Gaur goizean ere elkartasuna nagusi izan da Villabonan. Izan ere, paralisi brakial obstetrikoaren eguna da gaurkoa eta egitarau zabala antolatu du Adayo Pbo elkarteak, herriko zenbait eragileekin elkarlanean. Besteak beste, Villabonako Udala, Irrika Aisialdi Taldea, Behar Zana Elkartea, Itzalpe taberna, Xiker taberna, Angulas Aguinaga, Insalus eta Lizarra kanpina.
Erreboteko plazatik eman diote hasiera festari eta kalejira egin dute kale nagusian barrena, Kristina Solanoren ikasleen zein Besamotza Konpartsaren laguntzaz. Trikiti eta panderoen erritmora, erraldoi eta ipotxen atzetik joan dira herritarrak. Bidean herritar ugari gehitu dira festara.
Ondoren, Go!azen-eko aktoreekin argazkia ateratzeko aukera izan dute bertaratu direnek, eta horren ostean, martxa solidarioa egin dute herrian zehar. Jolasean aritzeko, eskulanak egiteko edota tripa betetzeko hainbat gune ere izan dira, baita Adayo elkartearen merchanding-a erosteko postua ere.
Adayo Pbo elkartea
Paralisi brakial obstetrikoa pairatzen duten haurren guraso eta helduek osatzen dute Adayo elkartea helburu zehatz batekin: «Prebentzioarekin murrizten laguntzeaz gain, lesioaren berri ematea eta horren inguruan kontzientziatzea».
Adayo elkarteak azaldu duenez, «paralisi brakial obstetrikoa goiko gorputz-adarrean mugikortasuna edota sentikortasuna galtzea da, plexu brakialeko nerbioetan izandako lesioaren ondorioz». Lesio hau erditze zailekin lotzen da. Alegia, jaiotzean, kanporatze-unean burua irten den unean, baina ez, ordea, harrapatuta geratzen diren sorbaldak. Amaren pubisaren sinfisiaren atzean geratzen dira sorbaldak trabatuta, eta indar handiegiaz eta behar ez bezala trakzionatzen da. Eta horren adibidea da Izadi Urbano billabonatarra eta Adayo Pbo elkateko kidearen egoera.
Informazio gehiagorako Adayo Pbo elkartearen webgunean lor daiteke.