Villabonako Rainbow taberna itxiko dute

Ataria 2024ko abenduaren 27a

Kontzertuak iragarri dituzte tabernaren agurrerako. Ostiralean eta larunbatean izango dira emanaldiak tabernan bertan.

Herriko Burdina, Euskal Herriko Heavy Metalaren atariak iragarri duenez urtea bukatzearekin batera itxiko ditu ateak Villabonako Rainbow tabernak. Agur esateko askotariko emanaldiak prestatu eta zuzeneko bi iragarri dituzte: gaur, abenduaren 27an, Tolosako Burni Jotzaileak taldea ariko da 20:00etatik aurrera; eta bihar, abenduaren 28an, festa pribatua egingo da, 19:00etatik aurrera, Basati eta Meliora taldeekin.

Rock gogorraren eta heavy metalaren zaleen txoko estimatuetako bat izan da azken urteetan. Hiru hamarkadako ibilbide luzeari segida emateko duela lau urte Pablo Eguzkizak hartu zuen tabernaren martxa. Arduradun berriak 50 kontzertu baino gehiago antolatu ditu Rainbowen eta, gainera, Hellbona jaialdiaren sorrera bultzatu du.

2024arekin batera agurtuko da Villabonako Kale Nagusian dagoen taberna.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!