ELKARRIZKETA

«Ibiltzea osasuntsua da, eta pentsatzeko ona»

Aitor Arroyo Askarai 2024ko aza. 17a, 07:59

Mikel Pagadizabal 'Bisita' liburua eskuan duela, bere etxean. A.A.A.

Bisita liburua argitaratu du Mikel Pagadi umoristak; eleberrian uztartu ditu, besteak beste, satira politikoa, zientzia fikzioa, fantasia eta umorea.

Umorea du lanbide, baina «ia desatsegina izateraino» omen da serioa lanean. Txarra omen da musean, baina «ikaragarri ona» plater tiroketan. Zuzenbidea eta diseinu grafikoa ikasi zituen, baina urteak daramatza hedabideetan umorea egiten. Eta, orain, Bisita eleberria argitaratu du Elkar argitaletxearekin: umorea, zientzia fikzioa eta kritika, liburu bakarrean. Villabonako terraza batean hizpide izan ditu Mikel Pagadi (Amasa-Villabona, 1974) umoristak lehen eleberria, umorea eta bere ibilbidea.

Nolako erantzuna izan du liburuak?

Kuadrillakoen erantzunak harritu nau gehien: ez dira oso irakur zaleak eta denek erosi dute liburua. Irakurri, bik; eta barre egin omen dute [barrez]. Erantzun horrekin bakarrik nahikoa kontentu geratu naiz. Kanpokoren batek ere esan dit barre asko egin duela, beraz, pozik. Oraindik ez dut erantzun handirik jaso, irakurtzeko denbora ere utzi behar zaio jendeari. Baina ilusio handiz nabil.

'Pagadikeria' omen da liburua. Zer da 'pagadikeria' bat?

[Barrez] Pagakideriak dira okurritzen zaizkidan gauzak. Ez dakit nork asmatu zuen, lanekoren batek agian: «Orain ere azaldu da hau pagadikeriaren batekin». Grazia egin eta galdetu nion ea kontzeptua salduko zidan, eta hark erantzun: «Zuretzat, erregalu».

Generoak uztartzea gustatzen zait eta horixe da liburua: fantasia, beste leku batzuetan gertatzen diren gauzak gureganatzea, euskal etnografia pixka bat, gure politika, gizartea... Ohituta gaude espazio ontziak Amerikako Estatu Batuetan ikustera, eta pentsatu nuen «zergatik ez ba Anoetako bidean?»; eta horrelaxe etorri da. 

Gustura geratu zara emaitzarekin?

Kosta egin zitzaidan aurrerapausoa ematea. Zertxobait garatuta banuen, baina zalantza nuen formatuaren inguruan. Lagun batek esan zidan agian telesail bat egiteko balio zezakeela, baina horiek gauzatzeko jende eta diru asko behar da. Gogoa nuen, baita ere, nik etxean bakarrik idatzi eta beste erritmo batean egiteko. Beti gabiltza gauzak biharko egiten, korrika, eta hau motelago idatzi eta goxatu nahi nuen. Liburua behar zuen. Ilusio hori piztu eta ideia forma hartzen hasi zen... Gero atzera bueltak izan dira: borratu, aldatu, zuzendu eta... Urtebete inguruko lana izan da, eta gustura geratu naiz. 

Denbora gehiago eskaintzeagatik izan da, beraz, liburua.

Hori da. Pixka bat aldatu nahi nuen eguneroko eromen hau. Grabazio, elkarrizketa, gidoi... Dena izaten da nahiko azkar. Disfrutatzen duzu, baina ez merezi duen bezala. Honek aukera eman dit prozesuaz ere disfrutatzeko. Jolas bat izan da ia. Gogor samarra, baina jolasa. Oso gustura geratu naiz emaitzarekin, eta baita prozesuarekin ere. Ni dibertitzen banaiz sortzerakoan, nik uste irakurtzen duena ere dibertituko dela; ñabardurak ñabardura. 

«Ni dibertitzen banaiz sortzerakoan, nik uste irakurtzen duena ere 
dibertituko dela»

Esamolderen bat asmatzeko lizentzia ere hartu duzu. Shakespearek bezala?

[Barrez] Asko gustatzen zait betiko esamoldeei buelta txiki bat ematea. Behin gogoan dut, lanean genbiltzala: «Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu ta Borges». Halako gauzak [barrez]. Horixe ere bada pagadikeria. Adibidez, pertsonaia bat heroiarena egitera doanean «ez ezazu egin Sasetarena». Hori ere sartu dut. «Ur bedeinkatuarekin arrautzarik ezin frijitu» eta halakoak. Azken hori etxean entzuna da, ez da nirea [barrez].

