ERREPORTAJEA

Ibrahimaren benetako odisea

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko abe. 13a, 07:58

'MiƱan' antzezlanaren une bat. AINHOA RESANO

Artedrama konpainiak Miñan antzezlana eskainiko du, igandean, Villabonako Gurea antzokian. Ibrahima Balderen bidaia kontatzen duen liburuan oinarritutako obra da; istorio erreal bat, hasi eta buka.

Ibrahima Balde kamioi batean zebilen aprendiz Ginean, egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean, eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatuz eta egarria, gosea eta mina ezagutuz egin zuen Afrikatik Europarako bidea. «Ibrahimaren istorioak primeran laburbiltzen du migratzaileen odisea», dio Amets Arzallusek. Bertsolari eta kazetari hendaiarrak, Balderekin batera idatzi zuen Miñan liburua (Susa, 2019).

Eleberria oinarritzat hartu eta izen bereko antzezlana muntatu zuen Artedramak, Ander Lipusek, Manex Fuchsek eta Philippe Ducouk zuzenduta. Antzerkirako testuaren egokitzapena Timberlake Wertenbaker dramaturgo, gidoilari eta itzultzaile ingeles euskaldunduak egin zuen. Urriaren 17an egin zuten, lehen aldiz, Luhuson, eta ordutik, Euskal Herriko dozenaka antzokitan egin dute. Igande honetan, abenduak 15, egingo dute lehen emanaldia eskualdean, hain justu, Villabonako Gurea antzokian, 19:30ean hasita. Aurrerago, Tolosako Leidor antzokian egingo dute; otsailaren 14an izango da emanaldia, 20:00etan.

Eleberria irakurri zuenean, Lipusek ez zuen inolaz ere antzerkira eramatea pentsatzen. «Istorio gogorra da eta, aldi berean, poetikoa; asko hunkitu ninduen». Wertenbakerrek, berriz, irakurri eta berehala sentitu zuen antzezlan bat egiteko gogoa; ingelesera itzuli zuen Arzallus eta Balderen idazlana Little brother: An Odyssey to Europe—. «Bere egokitzapena oso ona da», esan du antzerkilari markinarrak. Idazle ingelesak Lipusi Londresen antzezlana egiteko asmoa zuela esan zionean, euskal antzerkigileak pena sentitu zuen lehenago euskaraz ez egiteagatik. Azkenean, Wertenbakerrek ez zuen emanaldirik hitzartu Londresen —maiatzean estreinatuko dute bertan—. Aukera ederra zeukan, beraz, Artedramak.

Miñan antzezteko beste baldintza bat ere aurkitu zuen Lipusek. Taula gainean berarekin ari diren hiru aktoreak: Sambou Diaby, Eihara Irazusta eta Mikel Kaye. «Hemen Euskal Herrian egitea posible zela ikusi nuenean, eta euskara oso ondo hitz egiten duten eta aktore lanetan ari diren beltz euskaldunak bazirela ikusi nuenean, proposamena luzatu nien». Gero, Wertenbakerrengana itzuli zen, antzezlana elkarlanean muntatzeko.

Orduan, liburuaren idazlearen baimena behar zuten. «Tim sarri egoten da udan Saran, eta Amets bertan bizi da. Lagunak dira; harreman handia dute», azaldu du Lipusek. «Hasieran, Ametsi proiektua aurkeztu genionean, zalantzak zituen, batez ere, Ibrahimaren istorioa benetakoa delako, eta zauri asko daudelako kontakizun horretan, eta berriro ere zauri horiek irekitzeko arriskurik ote zegoen pentsatzen zuen. Azkenean, konfiantza lortu zuen, eta baiezkoa jaso genuen. Kostatu zitzaion, eta ulergarria da», gaineratu du markinarrak. Balderen baiezkoa ere jaso zuten antzerkigileek.

Hala abiatu zuten Artedramakoek bi urte iraun dituen sorkuntza prozesua. «Ez da erronka makala izan», adierazi du Lipusek. «Zaila bezain ederra, gogorra bezain liluragarria izan da. Benetan gertatutako istorio bat irudikatu behar izan dugu, Ibrahimaren mundua eta berak egindako bidaia alegia. Lan handia dago atzetik. Ezin genuen ezer asmatu, istorioari on egiten ziolakoan edo, eta leialak izan gara, betiere, antzerkiaren ikuspuntutik».

