Opariak banatu ditu Elkartasun Sareak

Ataria 2024ko abenduaren 26a

Fleming herri eskolaren eta Zubimusu ikastolaren laguntzaz egin dute jostailu bilketa eta Elkartasun Saretik eskerrak eman dizkiete egin duten lanagatik.

Herriko bi ikastetxeetako zuzendaritzaren, ikasleen eta gurasoen inplikazioari esker, aurtengo Eguberrietan Olentzeroren bisita jaso dute Amasa-Villabonako haur guztiek. Elkartasun Sareak Fleming herri eskolak eta Zubimusu ikastolak egindako lan «bikaina» eskertu eta aipatu du ekimenak arrakasta «handia» izan duela. «Egoera ekonomikoa ez da izan oztopo opariak jasotzeko eta ziur gaude ekarpenak irribarre bat baino gehiago marraztu duela haur eta familia askotan».

Jostailu bilketarekin ikasleei transmititu zaizkien balioetan egin du azpimarra Elkartasun Sareak: «Orainaldian ereiten duguna etorkizuneko gizarte batean jasoko duguna izango da, horregatik zorionak eta eskerrak eman nahi dizkiegu ikastetxeei». Sareko kideei «funtsezkoa» iruditzen zaie hezkuntza eragileek agertu duten inplikazioa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!