ERREPORTAJEA

Sormenaren bidez begirada irekitzea

Imanol Garcia Landa 2024ko ira. 20a, 07:59

Mirari Errondorosoro. I.G.L.

Sorkuntza egitasmo bat jarriko dute abian Andragorak eta 
Mirari Errondosorok bihartik aurrera, hondakinen eta biomaterialen inguruan, emakumeen arteko elkarlana sustatuz. 

Mirari Errondosorok (Villabona, 1973) gidatuta, Emakumeen elkarlana sukaldatzen. Hondakinekin sortutako biomaterialak eta gehiago egitasmoa egingo da Andragoraren bitartez. Bihar, Andragoran bertan egingo da aurkezpen saioa, eta parte hartu nahi duten guztiei zuzenduta dago. Egitasmoan parte hartzeko emakumezkoa eta 18 urtetik gorakoa izan behar da. Lehendabiziko saio horren ondoren bost tailer egingo dira, bakoitza herri batean, eta proiektuari amaiera emango zaio Andragora eraikinean egingo den instalazioarekin.

Egitasmoan «sukaldatu» egingo dutela esan du Errondosorok. Proiektuaren zergatia azalduko da lehen saioan, nondik eta nora joan nahi den, eta Errondosorok eramango ditu berak sortutako biomaterial batzuk, parte hartzaileek ikus ditzaten adibide batzuk. «Hortik aurrera nola joango den gauzatzen parte hartzaileen araberakoa izango da», azaldu du. «Nik tanta bat jarriko dut, eta gero denon artean sortuko dugu».

Azken urteotan hondakinekin sortutako materiala sortzen ari da Errondosoro: kafe hondarrekin, tipula azalekin, arrautza azalekin,... «Eskura ditugun hondakin horiek dira, zakarretara bota ohi ditugunak eta gero kasu handiegirik egiten ez diegunak». Horiek jaso egiten ditu eta gero elaborazio bat egiten du, material bat gauzatuz eta gero material horrekin beste gauza bat sortuz. Berak erakutsiko du material hori sortzeko egin behar den prozesua.

Sortzen diren material horien artean bioplastikoa aipatu du, eta baita biozeramika edo bioehuna... «Bioplastikoa esaten dugunean, deitzeko modu bat da», zehaztu du Errondosorok. «Gauza berriak sortzen ditugunean askotan erreferentziak behar izaten ditugu, bestela galdu egiten gara. Beraz, denok errazago ulertzeko, bioplastikoa deitzen zaio, plastiko itxura duelako eta hondakinekin sortua. Hori bai, erabat organikoa da». Hori elaboratzeko prozesu bat jarraitu behar da. Adibidez, kafe hondarrak hartuz gero, hori kozinatu egiten da, eta malgutasuna emango dion produktu bat gehitzen zaio eta beste bat gorputza emango diona. «Horregatik esaten dut sukaldatu egingo dugula, materialak sortzeko prozesu hori egingo dugulako, suaren inguruan elkartuz. Jartzen diogun produktu kopuruaren arabera, malguagoa edo zurrunagoa izango da sortutakoa».

Parte hartzaileen ekarpenei zabalik

Proiektua bideratuta dago Andragoran jarriko den instalazio batera, eta asmoa da lanpara bat sortzea. «Parte hartuko dugun emakumeok argi bat jarriko dugu, sinbolikoki jokatuz, eta beste emakumeentzako argia izateko helburuz», azaldu du Errondosorok. Hondakinekin egingo dute lana, baina proiektua ere irekita dago, hau da, parte hartzaileek beste material batzuekin lan egiten badute eta beste trebetasun batzuk badituzte, horiek ere txertatzeko. Denen ekarpenak ongi etorriak izango direla azaldu du. «Lehen saio horretan asmoa da ezagutzen joatea, hartu-eman hori lortzeko, eta gero herri bakoitzera joaten naizenean ikusiko dugu nondik nora joango den. Eta ordurako, beraiek ere pentsatzeko aukera izango dute egin nahi duten ekarpena». Proiektu «irekia» dela garbi utzi du Errondosorok, eta instalaziorako asmoa lanpara bat sortzea bada ere, aukerak zabalik daudela azaldu du.

Tailerrak Tolosaz aparteko bost herritan egitea erabaki dute. Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxea Tolosan bertan dago, eta aurkezpen saioa eta bukaerako instalazioa bertan egingo denez, egitasmoa zabaldu nahi izan dute eskualdean zehar. Beraz, tailerrak Asteasun, Gaztelun, Altzon, Anoetan eta Berrobin egingo dira. «Tolosa herri handiena denez, bertan emakume gehiago izaten da, eta beraien artean badituzte elkarlanak eta ezagutzak. Beraz, lortu nahi dena da herri txikiagoetan dauden emakumeak ere Andragorara gerturatzea. Tailerretara edozein herritako emakumeak joan daitezke». Tailerrak doan izango dira, eta Errondosorok gaineratu duenez, aurkezpen saiora joatea gomendagarria da: «Tailerretara joateko aukerarik ez izan arren, interesgarria da biomaterialei eta hondakinei buruzko ezagutza hori izatea, eta horrez gain, emakumeen artean ezagutzeko aukera izango dugu».