Lehena atera duzu. Etorriko al da besterik?

Bada, espero dut baietz! Ea. Ideia izatea eta garatzea, horixe da zailena; baina denbora pixka batekin eta pazientziarekin hartuta... Gogoa, behintzat, bai; gaitasuna beste gauza bat da [barrez]. Ideiak sortu, sortzen dira, baina askotan esaten diot neure buruari: «Zer ari zara pentsatzen eta, borrazazu hori Jainkoan izenian». Eta hasi berriz [barrez]. Baina gogoa badaukat. Hau paperean ikusteak ilusioa egin dit eta polita izan da idaztea; bai, bai. 

Idazten aurretik ere aritu zara, gidoilari izan baitzara Euskal Telebistako hainbat eta hainbat programatan, besteak beste, 'Wazemank', 'Brinkola', 'Herri txiki infernu handi'... Eta irratian ere egiten zenuen umore programa bat. 

Irratikoa polita izan zen. Duela hamabi bat urte izango zen, eta oso dibertigarria izan zen. Umorea lantzen genuen hor ere. Oso gustura nago genero horretan gotortuta [barrez]. 

Zer aldatzen da erregistro batetik bestera?

Irratia egunerokoa zen, oso azkarra. Gidoian oinarri bat idazten genuen, eta hortik abiatuta inprobisaziorako tartea uzten zuen. Gainera, Ilaskik [Serrano] eta Iraolak [Jon] etorri handia dute eta hor ez zegoen arazorik. Telebista mugatuagoa da. Esketxak grabatzeko lehen puntutik azkenera itxita egon behar du gidoiak, aktoreei pasa behar baitiezu, haiek ikasi eta... Gero muntatzen duenak ere gidoia izan behar du nondik nora doan jakiteko. Horrek mugatzen zaitu, oso markatuta joaten da. 

Herri txiki beste estilo bat da, gidoi edo elkarrizketa bat aurreikusten baitugu, baina posible da gero beste bide bat hartzea. Elkarrizketatzen duzuna hasten da beste gauza bat esplikatzen eta bat-batean ate bat ireki eta ai ba Dios! Zer dauka hor? [Barrez] Normalean oso zehaztuta joaten da, baina uzten du inprobisaziorako tartetxo hori ere; horrela sorpresak ere sortzen dira. Lausoa da formatua, baina polita. 

Liburua, berriz, jarri eta idatzi; ez dauka besterik. Mekauendios batzuk bota tarteka, dokumentua ez delako gorde edo ideia txarra delako [barrez]; baina azkenean ateratzen da. Mailua hartu eta iltzea sartzea bezala da; begia harrapatuz gero kosta egiten da, baina... [barrez, oraindik].

Zer ematen dizu formatu bakoitzak?

Telebistak ematen du soldata, hileroko dilistak erosteko [barrez]. Liburua erromantikoagoa da. Liburu bat ez duzu idazten —ez, behintzat, kasu honetan— diruagatik. Esperimentu edo proba bat izan da. Dezente irakurtzen dut, eta sentitzen nuen eskaini nezakeela horrelako zerbait; eta ilusio handiz hartu dut. Besteak, berriz, lanbidea dira, soldata irabazteko. 

«Dezente irakurtzen dut, eta sentitzen nuen eskaini nezakeela horrelako zerbait»

Urte asko daramatzazu umorea egiten. Nola mantentzen da freskotasuna?

Haizea sartzen da belaunaldi berriekin. Poz handia ematen dit orain gehiago hasi izanak umore bakarrizketak-eta egiten. Gu horretan hasi ginen aspaldi, Nagore Aranbururekin eta Egoitz Lasarekin... Bodologuak programan. Asko pozten nau umoreak Euskal Herrian garapen bat lortu duelako. Niretzat aurrerapauso garrantzitsua da hori. Gizarte baten heldutasuna umoreak asko islatzen du: jendeak zein txisterekin egiten duen barre, zein gauzekin sortzen den polemika... 

Horretan eragingo du norbere buruaz barre egiteko gaitasunak, ezta?

Hori da. Bere garaian Vaya Semanita-n egon nintzen eta beste estilo bateko umorea egiten zen. Hangoa zen «los vascos». Ni ez nintzen hainbeste identifikatzen harekin; gustura egon nintzen, baina ez zen nirea. Wazemank-en adibidez gusturago nengoen. Nirea gehiago sentitzen nuen, gertukoagoa. Ez naiz behin ere izan umore politikoaren —nobelan politika dezente sartu badut ere [barrez]—  oso zalea. Gustura ikusten dut, baina ez da nire genero maitatuena. 

