Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2024

«Puntu erdi asko galdu nituen bidean»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko abe. 16a, 17:00

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean hirugarren izan da Oihana Iguaran amasarra; puntu erdiagatik ez du lortu buruz burukora igarotzea.

Alaia Martinek jantzi zuen, larunbatean, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapel preziatua. Lehen fasea amaituta, zenbait bertsozaleren kinieletan Oihana Iguaran (Amasa-Villabona, 1991) ageri zen oiartzuarrarekin batera buruz burukoan, baina ez zen hala gertatu. Beñat Gaztelumendirengandik puntu erdira besterik ez zen geratu amasarra, eta azkenean, hirugarren izan zen.

Aurreko bi finaletara sailkatu izanak hirugarrenez sailkatuko zinela iradoki zezakeen, baina nola bizi du hori norberak?

Presio puntu bat dauka, baita pribilegio posizio bat ere. Lehen aldi horrek sortzen duen poz eta ilusio olatu hori jada ez da existitzen. Aparra jaitsi egiten da eta espektatiba bat geratzen da; eta horri erantzun beharrak halako estuasun bat sortzen du. Gure kasuan, zaleak gertu izaten ditugu, eta badakite zaila dela. Ulertzen dute atzean dagoen lana, baina halako egonarri bat ere sortzen dizu. Badakizu zer den, badakizu iritsi zaitezkeela, prest zaude, eta nik baneukan oholtzan hori sentitzeko gogoa. Hori frogatu nahi nion nire buruari, eta pozik nago.

Oro har, nola bizi zenuen finala Illunbeko oholtzan bertan?

Ilusio eta poz handia neukan, eta hortik nahi nuen kantatu; eta sentitu nuen hori. Illunbera iritsita, polit topatu genuen plaza. Nik, pertsonalki, eskertu nuen oholtza ohi baino baxuago eta jendearengandik gertuago egotea. Egiturak berak plazago egin zuen finala. Gure artean ere, talde sentipen ona neukan. Bagenekien bertsolaritzaren korronte berriak ere badakiela bertsotan, eta saio on bat egin genezakeela, izen handiko bertsolari batzuk hor egon ez arren. Hori ere uste dut sentitu zela, bakoitzak beretik eman zuela.

Lehen ariketan, Nerearekin aritu zinen, librean. Nola sentitu zinen?

Librean egin behar horrek zozketaren aurretik ekarri zuen eztabaida: zein norako zegoen prest. Neurria hautatzeko aukera batzuk jarri genituen mahai gainean. Kontuan izan behar zen jendea zenbat arriskatzeko prest zegoen, ariketa puntuatuena zelako, pisu handiena zuena, eta hori ere errespetatu behar da.

Zozketan, zortzigarren postuan egokitu zitzaidala ikusi nuenean, banekien saioari eutsi behar niola, beste tenple batean egon behar nuela. Ariketa guztietan azkena izateak ere eragiten du. Ez da erosoena, ezta errazena ere, baina eragiten ez uztea zen helburua; behintzat, horri eustea. Bakarkakoa kantatzera zoazenerako, adibidez, bertsozalea nekatu egin da; hori antzematen da eta badakizu.

Zortziko handian aritu zineten denak, bi gazteenak izan ezik.

Anerrek egin zuen doinu horretarako proposamena, eta oso polita iruditu zitzaidan; berarekin egokituz gero, ziur egingo nukeela. Azpimarratzekoa eta txalotzekoa da beraien lehen finalean, lehen ariketan, horrelako arriskua hartzea. Eta gero egin zuten ofizioa zer esanik ez!

Zortziko txikian, Andonirekin egin zenuen bertsotan.

Gogo handia nuen, berarekin sekula kantatu gabe nengoelako. Gainera, berak asmatu zuen. Ni ere bila aritu nintzen, baina ez nuen argitasunik eduki asmatzeko, kolperik jotzeko. Hortaz, berari lana errazten eta elkarrizketari eusten saiatu nintzen, distira handirik gabe.

Puntu-erantzunetan itxurakeriaz aritzea egokitu zitzaizun. Gustura?

Bai. Oro har, gai politak iruditu zitzaizkidan.

Hamarreko txikian, bertsolari puntuatuena izan zinen. Noka bizian aritu zineten Aner eta biak. Oso gustura sumatzen zitzaizuen.

Opari bat izan zen. Pozik nago, gauzak aurka etorri zitzaizkidanean izan nuen lanerako jarrerarekin. Gauzak alde etortzean, ikaragarri gozatu nuen, eta hamarreko txikia da horren adibide. Anerrekin kantatzeko gogoa nuen, eta azken unean berak egindako proposamena izan zen hikaz egitea. Halaber, gaia asko eskertu nuen, egunerokoan bizi dugun gatazka bati kantatu ahal izateagatik. Uste dut publikoak ere eskertu zuela. Elkarrizketa ederra joan zen.

Eta ganbarako lanean, ikerlari postuan, nola sentitu zinen?

Gaia entzutean ez zitzaidan erraza egin. Burura etortzen zitzaizkidan ideia gehienekin, «honi buruz jada kantatu dute», pentsatzen nuen. Ideiak eta arrazoiketak bilatzen eta alboratzen aritu nintzen etengabe. Azkenean, ikuspegi feministatik heltzea erabaki nuen. Halako batean, hasi behar nuela sentitu nuen. Oraindik ez dut nire bertsoaldia entzun. Ez dut indarrik hartu. Pena daukat, gaia presaz hartu nuelako, axola zaidana, eta sentipena dut hobeto egin ahal nuela. Sentsazioa dut ez nuela asmatu. Hala ere, pozik eta eskertuta nago, jende multzo batek ulertu zuelako zer esan nahi nuen.

