Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak bere I. Mendi Martxa ospatu du Villabonan

Ataria 2024ko ira. 28a, 19:25

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak antolatutako martxa solidarioan 400 parte hartzaile inguru izan dira eta Villabonako herria elkartasunez bete dute.

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak elkartasunez bete ditu Villabonako kaleak gaur egin den Minbiziaren Aurkako I. Mendi martxaren edizioarekin. Guztira, 400 lagun inguruk eman du izena ekimen solidarioan, eta mendi martxan atera direnak 320 inguru izan dira. Horrela, eta lehen urtez, Villabona berdez estali da jardunaldi honetan. Bildutako guztia elkarteak pazienteei eta senideei doako zerbitzuak eta arreta eskaintzen jarraitzeko erabiliko da.

Mendi martxa honekin elkartearen helburua ahalik eta paziente eta senide gehien artatzea da izen-emateekin bildutako diruari esker. Beste behin ere, Gipuzkoako gizarteak elkartearekiko elkartasuna eta konpromisoa erakutsi du, izan ere, bere parte hartzeari esker, paziente eta senide berriak artatu ahal izango dira elkarteak eskaintzen dituen doako zerbitzuetan: terapia psikologikoa, arreta soziala, material ortopedikoaren mailegua, etab.

Mendi martxa 7,7 kilometrokoa izan da, eta herritar guztiei zuzendutako proba solidarioa izan da. 09:30ean hasi da eta Berdura Plazan izan da irteera eta helmuga. Amasa-Villabonako I. Kirol Astearen barruan egin da egitasmoa. Mendi martxaren ondoren, parte hartzaile guztiek hainbat jardueraz gozatzeko aukera izan dute: aisialdiko jolasak (Irrika aisialdi Taldearen eskutik), buruhandiak, Villabonako Eresargi abesbatza eta Amaia Agirre bertsolaria. Jardunaldian zehar, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak karpa bat ere jarri du jolasen bitartez, zientzia eta minbiziaren ikerketa gizartera hurbiltzeko eta gaztetxoen artean bokazio zientifikoak pizteko helburuarekin.

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartetik eskerrak eman nahi dizkiete beren parte hartzearekin elkartasuna adierazi duten pertsona guztiei. «Beraien laguntzari esker, elkarteak minbizia duten paziente eta senideei doako zerbitzuak eta arreta eskaintzen jarraitu ahal izango du. Eskerrik asko ekimen honetan parte hartu nahi izan duten eta Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartea laguntzea erabaki duten pertsona guztiei gaur Villabonan sortu den elkartasun giroan parte hartuz eta bertara hurbilduz», esan dute elkartetik. «Jakina, ez ditugu ahaztu nahi gure boluntario guztiak, beraiei esker ekitaldi hau egin ahal izan dugu eta».

Elkartetik eskerrak eman nahi dizkiote CMO Valves enpresari martxaren babesle nagusia izateagatik, Villabonako Udalari eta Aizkardi Mendizale Elkarteari, beraien ezinbesteko laguntzagatik, eta gainerako kolaboratzaileei: Eresargi Abesbatza, Irrika Aisialdi Taldea, Irrintzi elkartea, ATARIA, Solan de Cabras, El Diario Vasco, Gurutze Gorria, Noticias de Gipuzkoa, Dioni Frutas eta Aneto. «Jardunaldi honek balio izan du, halaber, kirolaren bidez bizitza eta elikadura osasuntsua izateak minbiziaren prebentzioan funtsezko elementu gisa duen garrantzia azpimarratzeko», gaineratu dute elkartetik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!