Inauterietako pilotakadaren auzia

Polizia indarkeriaren hainbat biktima igo dituzte oholtzara, Villabonako Elkartasun Jaialdian

Ataria 2024ko abenduaren 15a

1.400 sarrera saldu zituzten atzokoan Errebote Plazan egin zen Elkartasun Jaialdian. Arratsaldetik goizaldera hamaika kontzertu izan ziren, eta iluntzean, ekitaldia egin zuten.

«Otsailaren 12an Tolosan gertatu zenak Amasa-Villabonako herritarron biziak astindu zituen», esan zuten ekitaldiaren hasieran Xuhar Herri Plataformako kideek. Ordutik hainbat ekimen burutu dituzte, eta atzokoa, «Xuharrez gain, indarkeria polizialaren biktima guztiak omentzeko» antolatutako jaialdia zela esan zuten plataformatik. «Ezin ditugu biktima guztiak oholtzara igo, tamalez, ehunka eta ehunka pertsona zauritu edo erail baititu poliziak», gaineratu zuten gonbidatuak aurkeztu aurretik. Txalo artean ondorengoak igo ziren oholtzara, eta bakoitzari gertatua honela azalduz Xuhar Herri Plataformatik:

  • Iñigo Cabacasen lehengusua eta laguna. Iñigo Cabacas 2012ko apirilean Ertzaintzak erail zuen gomazko pilota batekin, buruan jota.
  • Mikel Ayestaran eta Margari Olano. Remi Ayestaran 2009ko uztailean Ertzaintzak erail zuen Villabonako herrikidearen anaia eta ama.
  • Aingeru Zudaire. 2012an greba orokor batean polizia nazionalaren pilotakada batek itsu utzi zuen begi batetik.
  • Amaia Zabarte eta Joseba Novoa. Aurten, Realaren partida bat ikustera joan eta Ertzaintzak pilotakada batez zein ostikoz jo zuen Amaia Zabarte, kalte larriak utziz.
  • Carles Guillot. Polizia nazionalak begia galduarazi zion 2021ean.
  • Rogel Español. Polizia nazionalak begia galduarazi zion 2017an.
  • Ester Quintana. Eskuadra Mossoek begia galduarazi zion 2012an.
  • Xuharren familia ordezkatuz, Xuharren amona.
  • Xuhar Pazos. Aurtengo inauterietan, Ertzaintzak pilotakada batez begi batetik itsu utzi duen Amasa-Villabonako gaztea.

Oholtzan, guztiei Xuhar Herri Plataformaren zapia jarri zien. Hori nork egin zuen honela azaldu dute plataformatik: «Eiderrek jantzi die zapia. Eider oholtzara gonbidatua zegoen, Xuhar zauritu zuten egunean berak ere buruan pilotakada bat jaso zuelako. Zorionez ez ditu ondorio larriak pairatu. Horregatik, nahiago izan du berari zapia janztea baino berak jartzea besteei».

Ekitaldiaren amaieran, Xuharren aitak hitz egin zuen: «Familiak, biktimei aitortza egiteaz gain, gaur hona elkartasunez etorri zareten guztioi eta lanean ari zareten guztiei eman nahi dizkizuegu eskerrak, mila esker bihotzez. Nola ez, ezin dugu ahaztu hiru hilabete hauetan asteartero bildu den lan taldea, mila esker zuei ere gure ondoan egoteaz gain, gu lagundu eta babesteagatik. Mila esker. Besterik gabe, jarraitu jaialdiaz errespetuz gozatzen. Indarkeria polizialik ez! Bada garaia gauzak aldatzeko!».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!