Sentsazio onak zenituen behin lanak amaitzean?

Nahiko pozik nengoen, egindako lanarekin. Hala ere, ganbarakoari bueltak ematen jarraitzen nuen. Hala ere, sentsazioa nuen final ona egin genuela, eta lehen finala zutenek izugarri asmatu zutela. Korronte berrietatik ere bertsotan ondo egiten dela frogatu zen. Oso pozik nengoen, Alaia denon gainetik ikusten nuelako, eta buruz burukora edozein pasata ere berak irabaziko zuela pentsatzen nuen.

Alaiak txapela irabazi zuela jakitean irribarre handi bat zenuen aurpegian, eta zuk agurra kantatu ondoren, gogoz besarkatu zenuen. Zuretzat ere sari bat izan zen berak irabaztea?

Bai; jende askorentzat nik uste. Ibilbide bati aitortza bat da. Alaiak bide oso luzea egin du, sakrifizio handiz betetakoa, eta uste dut sabaitxo bat ere puskatu zela. Gipuzkoan txapeldunak ez dira hainbeste, eta emakume bakarra zegoen tartean, Maialen Lujanbio. Horrelakoak, araua berresten duten salbuespen modukoak izaten dira. Orain, bigarrena iritsi da, indartsu. Duela zortzi hilabete erditu da. Bere gorputzaldia eta bularraldiarekin heldu da txapelketara. Bularreko minez egon zen oholtzan, eta ganbaratik bularra ematera jaitsi zen; lo egin gabe etorri zen... Horri, publikoki, gorputza eta ahotsa jartzea, maila horri uko ez egitea, kontziliazioari aitortza bat ere iruditzen zait. Sekulako meritua dauka, eta noizbait kontuan hartuko dugu.

Buruz burukoa jokatzetik puntu erdira geratu zinen. Non uste duzu lor zenezakeela bigarren fasera sailkatzeko falta izan zitzaizun puntua?

Puntu erdi asko galdu nituen bidean. Zortziko handian ez dut uste; nahiko lan egin nuenaren irudipena daukat. Zortziko txikian, akaso, bai, ez nuelako asmatu. Puntu-erantzunetan, hobetzeko gauza dezente utzi nituen. Hamarreko txikian ez, oso pozik geratu nintzelako egindako lanarekin. Ganbarara joan ginenean, sentitu nuen buruz burukorako aukeraren bat baneukala, baina bakarkakoa egin ondoren, banekien ezetz, irrist egin nuelako. Amaieran, pozik nengoen, buruz burukotik hain gertu geratu nintzela jakinda.

Izan al zen finalean zeure burua harritu edo liluratu zuen bertsoaldi edo momenturik?

Gainerakoen ganbarako lanak ez ditut entzun oraindik, eta lauso daukat bertan entzun nuena. Gogoan daukat gazteek lehen ariketan egindako apustua; gogoan dut zeinen ondo aritu ziren, freskura handiarekin, elkarri erantzunez. Berdina sentitu nuen zortziko txikian, Andonik berak lehen bertsoan patata bixiena bota zidanean.

Benito Lertxundiren kantu batean oinarritutako doinua plazaratu duzu txapelketan, baina finalean ez zenuen erabili. Zer dela eta?

Izugarri gustatzen zaidan kantua da. Ez da kasualitatea bertso saio musikatuetan, musikariek saioa hasi aurretik jo izan dute, eta beraz, bertsogintzaren eremu eder batekin konektatzen nauen doinua da. Udan, bertsotarako egokitzen hasi nintzen, bertso eskoletan probatzen. Txapelketako lehen saioan ez nuen erabiltzeko modua topatu, eta bigarrenean, kasualitatez Benitok berak oholtzak utziko zituela iragarri eta egun gutxira, erabili nuen; omenaldi kutsu bat izan zuen. Finalean, baina, hasieratik nuen Xorieri mintzo zen kantuaren doinua erabiltzeko gogoa. Badu zerbait berezia.

Alaiak etxeko bi txikiekin ospatuko zuela esan zuen. Izan al zen ospakizunik zure etxean?

Bai, noski. Besarkada eta animo ugari jaso ditut. Etxekoak beraien protagonismoaren zain ere egon dira; egun batzuetan errespetatu dituzte nire beharrak. Orain, baina, ama eske daude, eta orain beraiei denbora eskaintzeko gogoz nago. Gainera, ez zuten finalera joaterik izan, eta niretzat hain garrantzitsua den data batean bertan ez egoteak sentsazio arraro bat sortu ninduen. Hala ere, keinuak izan ziren oholtzatik, beraiek ulertu zituztenak.

«Gipuzkoak buruz buruko bat ez ezik txapel bat zor dio Iguarani, eta iritsiko da zor hori kitatzeko eguna» zioen Gorka Azkarate bertso-analistak atzoko Berrian. Irakurri duzu?

Bai, atzo irakurri nuen.

Eta?

Beno, zorrak oso subjektiboak izan daitezke. Nik bai sentitzen dudala bertsoarekiko zor handi bat, zorionez, plazaz plaza eta bertsozalez bertsozale kitatzeko aukera izaten dudana. Bide eder bat daukat aurretik, eta oraindik gauza asko egin ditzakedala uste dut, eta ez justu sari edo lorpenei begira. Urrun ikusten dut helmuga, sabaia edo bukaera, eta lanerako gogoz eta ilusioz nago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!