Zein dira zure erreferenteak?

Ignatius Farray asko gustatzen zait. Txikitan irakurri nuen Iñaki Linazasororen H gabeko umorea... Hura hasi zen pixka bat pasadizoak-eta biltzen. Kike Amonarriz ere zer esanik ez. Anjel Alkain... Eta Nagore Aranburuk erakutsi zidan idazten. Gaur egun Movistarren-eta telesailak egiten dabilen fenomeno horrek. Oso buru fina du umorea eta esketxak idazteko, koordinatzeko eta mozteko. Katanarekin aritzen zen hura; guk idazten genuena zast mozten zuen [barrez]. Nagore Aranbururi, batik bat, eskerrak eman nahi dizkiot. 

Eta zein dira zure inspirazio iturriak?

Errealitateak eta egunerokotasunak ematen didate asko. Telebistako zenbait erreferentzia har daitezke, eta gureganatu dugu formaturen bat edo beste, baina... Egunerokotasuna da nirea. Asko balio dit hementxe [plaza bateko terrazan] egotea eta —edukazio txar xamarrekoa bada ere— jendeak esaten duena entzutea [barrez]. Ideiak sortzeko asko balio dit. Ez da horiez txisteak egitea, baizik eta hortik abiatuta sortzea. Errealitate puntu bat beharrezkoa da gerora zerbait idazten hasteko. 

Gizartea aldatzen den heinean aldatu behar du umoreak?

Nik uste dut baitez. Adibidez, duela 40 urte egiten ziren txisteak: hitz totelenak, homosexualenak... Norbait gutxitzeko ikuspuntutik egiten ziren horietatik asko aurreratu da. Kontua ez da inor mintzea. Kolektiboak berak egin ditzake bere inguruko txiste batzuk, baina gainerakook egiten baditugu ezin dute izan mingarriak; beste era batekoak behar dute. Oraindik ere asko geratzen da egiteko, baina asko aurreratu da; badoa pixkanaka. Jendeak ere ohitura handiagoa du bakarrizketak ikustera joateko; ez da lehen bezala txiste kontalari batek kontatzea kalean entzuten diren txisteak. Gaur egun jendeak sortzen ditu txisteak etxean; funtzionatu edo ez, hori arrisku kirola izaten da askotan [barrez]. Baina badago sormenerako gogo bat edo; inguruan sumatzen dut, behintzat. 

«Jendeak sortzen ditu txisteak etxean; funtzionatu edo ez, hori arrisku kirola izaten da askotan»

Hari horri tiraka, umoreak izan beharko luke mugarik?

Umoreak nik uste egin behar duela pixka bat harramazka, baina sekula odolik ez. Norbait mindu eta hortik barre egiten baduzu, hor arazo bat dago. Beste kontu bat da zuk katuei buruzko txiste bat egitea eta katua duen baten bat mintzea... Hor beste muga bat dago. Beti minduko da baten bat. Baina behetik gora edo goitik behera, niretzat kontua da harramazka egitea, eta ez odola.

«Niretzat umoreak pixka bat harramazka egin behar du, baina sekula odolik ez»

Kolektiboren batekin etengabe sartzen bazara edo txisteak, berariaz, irainak badira... Niri horrek ez dit balio. Norberak eduki beharko luke galbahe moduko bat. Horrek jendearekin bat egitea edo ez,  beste kontu bat da. Baina norberak izan behar du galbahe hori, ziur. Umorea egiten dudanean, nik, ez dut inor mindu nahi. Baten bat ofenditzea saihestezina da, baina ez da izaten nahita egindako labankada hori. 

Nola definituko zenuke zure umorea?

[Barrez] Nik ez dakit definitzen! Hasi nintzenean kuadrillakoek-eta esaten zidaten arraroa zela, bigarren planoan egotekoa naizelako; ez naiz behin ere plaza gizona izan. «Lotsatia, kalean isil horietakoa zara eta nola bukatu duzu ba horretan?». Zalantza horixe daukat neronek ere; ez dakit nola atera den.

