ELKARRIZKETA

«Zeure izate guztiarekin egotea eskatzen dizu ofizio honek»

Jon Miranda Labaien 2024ko urr. 6a, 07:58

Garazi Urkola Ezeiza aktore eta sortzailea, Villabonan. J.M.

Garazi Urkola Ezeiza aktore eta sortzailea bolada oparoa bizi du eta eskertuta dago, nahiz eta badakien ezegonkorra dela sortzaileen ofizioa. Bere lanbidearen alderik makurrena dela dio, gainerako guztiaz pasioz jarduten du.

Gurea antzokian egin du hitzordua Ataria-rekin Garazi Urkola Ezeizak (Amasa-Villabona, 1998). Antzerki eskolan zebilenean igo zen taula horretara lehenengo aldiz, gerora Akelarre filmaren aurkezpena egin zutenean ere zapaldu zuen oholtza, baina okasio gehienetan ikusle gisa bisitatu du bere herriko aretoa. Espazio partekatutzat dauka toki hori, bere lanbideko kideekin eta herritarrekin konpartitzen duena. Irekitasun hori gustuko du eta irekitasun horrek esplikatzen du, neurri handi batean, zergatik aukeratu duen lanbidetzat interpretazioa.

Umetatik argi zeneukan interpretazioaren munduan aritu nahi zenuela?

Neurri batean bai. Oso ume nintzela hasi nintzen musikan eta dantzan, lau urte nituela edo. Beranduxeago deskubritu nuen antzerkia, eskolan. Oso garbi gogoratzen ditut klase horiek, asteazkenetan izaten genituen eta nire asteko egunik gustukoena izaten zen hura. Pena eman zidan horrekin bukatzeak eta nerabezaroan berriro izan nuen aukera antzerkian hasteko. Katramila antzerkian sartu nintzen eta hor nenbilela hasi nintzen jabetzen asko gustatzen zitzaidala interpretazioa. 18 urtera arte jarraitu nuen Katramilan.

Eskolan, aurrena, Idoia Sanchez izan zenuen irakasle, ondoren, Andoainen, Kristina Ropero, Katramila taldean. Zure ustez zenbateraino dira talde amateur hauek garrantzitsuak aktore izan nahi dutenentzat?

Oso garrantzitsuak. Esentzialak iruditzen zaizkit aukera horiek eta jende guztiari gomendatuko nioke probatzeko, ez bakarrik aktore izan nahi dutenei. Jendeak esaten du lotsatu egiten dela oholtza gainean, baina espazio hauek iruditzen zaizkit aproposak beste mila gauza lantzeko. Komunikazioa, lotsa, talde harremanak, norberarengan konfiantza... gauza asko jorratzen dira eta denak oso interesgarriak.

Zuri ezertan lagundu al zizun tailer horietan parte hartzeak?

Lagundu zidan neure burua irekitzen. Gainera, babesgune polita bezala sentitzen nuen antzerki tailerra. Nire tokia hura zela sentitzen nuen, ni neu nintzen eta ez nuen inoren epairik sentitzen. Gainera, gustatzen zitzaidan jolasa. Libre sentitzen nintzen antzerki eskoletan, eta zentzu batean, nire erabakiekiko boteretsu ere bai. Toki segurua zen niretzat. Berdina gertatu zitzaidan, baita ere, musikarekin. Loatzo musika eskolan ikasi nuen Idoia Balzarekin. Errespetatua sentitu naiz bi espazio horietan, beti egin didate harrera goxoa.

Klarinetea ikasi zenuen.

Bai. Nire bizitzako helduleku printzipaletako bat izan da. Soinua baino gehiago gustuko dudana da instrumentua jotzeko sentsazioa, musika nire gorputza zeharkatzen sentitzea. Taldean jotzea ere ikaragarri gustatzen zait.

Argi izan zenuen Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantzako goi mailako eskolan ikasi nahi zenuela?

Batxilergoa Tolosan egin nuen zientifiko-teknologiko arloan. Ondo zihoakidan ikasketetan, baina azkeneko urtean garbi ikusi nuen. Aurrematrikulak egiten hasi eta ez nuen neure burua Ingeniaritza edo Fisika bezalako karreretan ikusten. Beldurra neukan ondo hartuko ote zuten etxean baina zorionez bultzada eman zidaten eta ez naiz damutzen hartutako bideaz.

Dantzertikoak Goi Mailako ikasketak dira, exijentzia handikoak?

