Villabonako taberna bateko arduraduna atxilotu dute droga-trafikoagatik

Ataria 2024ko azaroaren 15a

Villabonako ikuspegi orokorra.

Segurtasun sailak jakinarazi du Ertzaintzak 52 urteko gizon bat atxilotu zuela atzo arratsaldean Villabonan, bere tabernan substantzia estupefazienteekin trafikatzeagatik.

 

Ertzainek lokalean kokaina kantitate handi bat konfiskatu zuten, dosiak prestatzeko beharrezko materialarekin, doitasun-baskula batekin eta diruarekin batera. Azken asteetan taberna horretan droga-trafikoarekin lotutako jarduerak egiten ari zirela esan du Ertzaintzak eta horregatik hainbat egunetan bertan zaintza-dispositiboak ezarri zituela.

Atxiloketaren egunean taberna barruan zeuden pertsonak identifikatu zituzten eta taberna guztia miatu zuten. Sukaldearen inguruan hainbat poltsa aurkitu zituzten, hauts zuriko substantzia baten kantitate desberdinak zituztenak, ustez kokaina. Leku berean doitasun-baskula bat aurkitu zuten, bilgarri txikiekin eta dosiak prestatzeko beharrezko material guztiarekin batera, baita beste substantzia batzuk ere, estupefazienteak. Egoera ikusita, eta beharrezko egiaztapenak egin ondoren, establezimenduko arduraduna atxilotu zuten, droga-trafikoko delitu bat egotzita. 1.300 euro inguru konfiskatu zizkioten. Ondoren, ertzain-etxera eraman zuten atxilotua, beharrezko izapideak egiteko, epailearen esku utzi aurretik. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!