«Izango dut zer edo zer; batzuentzat, beste batzuentzat ziur ezetz»

Izaten da jendaurrekorako edo hitz egiteko erraztasuna duen jendea. Nik hitz egiten dut trabatutako iturri batek bezala: ireki eta kolpeka pra-pa-pa-pa! Idatzi hobeto egiten dut hitz egin baino; uste dut [barrez]. Gidoilari hasi nintzen, eta han nengoela esaten zidaten jaisteko rolen bat interpretatzera, aktoreak huts egin eta egoki ikusten nindutelako. Grazia egiten omen dut; eta halaxe hasi nintzen. Izango dut zer edo zer; batzuentzat, beste batzuentzat ziur ezetz. Ia gauza bera egiteagatik zortzigarren mailan pasillora bidaltzen ninduten [barrez]. Eta orain gauza bera egiteagatik ordaindu egiten didate... Bueno, jarrai dezala, ezta? [barrez, oraindik].

Azkenaldiko joera da umoristek publikoa zirikatzea. Zein iritzi duzu horren inguruan?

Ez da nire gustukoena. Publikoa aipatzea ondo dago, eta meritua dauka saioa horretan oinarritzeak eta onik ateratzeak. Estiloak dira, baina ez nau gehiegi konbentzitzen horrek. Orain sare sozialetan-eta umorista gehienek hori egiten dute, eta horrek mugitzen du, antza, jende gehien. Nik, kontrara, nahiago dut pertsona bat ezerezetik hizketan hasi eta hura entzutea. Publikoari barre egitea gustatzen zait, eta baita aipamenak egitea ere. Baina horretan oinarritzea ez zait gustatzen.

Euskal Herrian azken urteetan hedatu da bakarrizketak egiteko ohitura. Nola ikusten duzu egoera?

Oso formatu merkea da, eta hori da arrakastaren gakoetako bat: mikrofono bat —batzuetan mikrofonorik ere ez—, zure talentua, idatzi duzuna eta jendearen erantzuna. Eta hori da formatu zailenetako bat. Energia handia behar da eta, dedio, jendaurrean jartzea bakarrik, hortxe, eta bota beharrekoa botatzea... Ez da nolanahiko kontua. Torero izatea da ia. Bueno, toreroa beste gauza bat da [barre txikiarekin]. Baina horixe da: denen aurrean jartzea eta, kontuz, publikoa zezena bezalakoa da e. Toreroa ematen dut neronek ere, hemen, tauromakiako metaforak egiten [barrez]. 
Baina bai, bai. Niri zailenetakoa iruditzen zait, zalantzarik gabe. Bai idaztea eta bai egitea.

Nola ikusten dituzu horretan ari direnak?

Ilusio handia egiten dit, gero eta gehiago ikusten baita. Gainera emakumeak ere gero eta gehiago ari dira eta horrek ere poz handia ematen du. Umorea, oraintsu arte, gizonezkoen espazio bat izan da; publikoan, behintzat. Gaur egun ere jarraitzen du horrek, baina gero eta emakume gehiago daude eta horrek balio handia du. Asko pozten nau horrek ere. 

Umorea duzu lanbide, baina lanean oso serioa omen zara.

Bai, bai; eta desatsegina izateraino e [barrez]. Ez naiz poz-pozik bizi den horietakoa. Lanera joaten naizenean lanera joaten naiz; eta ordenagailua hartu eta hortxe egoten naiz idazten. Lanean askotan esaten didate: «Umorea telebistan izango duzu, ez behintzat lantokian». Horrela ibiltzen gara asko [barrez].

Ez da, beraz, berezkoa; baizik eta lantzen den zerbait?

Hori da. Berezko zer edo zer izan behar da, baina egunero landu behar dela uste dut. Maitasuna bezala [barrez]. 

Jakin-mina pizten dizute garai bateko batailek, armek, ufologiak... Nondik datorkizu interesa?

Beti gustatu izan zaizkit historia liburuak-eta. Asko irakurri dut batailen inguruan. Aitona ere gudaria izan zen eta hari buruz ere gauzak irakurri ditut, dokumenturen bat edo beste azaldu zen... Gaztetatik piztu izan zait interesa jakiteko zein uniforme zituzten, zein arma... Eta halako gauzak. Batailen birsorkuntzetan ere parte hartu izan dut: Bizkaian, Ebron, Bartzelona inguruan, Aragoin...

Aitona aipatu duzu... Bera ere idazlea zen, ezta?

Ez, gudaria zen Migel Amiano. Idazlea Patxiku Pagadizabal zen: Zeruko Argian idazten zuen eta olerkigilea zen. Patxiku aitaren aita zen, eta Migel amaren aita. Familiakoek esaten dute aitona Patxikurengandik ote datorkidan gauzak kontatzeko grina. Nik ez nuen ezagutu, ni jaiotzerako hil baitzen. Baina esaten dute harengandik etorri zaidala idazteko gogoa. Geneetan jasoko nuen. 