Bai. Kanpotik ematen du askotan jolas bat dela baina ikasketa gogorrak dira, diziplina handia eskatzen dute. Presente egon behar duzu fisikoki, mentalki eta emozionalki. Oso osatuak dira ikasketak, klase ordu asko edukitzeaz gain, lan teoriko asko eta entseguak geneuzkan. Gurea bigarren promozioa izan zen, eskola hasi berri zela sartu ginen bertan, eta eskolarekin batera eman genituen lehenengo pausoak.

 

«[Arte dramatikoko ikasketaz] Diziplina handia eskatzen duten ikasketa batzuk dira, presente egotea eskatzen dizutenak fisikoki, mentalki eta emozionalki»

 

Gomendatuko zenituzke ikasketa hauek?

Behin profesionalki interpretaziora dedikatu nahi badu norbaitek, formakuntza jasotzea funtsezkoa da. Badaude beste eskola batzuk oso baliagarriak direnak Dantzertiz aparte. Nik jarraitu dut ikastaroak egiten eta formazioa jasotzen. Egon da momentu bat eten bat egin behar izan dudana gauzak asentatzen uzteko. Ni oso pertsona kuriosoa naiz eta niregatik balitz ikastaro asko egingo nituzke, ez bakarrik interpretazioarekin zerikusia dutenak. Denbora eta kaudimen ekonomikoa behar da horretarako, ordea, eta beti ez da posible izaten.

Zuri zertan lagundu dizu ikasketa horiek egiteak?

Erreminta asko eman dizkit eta oinarri sendo bat. Egunero hainbesteko dedikazioz, soilik, interpretazioaren munduari begira egoteak asko laguntzen dizu.

Interpretazioarena berezkoa da edo ikasi daitekeen zerbait?

Berezkoa zerbait edukita ere, beti landu behar duzu. Izan zaitezke oso ona gauza batean, baina horretara jartzen ez bazara, hain ona ez denak berehala harrapatuko zaitu. Diziplina eta lan egiteko jarrerarekin oso urrutira iritsi zaitezke. Behar duzu aktibatuko zaituen txispa bat baina gero, batez ere, lan handia dago. Bokazioa, hori bai, uste dut beharrezkoa dela. Lanbide gogorra da gurea eta benetan gustatu behar zaizu aurrera egiteko. Gustatuta ere, ez dira beti baldintzak ematen nahi duzuna lortzeko.

 

«Diziplina eta lan egiteko jarrerarekin oso urrutira iritsi zaitezke [...] Lanbide gogorra da gurea eta benetan gustatu behar zaizu aurrera egiteko»

 

Zuk zein dohain dauzkazula esango zenuke?

Ez da erraza esaten, geure buruaz gauza onak esatea kosta egiten zaigu. Ezer esatekotan, esango nuke badudala gaitasuna pertsonak ulertzeko, sentikortasuna, egoera ezberdinetan emozioak hautemateko. Adibidez, pertsonaia bati aurre egiterakoan nahikoa erraz irakurtzen dut zein den bere egoera emozionala. Hortik abiatuta neure terrenora eramaten saiatzen naiz, eta daukadan hori eskaintzen diot pertsonaiari.

Zure fisikoak ere badu zerikusia eskaini dizuten paperetan?

Bai, naizena baino gazteagoa dirudit. Nik interpretatu ditudan zenbait paper, nire adineko aktore batzuk ezingo lituzkete egin. Nik jokatu ditudan pertsonaia gehienak, gutxienez, ni baino bospasei urte gazteagoak dira. Momentu bakoitzean bilatzen duten fisikoaren araberakoa da, eta batzuetan nire fisikoa mesederako da eta besteetan ez. Nik daukadanarekin jokatu behar dut, ezin baitut aldatu daukadan itxura.

Nondik abiatzen duzu pertsonaia bat gorpuzteko lana?

Oso prozesu polita da. Hasteko garrantzitsuena gidoia irakurtzea da, batere epairik gabe, inongo aurreiritzirik gabe. Behin informazio hori jaso ondoren hasten naiz pertsonaia eraikitzen. Oso lan intuitiboa da eta zaila egiten zait esplikatzea. Intuizioarekin jokatzen dut, gorputzarekin eta momentuko energiarekin. Irakurri, egoera analizatu, zergatietan arakatu eta zantzu horiek edukitzerakoan pertsonaia gorpuzten joaten naiz; nola hitz egingo lukeen, nola ibiliko litzatekeen, gorputza nola mugituko lukeen... Forma ematen hasten naiz, sortzen, azken batean.

Barruan daramatzazu orain arte interpretatu dituzun pertsonaiak?