Ander Lipus: «Ezin genuen ezer asmatu, istorioari on egiten ziolakoan edo, eta leialak izan gara, betiere, antzerkiaren ikuspuntutik»

 

Orrietatik oholtzara, zirriborro ugari

Sorkuntza prozesu guztia pausoz pauso jarraitu du Arzallusek. «Zorte handia izan dugu gurekin egon delako. Konfiantza handia eman digu, antzezlana aberasgarriagoa izateko. Gainera, horregatik, liburuak ez daukan ezaugarri bat dauka antzezlanak: Ibrahimaren odisearen itxiera», esan du Lipusek. «Ibrahimaren benetako odisea ez da Mediterraneo itsasoan amaitzen. Espainian eta Irunen jarraitzen du, baita Amets ezagutzen duenean ere. Hamar urteren ondoren, bere ama eta bere bi arrebak ikustera itzultzen da. Hor amaitzen da bere odisea, eta antzezlanak hori ere kontatzen du, hau da, Ibrahimaren bidaia borobiltzen du. Garrantzitsua zen hori egitea».

Antzezlaneko testua hainbat aldiz aldatu behar izan dutela aitortu du markinarrak. «Sortzaileoi hori dagokigu, dantzan ibiltzea. 30 edo 40 bertsio izango zituen obrak. Egun batetik bestera esamolde asko aldatu behar izan ditugu. Istorioan zehar badira momentu oso ederrak eta gogorrak, baina horietako zenbait kendu egin behar izan ditugu. Ez da erraza izan erabaki hori hartzea, baina antzerkirako komenigarrienak edo erabilgarrienak ziren pasarteak hartu ditugu. Liburua osorik kontatuko bagenu, hiru edo lau ordu iraungo lituzke antzezlanak, eta ordu eta erdira mugatu behar izan dugu».

Gainera, gauza batzuk moldatu eta erraztu egin dituztela aitortu du Lipusek, ahozkotasunak hala eskatuta. «Liburua irakurtzean, pasarte bat ulertzen ez duzunean, berriro irakur dezakezu, baina antzerkian ezin da horrelakorik egin. Asko jota, obra berriro ikus dezakezu. Sorkuntza prozesu hori liluragarria da eta asko betetzen nau sortzaile modura». Halaber, markinarraren esanetan, alderdi literarioak garrantzi handia du obra honetan, Timberlakek asko errespetatu baitu. «Ametsek badauka kontatzeko modu berezi bat, Ibrahimarengandik ekarria. Hizkuntza hori, gauzak esateko modu hori, zaintzen saiatu gara».

Ander Lipus: «Ametsek kontatzeko modu berezi bat dauka. Hizkuntza hori, gauzak esateko modu hori, zaintzen saiatu gara»

 

Antzerkigile markinarrak nabarmendu duenez, Arzallusek aipatu zion ez zituela antzerkiaren tripak «ondo» ezagutzen, eta «asko» kostatu zitzaiola Ibrahimaz zeukan ideia bat apurtzea. «Berak esaten zidan Ibrahima batek inoiz ez lukeela publiko aurrean hitz egingo, eta orduan, hori antzerkian ikustea asko kostatu zaio, eta zaigu. Gogoeta eta hausnarketa ugari egin ditugu, asko hitz egin dugu, eta azkenean, gehien konbentzitu gaituen ideia hartu du antzezlanak. Guk gure bertsioa egingo dugu, baina Sambou ez da inoiz Ibrahima izango. Obra bat egiten duzunean, ez duzu zure egotik egiten; taldearen eta istorioaren beharretara egokitzen zara, publikoak gozatu dezan. Eztabaida horiek, beraz, ezinbestekoak izan dira, eta oso aberatsak».

Azkenean, talde artistiko «oso ederra» osatu dutela esan du Lipusek. 25 bat lagun daude proiektuaren atzean. Aktoreen kasuan, Kayek eta Irazustak pertsonaia bat baino gehiago jokatzen dituzte. Diabyk, berriz, Balderen rola darama. «Gogotsu ari dira lanean, kemen eta ilusio handiarekin. Ikasten ari naiz, gozatzearekin batera. Hauekin lan egitea pizgarria eta pozgarria da aldi berean. Orain arte egin dugun bidaia eta oraindik egiten ari garena ederra izaten ari da».

