Azkena izango da aurtengo Amasako Mendi Duatloia

Imanol Garcia Landa 2024ko urr. 15a, 16:59

Beatriz Unzue, Eneko Gurrutxaga eta IƱigo Viana, probaren aurkezpenean.

Larunbatean egingo da, 16:00etan hasita eta 31. aldia beteko du. Antolatzaileek kirolariei parte hartzera gonbidatu diete, horretarako azken aukera izango delako.

Eskualdeko kirol proba beteranoetako bat azken aldiz egingo da. XXXI. Amasako Mendi Duatloia azken aldiz egingo da, eta larunbatean, urriak 19, izango da hitzordua, 16:00etan hasita. «Izan duen 31 urteko historian belaunaldi dezente pasa dira. Garai batean biatloia deitzen zitzaion. Hasieran korrika eta bizikletan izaten zen, ibilbide nahiko xume batekin. Garatzen joan gara gaur egungo dena arte; tartean denetariko eboluzioak izan ditu, jendeari gustatu eta gustatu ez zaizkionak», esan du Eneko Gurrutxaga antolakuntzako kideak.

Azken aldiz antolatzearen arrazoietako bat, antolakuntza taldearen nekea izan da. «Belaunaldi aldaketa izan da, gizartea ere aldatzen ari da, eta antolakuntzak pisu dezente du. Hori dena dela eta, nahiko nekatuta zegoen antolakuntza taldea», azaldu du Gurrutxagak. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako «trabak« azaldu ditu Gurrutxagak antolatzen ez jarraitzeko: «Ibilbidea aldatzeko eskatu digu, nahiko traba jarri dizkigu, eta azkenean baimena eman digu egiteko, gustatu ez zaizkigun baldintza batzuekin. Ibilbidea aldatu behar izan da, eta askoz ere arriskutsuagoa geratuko da. Lehendik nekatuta izanik, antolakuntzatik erabaki da gehiago ez jarraitzea».

Amasamendi herri onurarako mendia izanik, foru arau batzuk aplikatzen zaizkio. «Esaldi batean, nire ustez basozainak interpretazio bat egin du niretzako egokia ez dena; bidezidorretatik ezin da joan bizikleta, pistatik edo bideetatik bakarrik joan behar da. Lastur alde horretan bi bidezidor motz eta eder daude, eta behartzen gaituzte pistatik joatea», azaldu du Gurrutxagak. «Pista hori utzita dago, eta zuhaitz sustraiak daude, eta horiek joz gero erori egiten zara, eta ondotik joanez gero urak egindako metro bateko arrakala dago. Jendeak mina hartzen badu ez dela gure erabakia izan jakinarazi nahi nuen».

Probak ia 7 kilometro korrika eta ia 17 kilometro bizikletaz izango ditu. Bizikletarekin amaituko da aurtengoan, eta biatloi garaietan bezala, korrika hasi eta bizikletaz bukatuko da. «Ibilbidean badu zati bat berezia, lehorrean dagoenean hainbestean geratzen dena, baina euria emanda dago, eta aldapa pikoa da eta motza. Aukera dago bide luzeago batetik egiteko, eta norberak erabakitzen du», esan du Gurrutxagak. Hor jende ugari pilatzen da proba ikusteko. Guztira ehun parte hartzaile baino gehiago izango direla espero da. Bakarka zein erreleboka egin daiteke, eta izen ematea Kirolprobak.com webgunean egin daiteke.

Bestalde, 12:00etan haurren proba izango da, 0 urtetik hasi eta 13 urte bitarte. 14 urtetik gora helduen proban hartu dezakete parte erreleboko modalitatean. «Saiatu gara bazterketarik ez egiten adinaren aldetik», esan du Gurrutxagak. Bide batez, babesleei eta udalari eskerrak eman dizkio, «beraien laguntzarik gabe hau ezin delako aurrera atera». Bere aldetik, Beatriz Unzue alkateak eskerrak eman dizkie udalaren izenean Amasako Mendi Duatloiaren antolakuntza taldeari: «31 urte hauetan boluntario ibili zareten guztioi, eta Amasako herria Euskal Herri osoan ezagutarazteagatik. Penaz, azkenekoa izango delako, baina gauzak antolatu behar direla esaten da, eta gero oztopoak jartzen dira, eta Enekok esaten duen moduan, horrek nekatu egiten zaitu».

Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren hirugarrengo proba izango da Amasakoa. Bi kirol uztartzen ditu, batetik mendi lasterketa eta, bestetik, mendi bizikleta. Urriaren 5ean izan zen Durangon zirkuituko lehen proba eta bigarrena Kanpezun urriaren 12an. «Amasako probaren antolakuntzatik lan izugarria egin da, eta ziur arrakasta izango duela», esan du Iñigo Viana Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren komunikazio arduradunak. Sei proba daude guztira, eta hurrengo hirurak Aian (urriak 26), Ibarran (azaroak 16) eta Adunan (azaroak 23) egingo dira. Proba bakoitzak bere sailkapena du, eta gero puntuak banatzen dituzte zirkuituaren sailkapen orokorrerako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!