Oria merkatari elkarteak Erosiz, piztu ditzagun kaleak kanpaina jarri du martxan Eguberri jaietarako. Ekimenarekin tokiko merkataritzak herrietako eguneroko bizitzan duen zeregina nabarmendu nahi du, «kaleei argia, segurtasuna eta bizitza emanez».
Bezeroei egindako erosketekin txartelak banatuko zaizkie elkarteko dendetan eta erosleek momentuan jakin ahal izango dute txartelek saria duten edo ez. Honako zuzeneko sariak daude banatuta: Hika txakolindegian bi pertsonentzako menu gastronomikoa, 220 euroan baloratua; Spa La Perlan egonaldia eta bi pertsonentzako otordua, 184 euroan baloratua; 87 telazko poltsa; eta erosketa txekeak, 200 euroko bakarra, 100 euroko bi, 50 euroko lau eta 25 euroko zortzi.
Abendu amaieran 2025eko mahai egutegi berezi bat banatuko da Oria merkatari elkarteko kide diren dendetan. Kale eta denden aspaldiko argazkiekin osatu dute. Elkartetik esan dute «mimo» handiz presetatu dutela eta eskerrak eman dizkiete argazkiak utzi dituztenei.
Jarduerak familientzat
Merkataritzarekin lotutako jardueretan parte hartzeko, hainbat ekintza antolatu ditu Oria merkatari elkarteak. Olentzero eta Mari Domingiri eskutitzak idazteko aukera izango dute gaztetxoenek; ikastetxeetan eta dendetan banatuko dira eta, gero, Txistulari eta Berdura plazetan dauden Olentzero eta Mari Domingi erraldoien saskietan utzi ahal izango dira. Gainera, etxeko txikiak bertako saltokiak ezagutu ditzaten, erakusleihotik erakusleihora saltoka ibiliko den Galtzagorri baten bila aritu beharko dira; abenduaren 9tik 30era egingo da ekimena martxan eta umeek Galtzagorri aurkitzen dutenean dendara sartu eta euren izen-abizenak eta telefono zenbakia eman beharko dituzte zozketa batean parte hartzeko. Gure Zirkuaren urtarrilaren 4ko emanaldirako bost sarrera bikoitz zozkatuko dira.
Eguberrietako jardueran eskaintza osatzeko, tailerrak, ipuin kontaketa saioak eta bestelako ekimenak ere antolatu ditu Oria merkatari elkarteak.