Lehen aldia da Amasa-Villabonako Udalak 8 milioitik gorako aurrekontua duela. Azaroan onartu dituzte datorren urterako diru kontuak EH Bilduren aldeko zortzi botorekin eta bost abstentziorekin —EAJ eta PSE alderdienak—. Iazkoarekin alderatuta, %4,7 handiagoa izango da eta udal gobernuak «orekatu, jasangarri, eta izaera sozial handikotzat» jo du aurrekontua. Beatriz Unzue alkatearen esanetan Amasa-Villabonak dituen beharretara «ondo» egokitutakoa da.
Aurrekontuaren zati handi bat gastu arruntek eta udal zerbitzuek eramango dute —3,3 milioi euro— eta, ia kopuru bera, pertsonal gastuek —3 milioi euro—. «Ia zortzi puntuko igoera izan du atal honek eta udal langileen soldaten igoera %2,5 igotzea aurreikusi dugu. Horri langileen egonkortze prozesuek sortutako gastuak, eta langileen formakuntza eta praktikaldietarako ordaindu beharrekoa gehitu behar zaio», esan du Unzuek. Dena den, nabarmendu du gastuari eusteko «arduratsu» jokatzen dutela, adibidez, alkatetzako gastuekin: «Aurrekontua helburu alderdikoietara bideratzea ekiditeko, erabaki dugu udal gobernuak kudeatzen dituen partidak ia minimora murriztea». 2025ean alkatetzako gastuak aurrekontu osoaren %2,03 suposatuko dute —2019an %4,32koa zen kopurua—.
INOIZKO SOZIALENA
Gizarte Zerbitzuen sailak ia 800 mila euroko aurrekontua izango du datorren urtean, sekula izan duen altuena. Udal gobernuak azpimarratu du EH Bildu alkatetzan dagoenetik gastu soziala ia bikoiztu egin dela, 408 mila eurotik 794 mila eurora. «Herrian bizi diren pertsona guztien ongizatea da gure iparrorratza. Oinarrizko eskubideak eta bizi baldintza duinak bermatu nahi ditugu guztiontzat; diskriminazio eta bazterkeriarik gabeko herria izateko lan egingo dugu», argudiatu du alkateak.
Udal ordezkari eta teknikariak jabetu dira geroz eta laguntza sozial handiagoa behar dutela herritarrek. «Ez dakit behar handiagoa dagoelako ote den edota jendeak informazio gehiago izan eta gehiago jotzen duelako Gizarte Zerbitzuetara». Nabarmena da, adibidez, etxez etxeko laguntza zerbitzuko aurrekontuak izango duen gorakada: aurten 210 mila euro izatetik, datorren urtean 372 mila izatera pasako da.
Alkateak azpimarratu du herriko zaintza sistemaren inguruko diagnostikoa egiten ari direla une honetan eta datorren udaberrirako espero dituztela emaitzak. Besteak beste, eguneko arreta zerbitzu bat herrian nola eskaini aztertuko dute datorren urtean Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. «Gizarte politikak zabaldu eta indartu, politika feministetan sakondu eta zaintza arloan ditugun erronka handiei indarrez heldu nahi diegu».
Asmo horiek aurrera eramateko herriko eragileen laguntza izango dutela nabarmendu du Unzuek eta aipatu du elkarte sare zabala osasuntsu mantentzeko aurten ere diru laguntzak banatuko dituztela: «Behetik gora, herriko elkarteetatik sortzen diren egitasmoak eta ekintzak sustatzen jarraitzea funtsezkoa da guretzat». Ekinart artisau elkarte berria diruz lagunduko dute eta Oinkari dantza taldeak 50. urteurrena ospatzeko ekitaldiak antolatzeko gehikuntza izango du urteroko laguntzan. Horrekin batera, honako elkarte hauek ere izango dute igoera laguntzan: Salbadora jubilatu elkarteak, Fleming herri eskolako guraso elkarteak, Triatloi elkarteak eta Billabona FKEk.
INBERTSIO ZAHAR-BERRIAK
Amasa-Villabonako alkateak onartu du nahi baino diru gutxiago geratuko zaiela datorren urtean inbertsioetarako, orotara, 267.314 euro. «Lerro batzuk zabaldu eta partida horietan diru bat gorde dugu, nahiz eta badakigun kopuru hori baino gehiago beharko dugula aurreikusitako inbertsioak gauzatzeko. Behin aurtengo kontuen likidazioa egin ondoren hornituko ditugu partida horiek diruz». Besteak beste, Fleming herri eskolako lanak, Olaederra kiroldegiko erreformak, Arratzaingo bide segurtasuna hobetzeko lanak eta kiroldegiko teilatuan eguzki panelak jartzea aurreikusi dute.
Egitasmo horiekin batera, aurten gauzatu gabe geratutako inbertsioak datorren urteko aurrekontuan txertatuko dituzte eta alkateak lau behintzat azpimarratu ditu: Txermingo aparkalekua berritzea, Graficas Leizaolako pabiloia eraistea, liburutegia eraberritzea eta Erreboteko plazan ur parkea eta komun publikoa jartzea. «Horrekin batera, Amasako errepidea zabaldu eta espaloia eraikitzeko obrari garrantzi handia ematen diogu. Gure nahia da datorren urtean proiektua gauzatzen hastea, aldundiarekin lortu genuen akordioa gauzatuz». Kaleak garbitzeko makina berria erostea, argiteria publiko berria jartzea edota oinezko zubiko lurzorua aldatzea ere sartzen dira datorren urterako inbertsio planaren barruan.
Egitasmo hauekin batera kanpaina ezberdinak ere aipatu ditu alkateak. Horien artean, etxeko animalien eta herritarren artean bizikidetza kanpaina bat martxan jartzeko 15.000 euro jarriko dituzte. Bestalde, Euskaraldian ahalegin berezia egingo du Euskara sailak eta 6.000 euroko partida erabiliko du herrian kanpaina garatzeko. Amasamendiko eremuan mantenu lanak egiteko 25.000 euro erabiliko dituzte datorren urtean eta Hirigintza eta zerbitzuen sailak ere izango du igoera nabarmena, datorren urteko Santio jaietako muntaketa eta garbiketa lanak sail honek hartuko dituelako bere gain.
Alkateak esan du euren esku dagoen guztia egingo dutela egitasmo hauek errealitate bilakatzeko nahiz eta erronka «handia» izango den udal gobernuarentzat. «Maite dugun Amasa-Villabonaren etengabeko hobekuntza prozesuan aurrera urrats handiak lortzeko, gure onena emateko prest eta gogotsu gaude», aipatu du Unzuek.
OPOSIZIOKO ALDERDIEN ABSTENTZIOA
EAJk sei zuzenketa aurkeztu dizkio aurrekontu proiektuari eta hiru onartu dizkio EH Bilduren gobernuak. Besteren artean, landa eremuko herritarrentzat taxi zerbitzurako jarritako dirua handituko da ekarpenari esker. Dena den jeltzaleak abstenitu egin dira: «Gobernuak aurrekontuaren onurak nabarmendu eta, aldi berean, dituen inperfekzioak maisuki estali ditu».
PSE ere abstenitu egin da aurrekontu bozketan: «Lehentasunezko partidak jaso, eta bizi kalitatea hobetzeko funtsezko ekintzak alde batera utzi dituzte». Sozialistek jarritako emendakinak baztertu egin ditu udal gobernuak, EH Bilduk dioenez euskara sailean murrizketa handiak proposatzen dituelako.