Ibilian programaren ikasturteko lehen ibilaldia egin dute

Ataria 2024ko urriaren 10a

Argazkiak: Amasa-Villabonako Udala

Asteazkenero, ordubetez, adinekoek paseoak lagunartean egiteko aukera eskaintzen du programak. Udalak bultzatu eta hainbat eragilek hartzen dute parte ekimenean.

Amasa-Villabonako Udalak Ibilian programari ekin dio ikasturte berrian, adineko pertsonen artean jarduera fisikoa bultzatzeko eta herritar talde horren artean harreman berriak sustatzeko. Asteazkenean egin zuten lehenengo topaketa Erreboteko plazatik 11:00etan abiatuta.

Adineko pertsonei astero herrian paseoak egiteko aukera eskaintzen die udalak, eta ibilaldia bukatuta, parte hartzaileak salda beroa hartzera gonbidatzen ditu.

Erniobea BHIko eta Zubimusu ikastolako DBHko ikasleek txandaka parte hartuko dute asteroko ibilaldietan boluntario gisa. Modu horretara komunitate giroa sustatu nahi du udalak, belaunaldien arteko elkarreragina eta ikaskuntza bultzatuz.

Udalaz eta ikastetxeez gain, beste hainbat erakundek ere parte hartzen dute ekimen honetan: Santiago egoitzak, Salbadora erretiratuen etxeak, Olaederra kiroldegiak,  Uliazpik, Matia fundazioak, Goxarak, Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzak.

«Egiaztatuta dago jarduera fisikoak osasuna hobetzen duela oro har, eta adinekoentzat bereziki onuragarria dela», esan dute ekimenaren bultzatzaileek. Horretaz jabetuta, nabarmendu dute Ibilian programak aukera «paregabea» eskaintzen duela adinekoek paseoak lagunartean egiteko, asteazkenero, ordubetez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!