Pertsonaia guztiek dute zerbait gurea eta guk beti eramaten dugu zerbait haiena. Nik nahiko ondo jakiten dut bereizten. Hartzen diet kariñoa, baina badakit behar den garaian pertsonaia alde batera uzten. Nik jokatu ditudan pertsonaiek gauza oso politak utzi dizkidate.

Interpretatu dituzun pertsonaia guztien artean baduzu bereziki gogoan gordetzen duzunik?

Uste dut denek utzi didatela arrastoa. Akelarre pelikulan egin nuenak markatu ninduen, eta gero, Perpetua felicidad film laburreko pertsonaiari maitasun handi-handia diot. Pertsonaiari baino gehiago proiektuari, esango nuke. Isa Luengo eta Sofia Esteve izan ziren zuzendariak eta sortu zen lantaldea paregabea izan zen. Oso ondo zaindu zuten guztia, lehenengo detailetik azkeneraino. Ia hiru aste eman nituen Madrilen grabazio lanetan. Nerabe baten pertsonaia interpretatu nuen eta aitarekin duen harremanaz jarduten du pelikulak. Biak bilaketa batean ari dira: alaba bere sexualitatea deskubritzen, eta aita, aldi berean, bere ahotsa berreskuratzen, laringectomia bat egin ondoren. Musika ere oso presente zegoen pelikulan eta nik klarinetea jotzeko aukera izan nuen. Uste dut nire bizitza zeharkatzen duten gai garrantzitsuak jorratzen zituela film laburrak, oso modu poetikoan eta politean.

Emakumeen aginduetara aritu zara zineman eta gorpuztu dituzun pertsonaiek ere badute errebeldetik, aldarritik zerbait.

Zortekoa naiz emakumeak oso presente dauden proiektuetan lan egitea tokatu zidalako. Eskertuta nago. Aldatzen ari dira gauzak eta oraindik gehiago aldatu beharko liratekeela uste dut. Lanbideko jende asko ari da ikuspegi horretatik lanketa egiten eta erreferentetzat dauzkat. Borroka asko egin behar izan dute hor egoteko, eta hortik dator, neurri batean haien talentua. Uste dut berdintasunaren aldeko borroka hori nigan ere badagoela eta pozik nago egin ditudan proiektuetan kontatzen denak bat egiten duelako nire ideiekin. Ni naizenarekin eta nik pentsatu eta sentitzen dudanarekin bat datoz egin ditudan pertsonaia gehienak.

Inoiz jokatu behar izan duzu zurekin bat ez datorren pertsonaiarik?

Ez da beti gertatzen zure ideiekin bat datorren pertsonaia jokatzea. Askotan guk sinesten ez ditugun gauzak kontatzea tokatzen zaigu, edo injustuak iruditzen zaizkigunak esatea. Beste batzuetan, batere etikoak ez diren moduetara lan egin behar izaten dugu. Oraingoz, baiezkoa esan izan diot guztiari, lana behar dudalako. Baina zorionez, ez didate nigandik oso apartekoa den ezer eskaini, momentuz behintzat.

Jarraitzen duzu ingurukoek egiten dutena? Kontsumitzen duzu kultura?

Bai. Gustatzen zait ikustea zer egiten duen jendeak, zer kontatzen duen eta nola. Aldi berean, gozamen iturri ere bada niretzako kultura, balio dit abstraitzeko. Ikasle garaian gehiago joaten ginen begi kritikoarekin, besteen akatsa non topatuko. Gaur egun mantentzen dut irizpide kritikoa, baino berreskuratu dut hasierako Garazi hori, disfrutatzera doana, sentsazioak bizitzeko prest dagoena. Perspektiba horrekin joaten naiz, izan ere, hainbeste gauza polit egiten dira. Agertokian hartzen diren erabaki guztiek badute arrazoi bat eta uste dut bakoitzak bere modura jasotzen dituela. Beti dago zer ikasia.

Antzerkia probatu duzu, zinema ere bai eta orain telebista.

Egia esan gustura nabil medio guztietan. Zorioneko sentitzen naiz hainbat diziplina probatzeko aukera izan dudalako. Antzerkian hasi nintzen eta zinemarena sorpresa bat izan zen. Filmatzearen mundu hori asko gustatu zitzaidan, erakarri ninduen beste modu horretara lan egiteak. Orain telebista probatu dut eta hemendik aurrera denak uztartzen jarraitu nahi nuke.

Nola sortu zaizu ‘Go!azen’ telesailean parte hartzeko aukera?

