzen dute erakusketa. Argazki- eta emozio-kartografia bat da Insuladas, eta irla bera ere protagonista da».
Itsaso mugitutik, barera
Argazki bilduma hau, itsasoan barrena besteen bakardadera eta norberaren bakartasunera bidaiatzeko proposamena ere badela esan du egileak. «Erakusketa bera bidaia modura planteatu daiteke. Itsasoz soilik iritsi zaitezke Formenterara, helikopteroz ez bada. Ni joaten naizen aldiro itsasoa mugitua egon ohi da, gaur egungo gure bizitzen erritmoarekin bat egiten duena; itzultzean, berriz, bare. Erakusketa bera itsasoz hasten da, baita amaitu ere, eta nire ideia da ikustera datozenak, asaldatuta badatoz ere, bertatik lasaituago ateratzea».
Formenterarako bidaian itsaso mugitutik barera nola, 2018an, kazetaritzatik argazkilaritzarako jauzia egin zuen Larrañagak. Ikasketak amaitutakoan, telebistan aritu zen lanean azpeitiarra. Bitartean, argazkilaritza «bizitzako adiskide modura» izaten zuen. Inoiz ez nuen horretan lan egin, baina beti izan nuen ondoan. «Argazkigintza olatu-kolpeka bizi izan dut beti, joan-etorrika. 45 urterekin, telebistan 24 urtez aritu ondoren —zazpi egin zituen albistegietan lanean—, eta estresak jota nengoenean, kazetaritza aldi baterako utzi eta argazkilaritza ikastea erabaki nuen. Pasioari heldu nion, bestela pentsatzen nuen damutu egingo nintzela».
Aurrez, 9 urte zituela izan zuen lehen argazki kamera. «Nire osaba Karlos Elosegi oso argazkilari ona zen, eta berak eta izebak oparitu zidaten kamera. Nik betidanik eraman dut kamera gainean; eskolan, kuadrillan edota familian argazkiak egiten zituena izaten nintzen. Kazetaritza ikasten hasi nintzenean, argazkilaritza analogikoko eskola batean izena eman nuen. Formakuntza jaso nuen, eta laborategian aritzeko aukera izan nuen. Gerora, betidanik egin izan ditut ikastaroak, eta jaialdietan parte hartu izan dut».
Irudi bat, mila kontu
Argazkilaritzarik gabe bere bizitza «oso desberdina» izango litzatekeela aitortu du azpeitiarrak. «Idazleek idaztea behar duten bezala, argazkilariok argazkiak egitea behar dugu, eta barruan daukaguna irudien bidez kontatu. Horretarako erabiltzen dugu kamera». Jardun honek eman dion gauza garrantzitsuenetarikoa lagunak direla aitortu du. «Apur bat frikiak gara. Noizean behin Donostian elkartzen garen argazkilari talde bat ere badugu, eta gure artean kezkak eta bizipenak elkarbanatzen ditugu».
Halaber, argazkilaritza «barruan duzun guztia ateratzeko bidea» dela esan du. «Sentitzen duzuna, modu batera edo bestera, argazkian islatzen duzu». Gero, irudiekin osatutako erakusketek «esperientziak partekatzeko aukera» ematen dutela adierazi du. «Zure lanak ikusleekin partekatutakoan, zirkulu hori itxi egiten da, eta oso aberasgarria da. Insuladas hitza asmatu egin nuen, eta gertatu izan zait emakume batek erakusketa ikusi ondoren «ni ere insulada naiz» esatea.
Irene Larrañaga: «Argazkilariaren parte handi bat dago bere irudi bakoitzean; erakusten dena ez da bakarrik momentuan ikusten dena»
Erakusketaren egilearen ustez, Insuladas argazki bilduma ikusita soilik, askok bera ere ezagutuko dute. «Argazki bat, ikusten duzuna erakustetik askoz haratago doa. Paper formatuan ikusten dena soilik ikusten duzu, baina argazkilaria bera ezagutzeko modu bat ere bada. Erretratuen kasuan, agertzen den pertsona ezagutzeko balio du. Argazkilariaren parte handi bat dago bere irudi bakoitzean, eta horregatik, erakusten dena ez da bakarrik momentuan ikusten dena».
Baffest 2022 eta liburua
Larrañaga bera Baffest 2022 jaialdiko finalista izan zen. Dagoeneko 10 urte bete ditu jaialdiak; emakume argazkilari euskaldunen lana aitortzeko sortu zen, eta gaur egun, estatu osora zabaldu da parte hartzeko aukera. «Proiektua bultzatzeko modu bat izan zen. Erakusketan 40 argazki egongo badira ere, berez, 4.500 irudi inguru ditu proiektuak, eta nik 8-10 bakarrik aurkeztu behar izan nituen. Hortaz, aukeraketa egitea oso zaila izan zen. Baffestek horretan lagundu zidan, proiektuari koherentzia, ordena eta zentzua ematen. Gerora sortu zen erakusketa egiteko aukera».
Kazetaria izanik, Formenteran ezagututako emakumeei erretratuak egiteaz gain, denei galdetegi berdina egitea erabaki zuen Larrañagak, bakardadearen ingurukoa. «Erantzun horiekin eta jasotako testigantzekin, eta noski, argazkiekin ere, liburu bat egiteko asmoa izan dut buruan bueltaka. Erdibidean, erakusketa egiteko aukera sortu zen, eta bere ibilbidea egiten ari da. Hala ere, 2025eko erronka izango da liburua egitea, baina denbora eta dirua behar da horretarako, eta horretan nabil».



