Bihar zabalduko dira Villabonako pop-up dendako ateak. Leku jakin batean eta denbora jakin batean kokatzen den denda da honakoa, eta aurtengoak ere badu bere kokalekua. Villabonako Kale Berriko 35. zenbakian dagoen Kimuri tailerrean zabalduko dute herriko lau diseinatzaile artisauek. Urtarrilaren 5era bitarte egongo dira bertan, euren lanak erakusten eta saltzen. Ordutegia ondorengoa da: astearteetan goizez bakarrik izango da, 11:00etatik 14:00etara; osteguna, ostiral eta larunbatean goiz eta arratsaldez, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; eta igande, astelehen eta asteazkenean itxita egongo da.
EkinArt elkarteak zabalduko du pop-up denda. Hain justu, uztailean sortu zuten elkartea herriko artisauak diren Mirari Errandosoro (Kimuri), Susana Carretero eta Maria Barrena (Sualma, egurrezko jostailuak) eta Helena Agellek eta horiek izango dira dendako arduradunak. Denda Eguberrietan zabaltzeko ohitura izaten dute, Errandosororen ustetan hori izaten baita salmentarako eta erosketarako «garai onena».
Hala ere, sortzaileek egiten duten lana ikusarazteko helburuarekin zabaldu ohi dute eta antolatzaileek nahiko lukete jendeak balioa ematea egiten duten lanari. «Denda ez dugu salmentarako bakarrik jartzen, emakume artisauok lana nola egiten dugun erakusteko ere jartzen dugu. Herritarrek ez badute lana nola egiten dugun ikusten, ezin izango dute gure lana baloratu», esan du Errandosorok.
KOMERTZIO ITXIAK BERRESKURATUZ
Denda zabaltzen duten laugarren aldia izango dute, eta aurtengoak kokaleku berria izango du. Lehen bi urteetan, Kale Berriko 60. zenbakiko Roteta dendan zabaldu zuten eta joan den urtean, berriz, Apatx taberna atzeko lokalean. Aurten, Kale Berriko 35. zenbakira lekualdatu dira. «Azken urteetan komertzio asko itxi dira herrian eta gure helburua horiek berreskuratzea ere da», azaldu du Carreterok. Helburu horrekin ere antolatu ohi izaten dute uztailean Santio jaietako OtsabiFest arte azoka Otsabi parkean.
Hala ere, Errandosorok urtean zehar beste erabilpen bat ere emango dio espazio berriari. Izan ere, hemendik aurrera, Kimuri tailerra izango da. «Etxean egiten dut lana, baina espaziorik gabe geratu naiz eta, arrazoi horregatik, lokala urte honetarako alokatzea erabaki dut», azaldu du artisauak.
ESKAINTZA BEREZIA
EkinArt-en biltzen diren aristez gainera, Analó, Baobab, Estherdedonosti, Marapilo eta Miriam Loidi artisten lanak ere izango dira eskura. Gerturatzen direnek, gainera, eskaintza zabala izango dute aukeran; egurrezko jostailuak, eskuz egindako haori bakar eta pertsonalizatuak, koadernaketa, boltsa sostengarriak eta bordatuak, arropa edota bitxiak, besteak beste.
Urtarrilaren 5era bitarte opari berezi bat erosteko leku ezin aproposagoa izango da pop-up denda, Carreteroren esanetan: «Artisau lanak horrelakoak izaten dira, bakarrak. Alegia, ez du beste inork berdina izango. Horregatik, zer dago hobeto gure produktuetako bat oparitzea baino?».
Beste edizioetan jaso duten erantzuna «primerakoa» izan dela diote eta oraingoan ere hala jasotzea espero dute. Hala ere, dendara gerturatzeko eta emakume artisauen lana babesteko deia egin nahi izan diete herritarrei: «Azokan parte hartuko duten emakume artisau askok jada gutxi ibiltzen dira azokaz azoka. Beraz, zerbait berezia nahi duenak gure dendan eskuratzeko aukera izango du».
POP-UP DENDA
- Artisau parte hartzaileak
- Kimuri. Eskuz egindako haori bakar eta pertsonalizatuak.
- Sualma. Egurrezko jostailuak.
- Helena Agell. Koadernaketa.
- Analó. Boltsa sostengarriak eta bordatuak.
- Baobab. Arropa eta opariak.
- Estherdedonosti. Olio-pintura, zeta, kamisetak, txaketa pintatuak.
- Marapilo. Pieza bakarrak (osagarriak, dekorazio objetuak).
- Miriam Loidi. Artilea eta arropa birziklatua.
- Kokalekua: Kale Berria, 35. Villabona.
- Ordutegia: Abenduaren 12tik urtarrilaren 5era
- Astelehen, asteazken eta igandean. Itxita.
- Asteartea. 11:00 - 14:00.
- Osteguna, ostirala eta larunbata. 11:00 - 14:00 / 17:00 - 20:00.