Behin ere ez nuen probatu aurretik eta aurten animatu egin nintzen. Bideotxo bat eskatzen zuten aurkezpen modura eta maiatzean hots egin zidaten gustatu zitzaiela esanez, casting-era joateko eskatuz. Casting bat bestearen atzetik egin eta maiatza bukaeran barruan nengoela esan zidaten arte. Handik bi astera, dena prestatzen hasi ginen, segida-segidan joan da dena. Oihaneren pertsonaia jokatuko dut. Lehen aldiz Basakabira udalekuetara doan neskato bat da, kozinatzea asko gustatzen zaiona. Telesailean abentura asko biziko ditu. Oso pertsonaia bizia da, pasioa eta laguntasuna gaiaren inguruan ardaztuko da, eta gauzak oso garbi izango ditu.

Nolako lana izan da grabazioarena?

Astelehenetik ostiralera egunero 10 lanorduko egunak egin ditugu. Udan grabatu dugu oso erritmo bizian. Zorionez, lantaldean oso giro polita sortu dugu eta harreman ederrak egin ditugu elkarrekin. 13 lagun ateratzen gara pantailan, baina lantalde zabalak hartzen du parte grabazioan. Aurten, Donostian, Urnietan eta Irunen grabatu dugu.

Eta kantuan zer moduz?

Hasieran urduri abesti asko direlako, baina konfiantza hartu dudan heinean geroz eta hobeto. Karreran kantu klaseak jaso nituen, hortaz, kantatzearena ez zitzaidan erabat arrotza egiten. Gainera, Akelarre filmaren soinu banda ere estudioan grabatu nuen eta banuen esperientzia pixka bat. Musika gustuko dudanez, abestiak ikasteko eta intonatzeko ez dut zailtasunik eduki. Oraingo honetan, Iker Laurobaren estudioan grabatu ditugu abestiak eta esperientzia polita izan da.

Arrakasta handia du telesailak gaztetxoen artean. Prest al zaude gainera datorkizun olaturako?

Ez dakit. Udan umeekin harremana izan dut dagoeneko, nire lankideetako asko aurreko denboraldietatik ezagunak direnez, argazkiak ateratzeko edo sinadurak eskatzeko kalean gelditu izan naute haiekin ikusi nautenean. Oraingoz anonimoa izaten jarraitzen dut, baina azarotik aurrera ikusiko da zer gertatzen den. Etorriko dena etorriko da eta ahalik eta ondoen eramango dut. Dena den, gauza polita da umeen inozentzia eta ilusio hori ikustea.

ETBk euskaraz ekoizten duen fikziozko lan gutxienetako bat da 'Go!azen' Uste duzu lan gehiago sustatu beharko liratekeela euskaraz?

Bai. Pena da. Aukera handia dago gauza gehiago egiteko. Lantalde tekniko zein artistiko oso onak dauzkagu, eta batez ere, gauza asko kontatzeko. Fikzioa kontsumituko lukeen ikusleria badagoela iruditzen zait. Ikustea besterik ez dago Go!azen edo Irabazi Arte bezalako telesailek gaztetxoen artean duten arrakasta. Dena alde dugu, apustua egitea falta da. Industriak behar du eta euskarak ere bai.

 

«[Euskarazko sorkuntzaz] Dena alde dugu, apustua egitea falta da. Industriak behar du eta euskarak ere bai»

 

Zenbateraino da garrantzitsua zuretzat euskaraz lan egitea?

Hemen Euskal Herrian gauza asko egiten dira eta honen parte ere izan nahi dut. Oso garrantzitsua da niretzat euskaraz lan egitea. Oso eskertuta nago orain arte nire hizkuntzan aritzeko aukera izan dudalako.

Zure lan eremua Euskal Herria da, edo kanpora ateratzeko gogoa ere baduzu?

Orain hemen nago baina beti gustatu izan zait kanpora joatea eta bidaiatzea. Karrera bukatu nuenean urtebete eman nuen Madrilen ikastaroak egiten. Baina, kuriosoki, urte hartan egin nuen lan guztia Euskal Herrian egin nuen. Azkenean bueltatzea erabaki nuen. Dena den, lanagatik bada, gustura mugituko naiz behar den tokira. Ez dut alboratzen formazioagatik edo edozein egoera bitalagatik beste tokiren batean egotea.

Zuen ofizioaren ezegonkortasunak nola eragiten dizu?