Diskurtsoetatik kanpoko istorioak

Etxekoak eta Atzerrian lurra garratz aurreko lanekin, Artedramak migrazioaren inguruan egindako hirugarren antzezlana da Miñan. «Aurreko bietan ere, istorio erreal banaren pintzeladak hartu eta fikzioan margotu genituen, antzerkira eramateko. Kasu honetan, baina, oso argi nuen ez nuela ezer asmatu nahi. Antzerkia, azkenean, jolas bat da, eta jolas horrekin, benetako istorio bat gure erara kontatzen saiatu gara», azaldu du Lipusek.

Oraindik ere komunikabideetan ikusten den tragedia hori jendeari helaraztea da obraren helburu nagusia. «Migrazioari eta arrazakeriari ikusgarritasuna eman nahi diegu. Hedabideengandik, eta askotan, politikariengandik, hona heltzen direnen edo bidean hiltzen direnen zenbakiak baino ez zaizkigu iristen. Gainera, hiltzen direnak ez dakigu nortzuk diren. Ez da humanizatzen», esan du Lipusek.

Migratzaile bakoitzak «kontatu beharreko istorio bat» duela nabarmendu du markinarrak. «Uste dut horrek sentsibilizatzera eta enpatia izatera eramaten gaituela, jendea ez delako bere herritik ateratzen nahi duelako eta alferra delako, eta hemen guri lapurtu nahi digutelako. Diskurtso horietatik kanpo egon behar dugu. Behar batengatik uzten dute bere herria, egoera larrian daudelako. Ezinbestekoa da kontatzea beraien bidaia zeinen gogorra den, eta zenbat jende aprobetxatzen den euren egoera latzetatik. Zorionez, Miñan bada eskoletan oso irakurria izan den liburu bat. Garrantzitsua da nerabeei eta gazteei istorio hau ezagutaraztea, antzezlana ikusi eta gogoeta egiteko aukera izan dezaten, herrialde txiroagoetatik datozenekin zer gertatzen ari den eta errealitatean zer bizitzen duten jakin dezaten».

'Sold out' eginez, eta hunkituz

Villabonako emanaldia abenduan egingo duten bederatzigarrena izango da, eta ondoren, beste hiru egingo dituzte hilabete honetan, azkena, hilaren 29an, Beasainen. Urtarrilaren 10etik abenduaren 30era arte, beste 28 dituzte hitzartuta, tartean, Lasarte-Orian, Andoainen, Iruñean eta Gasteizen. Artedrama.com webgunean kontsultatu daitezke data guztiak.

Lipus «oso pozik» dago antzezlanak orain artean izan duen harreragatik. «Publikoa hunkituta ateratzen da antzokietatik. Ni ere, liburua irakurri nuenean, hunkitu egin nintzen, eta orain, badirudi lortu dugula eleberria ondo gorpuztea». Hala ere, lehen saioa egiterako, herrien aldetik izandako eskariak gehiago harritu zuen zuzendari markinarra. «Estreinatu aurretik, 90 emanaldi genituen adostuta. Asko da, eta euskal antzerkigintzan ez da ohikoa izaten. Zenbait herritan sarrera guztiak saltzera ere iritsi gara. Jendeak antzerkia ikusteko gogoa dauka, eta hori asko eskertzen dugu».

Antzezlanarekin gertatzen ari zaiena, baina, «ezohikoa» dela esan du Lipusek, eta hala jakinarazi die obrako aktore gazteei. «Bat-batean, antzoki guztiak beteta ikusten dituzte». Arriagan, bi egunetan, 1.800 ikusle izan zituzten. «Oxala hala balitz sortzaile guztion lanekin, euskal kulturak merezi du eta. Nik esaten diet inoiz ez zaidala halakorik gertatu; antzeko zerbait bai, Zaldi Urdina obrarekin. Gero, pandemia garaiko urteak oso arraroak izan ziren, baina badirudi hori atzean utzi dugula eta berriro ere jendea mugitzen hasi dela».

FITXA ARTISTIKOA

Egileak. Ibrahima Balde eta Amets Arzallus.

Egokitzapena. Timberlake Wertenbaker.

Zuzendaria. Ander Lipus.

Zuzendari laguntzailea eta koreografia. Phillipe Ducou.

Aktore zuzendaritza. Manex Fuchs.

Aktoreak. Ander Lipus, Sambou Diaby, Eihara Irazusta eta Mikel Kaye.

Kanpo begirada. Ximun Fuchs.

Argiztapena. Oier Ituarte.

Eszenografia. Jose Pablo Arriaga.

Musika. Aitor Agiriano.

Jantziak. Ikerne Gimenez.

Ekoizpena. Iasone Parada.

Diseinu grafikoa eta teknika. Mikel Unamuntzaga.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!