2025eko ordenantza fiskalak onartu ditu udalbatzak

Ataria 2024ko urr. 1a, 11:59

Europatik datorren zuzentarauari egokitzeko %40ko igoera izango du etxebizitzetako hondakinen tasak. Igoera «gehiegizkoa» dela iritzita, EAJ eta PSE-EE abstenitu egin dira ordenantza fiskalak erabakitzeko bozketan.

Amasa-Villabonako udalbatzak 2025 urteko ordenantza fiskalak onartu ditu. Udal gobernuaren proposamena gehiengoz onartu dute EH Bilduko ordezkarien babesarekin eta EAJ eta PSE-EE abstentzioarekin.

Udal zerga eta tasa gehienek %3,37ko igoera izango dute. Portzentaje hori 2024ko urtarriletik abuztura bitartean Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian KPIaren igoeraren batezbestekoa dela jakinarazi du udal gobernuak.

Kopuru horretatik nabarmen gora egin duen tasa hondakinena izan da. Etxebizitzetako hondakin tasa %40 igoko da datorren urtean, hiruhileko bakoitzeko 10 euro, etxe bakoitzeko urtean 40 euro alegia. Industria-lokalek, supermerkatuek eta banketxeek ordaintzen duten hondakin tasari, berriz, %60ko igoera aplikatuko zaio.

Udal gobernuak azaldu duenez hondakinen kudeaketa egiten duten udalei hainbat betebehar ezartzen dizkie Europar Batasunaren 2008/98/EE zuzentarauak. Herrian biltzen diren hondakin guztien kudeaketa integralaren gastu osoa, herritarren tasen bidez finantzatu behar dute udalek. Udal gobernuak 2024ko datuak eman ditu ezagutzera eta aipatu du Tolosaldeko Mankomunitateari aurten 454.000 euro ordainduko dizkiola herriko hondakinak bildu, kudeatu eta tratatzeagatik. «Tasetatik soilik 340.000 euro biltzen ditu udalak, kostu guztiaren %75a. Falta liratekeen 114.000 euroak udalek bere aurrekontutik ordainduko ditu aurten, baina datorren urtean herritarren tasen igoeratik jaso beharko du kopuru hori».

Ohar batean udal gobernuak «atsekabea» adierazi du tasa honetan igoera tamaina honetako igoera «derrigorrez» aplikatu behar izan duelako eta aurreratu du hondakinen eta uraren tasak ordaintzeko udalak eskaintzen dituen diru laguntzak igo eta zabalduko dituela, «pertsona zaurgarrien egoera are gehiago okertu ez dadin».

EAJren kritika

Amasa-Villabonako EAJko udal taldekideen ustez hondakinen tasan onartutako igoera «gehiegizkoa» da. Igoera progresiboki eta urte ezberdinetan egitea proposatu arren, jeltzaleek esan dute udal gobernuak igoera bat-batean planteatu duela: «EH Bilduren aurreikuspen eta planifikazio faltaren emaitza da».

Gainera EAJk uste du tasaren igoerak ez duela Europako zuzentarauak zehazten duena betetzen, ez baitio zabor gehien sorten duenak gehiago ordaintzearen printzipioari erantzuten. «EH Bilduko gobernuak amasar eta billabonatar guztiei %40 igo die tasa, etxebizitzan zenbat kide bizi diren edota horiek birziklatzen duten ala ez kontuan hartu gabe», esan dute jeltzaleek. Amasa-Villabonako EAJk EH Bilduren gobernuari eskatu dio, «herritarrak tasen igoerekin ito beharrean», plangintza «serio eta sakon» bat egiteko. Diru sarrerak bezain garrantzitsutzat dute jeltzaleek sortzen diren gastuak eta kiroldegiaren kudeaketari erreferentzia eginez aipatu dute Amasa-Villabonako herriak «zulo» handia duela 2022ko martxotik.

%5eko igoera kiroldegian

Aurten Olaederra kiroldegiko tarifak izoztuta mantendu dira, kirol kantxaren zerbitzua etenda egon delako. Datorren urtean, ordea, prezioak eguneratu egingo dira eta %5eko igoera aplikatuko zaie. Udalak kiroldegiak eskaintzen dituen zerbitzuen «kalitatea eta iraunkortasuna» bermatu nahi ditu.

Erroldatuen eta erroldatu gabeen arteko prezioen aldeak ezabatu egin behar dira legez eta honenbestez, kiroldegiko ikastaro batzuetan eta udalak antolatzen dituen kultur ikastaroetan prezioak bateratu egingo dituzte. «Herrian erroldatutako pertsonek ahalik eta kalte gutxien egiteko ahalegina egingo dugu», aipatu dute udal gobernutik.

Bide batez, udalbatzak orain arte aplikatu diren hobari guztiak indarrean mantentzea erabaki du. OHZ Ondasun Higiezinen gaineko Zergari dagokionez, hobariak handitu egingo ditu udalak 2025ean. Familia ugariek %90eko hobaria izango dute.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Bizigune etxebizitzak alokatzeko programan parte hartzen duten etxebizitzek %99ko hobaria izango dute OHZn. Bestalde, etxebizitza hutsak dituztenek %100eko errekargua izango dute. «Erabilerarik ez duten etxebizitzen merkaturatzea sustatzeko helburua du errekargu honek, 250 etxebizitza baino gehiago baitaude hutsik gure udalerrian eta herritar askok arazoak dituztelako Amasa-Villabonan bertan bizilekua topatzeko. Beraz, errekargu honekin, udalak etxebizitza huts horien jabeak bultzatu nahi ditu etxeak salgai, edo batez ere, alokairuan jartzera».

Horrez gain, zerga horretan bertan, %50eko hobari berri bat gehitu dute garajeetan ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak dituztenentzat eta puntu horiek instalatzeko lanak gauzatzen dituztenek, obren gaineko tasan, %50eko hobaria izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!