Gure ofizioko gehienok inoiz pentsatu izan dugu lanbidea uztea. Oso profesio polita da, guk barru-barrutik bizi dugu, maitasun handiarekin, baina gogorra da. Zeure izate guztiarekin egotea eskatzen dizu eta beti ez da posible izaten. Borroka egin behar da langintza honetan irauteko. Lan asko egin arren, beti ez dituzu fruituak ikusten. Badaude momentu oso oparoak, lan handikoak, baina baita momentu zailak ere. Ni aritu izan naiz irakasle edota ostalaritzan zerbitzari, adibidez. Hilabete batean lanik ez, eta hurrengorako ere akaso ez duzu ezer aurreikusten. Ez dakizu lan batean hasi, hitz eman zizuten paper hori eskaini diezazuketelako egun batetik bestera, edo egun bateko lana bihurtu daiteke aukera bat lan gehiago lortzeko. Hori dena kudeatzea ez da erraza. Momentu baxu horietan ahal den neurrian eutsi egin behar zaio eta denbora hori sortzeko baliatu. Uste dut guk geuk ere sor dezakegula lana guretzako, beti zain egon gabe. Probokatu ditzakegu momentuak eta apustua egin. Gero, gauza batzuk aterako dira eta beste gauza batzuk ez, baina apusturik egin gabe eta sofan eserita egonda ez da inor gure bila etorriko. Aktibo mantentzea garrantzitsua da.

Hodei Arrastoa zizurkildarrak eta biok ‘Enkantea’ audio-fikzioa sortu duzue. Nondik nora dator zuen arteko elkarlana?

Oso ondo moldatzen gara elkarrekin, elkar ondo ezagutzen dugu eta ideia berdintsuak dauzkagu. Zarata izeneko audio-gida horretan parte hartu nuen bere testuetako bati ahotsa jarriz. Elkarlan horretatik abiatuta, beharra sortu zitzaigun espazio bat eratzeko, gure gauzak sortu, gure gauzak kontatu eta materialak ekoizteko, pentsatuz horrek momenturen batean lana ahalbidetu ziezagukeela. Ipuin batzuk sortu genituen iaz eta duela urtebete Tabakalerak eta EITBk elkarrekin deialdi bat atera zutela ikusi genuen, fikziozko podcastak sortzeko. Animatu ginen eta txosten mardul bat eskatu ziguten abiapuntu bezala. Hori idazteari ekin genion lau eskutara, hiru astetan, buru-belarri. Behin lana entregatuta, urte hasieran esan ziguten gure proiektua aukeratua izan zela garapen faserako, idazte faserako. Hiru hilez aritu gara gidoia idazten. Laguntza jaso dugu horretarako eta Harkaitz Cano izan dugu mentore. Pribilegio bat izan da berekin lan egitea, idazle ona da eta pertsona hobea. Oso aberasgarria izan da eta eskertuta gaude.

Noiz estreinatuko da audio-fikzioa?

Xabi Paiaren audio-fikzioa aukeratu zuten proiektua gauzatu ahal izateko eta EITBn eskaintzeko. Gurea ere asko gustatu zitzaienez, ekoiztea erabaki dute eta oraintsu grabatu dugu. Hodeik eta biok idatzi, zuzendu eta interpretatu dugu podcasta. Beste zortzi aktorek parte hartu dute eta oso interesgarria izan da. Aritz Leterekin Lera estudioetan aritu gara eta EITBk estreinatuko duen plataforma berri batean hemendik gutxira izango da entzungai.

Zein asmo dituzu epe motzera?

Antzerki lan batean hastekotan naiz azaroan, Tanttaka konpainiarekin. Orain arte aritu den aktoreak ezingo du jarraitu beste lan batzuk sortu zaizkiolako, eta nik hartuko dut haren lekukoa. Pozik nago berriro oholtzan ariko naizelako. Go!azen-ekin kontzertu bira bat ere egiten da urtero baina oraindik ez dakigu gutako zeinek parte hartuko duen eta noiz hasiko den bira.

Non irudikatzen duzu zeure burua hemendik urte batzuetara?

Nire asmoa lanean jarraitzea da, ahalik eta gehien antzerkian, zineman eta telebistan. Interpretatzen eta idazten. Sortzen jarraitu nahi nuke, azken batean. Enkantea bezala gauza gehiago sortzea gustatuko litzaidake. Apustua ez da erraza baina konbentzituta nago, behar den guztia egingo dut.

Zortea da bizi duzun momentua edo egindako lanaren ordaina?

Gauza askok egiten dute bat, baina proiektuak aurrera ateratzen bazaizkit da lan asko egin dudalako. Jarrerarik eta lanik gabe ez da zorterik izaten. Orain Enkantea audio-fikzioarekin ikasi dut, baietz, nagusiki, lana dela gure ofizioaren parterik inportanteena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!