Zuzenbidea eta diseinu grafikoa ikasi zenituen... 

[Barrez].

Eta azkenean umorista. Edonork esango luke. 

Halaxe da bai [barrez]. Zuzenbidea egin nuen bataz besteko selektibitate nota 5,5 nuelako. Historia ikasi nahiago nuen, baina 7koa eskatzen zuten garai hartan [barrez]. Zuzenbidea bukatu eta gero diseinu grafikoa egin nuen, eta publizista bezala hasi nintzen lanean. Hortik ikus-entzunezkoetan hasi nintzen eta gaur arte. 

Ikus-entzunezkoetarako jauzi horretan zerikusirik izan zuen irratiak, ezta?

[Barrez] Bai. Lanera joaten nintzen Donostiara, agentzia batera. Kotxean joaten nintzenean Gaztea entzuten nuen eta garai hartan abestiak eskatzeko aukera izaten zen. Mezua bidali nien kanta eskatuz eta mezua zehaztuz: Mikel Pagadi zein ona den esateko eskatu nien. Eta haiek ere hasi ziren galdezka, zein ote da ba Mikel Pagadi [barrez]. Eta horrelaxe hasi zen. 

Ingelesez 'foreshadowing' esaten dena? Zeure buruaren iragarpen moduko bat, alegia?

Hori da [barrez]! Foreshadowing [barrez, oraindik]! Horrela hasi, Alkain ezagutu eta hark proposatu zidan egiten hasi behar zuten telebista programa batean parte hartzea. 

Wikipedian jartzen du...

Wikipedian dena oker jartzen du.

Anjel Alkainek «salbatu» zintuela aktore izateko kontratatu zintuenean.

Ikusten? Aktore bezala ez ninduten behin ere kontratatu [barrez]. Wikipedian jartzen du abuztuan jaio nintzela eta hori ere gezurra da, ekainekoa naiz ni [barrez]. Baten batek zoriondu ninduen gainera horren harira. Anjelek kontratatu ninduen Wazemank-erako, baina gidoilari bezala. Eta azkenean denok egiten genuen denetik.

Aritu zara telebistan, irratian, liburu bat idatzi duzu... Zer edo zer geratzen al zaizu egiteko?

Pinuren bat landatzea edo [barrez]. Ez dakit. Esaten dute seme bat izatea, baina 50 urterekin abentura horietan sartzeko gogorik ez zait geratzen; eta bikoteari ere ez, beraz, nahikoa daukagu. Txakurren bat ekarri agian, artzain-txakur alemanen bat edo, orain modan daude-eta. Ez. Txakurrak asko gustatzen zaizkit, baina ez nuke sekula txakurrik izango, eskuekin kaka ez jasotzeagatik. Gogorra da hori. Jendea ikusten dut eta... Meritua du gero e, hori da hori animalia gustatzea. 

Motzean

Erlaxatzeko leku bat.

Hementxe, Villabonan egoten naiz oso gustura.

Zaletasun bat.

Irakurtzea, pelikulak ikustea... Mundu guztiak dituenak. Bidaiatzea ez, nerbioso jartzen naiz-eta.

Eta zaletasun ezkutu bat?

Plater tiroketan ikaragarri ona naiz [barrez]. Musean-eta, txarra. Kirol askorik ez dut sekula egin, betaurrekoak, asma... Ez da konbinazio ona. Baina plater tiroketan, ikaragarri ona.

Ezagutu nahiko zenukeen pertsonaia ospetsu bat?

Ez naiz oso mito zalea, baina... Ezagutzekotan Berlanga edo halakoren bat. Asko gustatzen baitzaizkit bere pelikulak.

Zugandik espero ez daitekeen ezaugarri bat?

Oso ordenatua eta txukuna naiz. Maniatikoa izateraino ia. Roomba ere erosi nuen alergiagatik.

Denboran bidaiatzerik izango bazenu, zein garaitara joango zinateke?

Frantziako iraultzara... Edo asmakizunen bat egin zuten garaira edo... Pertsonek lehen aldiz hegan egin zuten momentua edo halakoren bat.

Elkarrizketa honentzako titularra?

Ideiarik onenak ibiltzen okurritzen zaizkit eta... Ibiltzea osasuntsua da eta pentsatzeko ona. Mediku itxura emango dut [barrez].

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!