Bizipoza Eskolak baditu eduki berriak

Ataria 2024ko aza. 28a, 19:59

Duela 11 hilabete aurkeztu zuten bizipozaeskola.eus ataria. Bertan, Bizipoza osatzen zuten elkarteen materiala zintzilikatu zuten, hezkuntza formala; ez formala eta herrigintza ataletan. Helburua eduki guzti hori Euskal Herriaren eskura jartzea zen.

Horrez gain, webgune bizia izango zela esan zuten: «Hezkuntza aldatzen doan neurrian, gu ere joango gara webgunea eduki berriekin elikatzen, eta material berriak igotzen. Beti da aberasgarria gauza berriak sortzea». Gaur, material berri hori igo dutela azaldu dute Villabonan egindako agerraldian, hain justu, Bizipoza Festa egin zuten herri berean.

Igo berri duten materiala:

  • Oinkari Dantza Taldeak Bizipoza Elkarteko abestiekin sortutako koreografiekin egindako bideo sorta. Euskal dantzan oinarrituak daude sortutako dantza hauek.
  • Bizipozaren lehen diskoko (Mundu berri bat guztiontzat 1) abestien koreografia egokituak Izaskun Forcada koreografoak eginak.
  • Bertsozale Elkarteak luzatutako eta Bizipozak lantzen dituen gaiekin lotura duten bertso sorta ederra, proiektuaren materialei dimentsio poetikoa eta ahozkoa ematen dietenak.

Bizipoza Elkartea

Bizipoza irabazi asmorik gabeko gizartegintza egitasmoa da: izaera bereziko gaiak lantzen dituzten haur eta familien ongizatea helburu duten elkarteei laguntza afektiboa eta materiala eskaintzea du xede. Elkarte, haur eta familia hauek transmititzen dituzten baloreak jasoaz aberastu, hezi eta gizarteratzea.

Bizipozak bizipoza du misio: hainbat zailtasun bizi dituzten familiekin eta elkarteekin batera poza partekatzea, euskaraz eta sorkuntzatik. Elkarte guzti hauek transmititzen dituzten baloreak gizarteratzea da poztasunaren misioa.

Bizipozak auzolana du bisio: denetariko herritar, talde eta erakundeek osaturiko boluntario sarea osatzea gizartegintzaren poza bizitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!