Ekitaldiz betetako Kirol Astea

Ataria 2024ko ira. 20a, 11:58

Udal ordezkariak eta herriko hainbat kirol elkarteko ordezkariak, atzo egindako aurkezpenean.

Aurten, aurrenekoz, Kirol Astea antolatu du Amasa-Villabonako Udalak, herriko kirol elkarteekin elkarlanean. Irailaren 23tik 29ra askotariko jarduerak egin ahal izango dira herrian.

I. Kirol Astea egingo da datorren astean Amasa-Villabonan, eta Beatriz Unzue alkateak azaldu du «energiaz beteko» dela herria. «Jarduera fisikoa eta ongizatea sustatzeko diseinatutako ekimena da, eta bidez batez, kirolak osasunean duen garrantzia eta talde-kirolen balioa nabarmendu, gizarte kohesioan eragin eta talde lana sustatu nahi ditu udalak».

Kirol Asteak programazio zabala eskainiko du, eta herrian praktikatu daitezkeen kirolak ezagutzeko aukera emango duela adierazi du Unzuek. «Gainera, kirolak osasunean duen eraginari buruzko hitzaldiak izango dira, tailerrak, irteerak eta baita bigarren eskuko azoka bat ere, kirol artikuluak prezio onenetan erosteko».

Eñaut Zelarain kirol zinegotziak gaineratu duenez, antolakuntza herriko hainbat elkarterekin lankidetzan izan da posible: «Urte osoan erakusten duten bezalaxe, ekitaldi eta jarduera hauek eskaintzeko konpromisoa eta dedikazioa erakutsi dute kirol elkarteek, eta udala benetan harro eta eskertuta dago hori guztiagatik». Egitaraua herrian dagoen kirol aukera zabalaren erakusle dela azaldu du Zelarainek. Besteak beste, euskal pilota, halterofilia, txirrindularitza, Nordik Walking, edota boleibola bezalako kirolak ezagutzeko aukera eskainiko du Kirol Asteak, baita Olaederra Kiroldegian eskaintzen diren ikastaroak ere.

Aipamen berezia merezi du, Zelarainen esanetan, Minbiziaren Aurkako Elkarteak antolatu duen I. Mendi Martxak: «Irailaren 28ko ekintza honekin minbiziaren gaixotasunaren inguruko tabu soziala desagerrarazi nahi da, eta udalak herritar guztiak animatu nahi ditu ekintza solidario honetan parte hartzera». Horrez gain, irailaren 27an, ostirala, Erremontari Herriz Herri erremonte profesionalaren jaialdia ere izango da Villabonako pilotalekuan, «adin guztietako herritarren gozamenerako».

Unzue alkateak udalaren izenean egitasmoa antolatzerakoan parte hartu duten herriko kirol elkarte guztiei esker ona adierazi die. «Harro egotekoa da komunitatearen mesedetan lan egiten duten talde konprometituak izatea». Era berean, dei egin die Amasa-Villabonako herritar guztiei «kirolaren ospakizun honetan parte hartzera. Pertsona bakoitzaren egoera fisikoak ez du axola, garrantzitsuena parte hartzea eta kirolarekin gozatzea da; Kirol Aste hau guztiontzat irekia da». Unzuek gaineratu duenez, «gure bizi kalitatean garrantzia berezia du kirolak eta onura esanguratsuak ditu gure osasunean, beraz, ez galdu parte hartzeko aukera eta gozatu ekintza desberdinez jositako kirol aste honekin».

Egitaraua

Irailak 23, astelehena

  • 17:00. Paleta, Behar Zana pilotalekuan. Behar Zana pilota Eskolak sustatu.
  • 18:00. Bola tiraldi erakustaldia, bolatokia. Behar Zana Pilota Elkarteko Bola sailak sustatua.
  • 19:00. Futbola Arratzaingo futbol zelaian. Aiztondo Neskide Kirol Klubaren erakustaldia.

Irailak 24, asteartea

  • 17:00. Joko Garbia, Behar Zana pilotalekuan. Behar Zana pilota Eskolak sustatua.
  • 18:00. Hitzaldia: 'Ekin osasunaren alde', Subijana etxean. Hizlariak: Maider Sierra (Minbiziaren Aurka Gipuzkoan Elkarteko prebentzioko lankidea, psikologoa) eta Iñaki Añorga (Jarduera Fisikoa eta Kirolean lizentziatua).

Irailak 25, asteazkena

  • 17:00. Eskuz, Behar Zana pilotalekuan. Behar Zana pilota Eskolak sustatua.
  • 17:30. Multiekintzak, Erreboteko plazan. Eskola Kirola Elkartearen erakustaldia.
  • 18:00. Hitzaldia: 'Emakumea eta kirola. Kirolak hilekoan duen eragina'. Subijana etxean. Hizlariak: Maialen Albistur (Emagina) eta Alazne Apalantza (Fisioterapeuta).
  • 19:00. Futbola, Arratzaingo futbol zelaia. Billabona Futbol Klubaren erakustaldia.

Irailak 26, osteguna

  • Olaederra kiroldegiak sustatutako doako ikastaroen eskaintza (beharrezkoa aurrez izena ematea).
    • 09:00-10:00. Pilates.
      10:15-11:15. Master Class (ikastetxeak).
    • 11:30-12:15. Cycling (ikastetxeak).
    • 12:30-13:00. Procircuit.
  • 17:00. Pala, joko garbia, eskuz, Behar Zana pilotalekuan. Behar Zana pilota Eskolak sustatua.

Irailak 27, ostirala

  • Olaederra kiroldegiak sustatutako doako ikastaroen eskaintza (beharrezkoa aurrez izena ematea).
    • 09:00-09:45. Cycling.

    • 10:00-11:00. Master Class.

    • 11:15-12:15. Master Class (ikastetxeak).

    • 12:30-13:15. Cycling (ikastetxeak).

  • 17:30. Halterofilia, Erreboteko plazan. Denok Danena Halterofilia Klubaren erakustaldia.

  • 18:00-19:30. Txirrindularitza, Erreboteko plazan Ginkana, bizikleta ariketa-trebetasunak egiteko zirkuitua eta azoka txikia. Danena Txirrindularitza Elkarteak sustatuta.

  • 18:30. Erremontari Herriz Herri Jaialdia, Behar Zana pilotalekuan.

  • 19:00. Boleibola, Arratzaingo kiroldegian. Aiztondo Neskide Kirol Klubaren erakustaldia.

Irailak 28, larunbata

  • 09:00-12:00. I. Mendi Martxa, Erreboteko plazan. Minbiziaren Aurka eta Aizkardi Mendi Elkarteek elkarlanean antolatuta.
    • 11:30. Buruhandiak eta haurrentzako jolasak. Irrika Aisialdi Elkartearen partaidetzarekin.

    • 12:30. Eresargi Abesbatzaren emanaldia.

    • 13:00. Amaia Agirre bertsolaria.

  • 11:00. Xakea, aldi bereko partida irekia, Berdura plazan. Villabona Xake Joku Elkarteak antolatuta.

Irailak 29, igandea
 
  • 10:00. Mendi bizikleta irteera, Malkar plazatik. Danena Txirrindularitza Elkarteak sustatua.
  • 10:00-11:30. Nordic Walking, Malkar plazan. Tailerra, Oria Ibaia Nordic Walking elkarteak antolatuta. Gehienez 20 pertsona. Ipar Martxa Irteera, Malkar plazatik abiatuta, doakoa eta nahi duten guztientzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!