Horrelako beste egitasmo bat gidatu zuen iaz Errondosorok, ZerainLab elkarteak bultzatuta. «Azken finean egin nahi zen lana berdina zen, herrien arteko elkarlana eta ezagutza horiek izatea. Herri txikiek hori dute askotan, herri txiki horietan geratzen garela eta ez dugula elkar ezagutzen». Eta oraingo honetan, besteak beste, Tolosaldeko bost herritan egingo diren tailerrekin, hori da asmoetako bat, elkarlan hori sustatzea.

Artearen munduan emakumeek gero eta ikusgarritasun gehiago dutela dio Errondosorok, eta emakume gehiago ari direla lanean. «Baina oraindik gehiago aipatzen diren izenak gizonezkoenak dira. Nik uste dut emakumeok sortzeko ahalmen handia dugula, gugan duguna, baina sukaldaritzan gertatu ohi den moduan, ospetsuenak gizonezkoak dira». Bestalde, Errondosorok uste du emakumeek geroz eta presentzia gehiago dutela artean, kalean eta «leku guztietan».

Mundu berri bat

Biomaterialen inguruan duela lau bat urte hasi zen Errondosoro. «Gauza asko bezala, kasualitatez izan zen. Niri askotan gertatzen zait, edo sortzen zait, zerbaitek klik moduko bat egitea». Behin kaletik zihoala kartel bat ikusi zuen hitzaldi baten inguruan, eta izenburuak arreta piztu zion. Joateko aukera zuen eta bertaratu zen. «Hitzaldi horretan klik bat izan nuen, neure buruari galdetuz ea hau zer ote zen. Pertsona batek biomaterialekin lana egiten zuen eta niretzako mundu berri bat ireki zitzaidan».

Hori izan zuen abiapuntua eta orain pasio bihurtu da berarentzako: «Nik orain hondakin gutxi ikusten ditut, altxorrak ikusten ditut. Niretzat hondakinak altxorrak dira. Hondakina izaten da ikusi nahi ez dena, itsusia dena, ez dena erabiltzen... Kafe hondarra askotan loreontzira botako dugu, edo bestela botako dugu edukiontzira, eta gero zer gertatzen da horrekin, zer prozesu darama, non bukatzen da? Interesatzen zaigu nora joaten den?». Berak, etxean, zerbait zakarretara bota aurretik filtro bat pasatzen du, horrekin zerbait egin dezakeen pentsatuz. «Biltzen joaten naiz, ikusiz zer egin dezakedan horrekin. Nire ingurukoei horri buruz hitz egiten diet, eta niretzat pozgarria da, gertatu izan zaidan bezala, lagun baten alabak esatea, platano bat jan ondoren: 'Aizu, ama, zer egingo dut platano azal honekin, Mirariri emango diogu?'. Niretzako interesgarriena hori da, begirada irekitzea».

Alkizan bultzatzen den Sormenaren Kabian bekadun izan zen Errondosoro, eta berarentzako abiapuntu garrantzitsua izan zen: «Horrek eman zidan aukera, han egon nintzen denbora guztian, horretara bakarrik dedikatuta egotera. Sorkuntza lanetan gabiltzanok askotan beste lan bat behar dugu, ez delako erraza sorkuntzatik edo artisautzatik bizitzea». Hiru astetako beka izan zen, baina aukera izan zuen espazio batean denbora luzeagoz egoteko, eta sorkuntzak sortzeko.

Biomaterialekin egun, gehienbat, lanparak eta belarritakoak egiten ari da. «Jendeak behar du ukitu eta ulertu dezakeen produktu bat», esan du. «Niretzat ez da hori interes gehien duena, niretzako interesa duena begirada irekitze hori egitea da. Gero zer sortzen den eta zer egin daitekeen... Nik ingurukoei laguntzen badiet begirada irekitzen, kasu honetan hondakinekin inguruan, ba primeran». Bere interesa «txikian» dagoela dio: «Nik aldamenekoarekin hitz egin dezaket. Gero zabaltzen joaten bada, primeran». Errondosorok gaineratu duenez, begirada ireki hori beste esparru batzuetara zabaltzerakoan, beste bide asko ireki daitezke. «Azkenaldian biomaterialekin eta hondakinekin nabilen moduan, beste bide asko ireki daitezke. Nik interes asko ditut. Oihalgintzatik nator eta momentu honetan bide hau jorratzen ari naiz. Hemendik hiru urtera non nagoen eta zertan, ez dakit. Irekita egote hori da garrantzitsuena. Niri klik egin zidan moduan, agian beste norbaiti egiten dio».

Aurretik beste hainbat teknika landu eta sorkuntzak burutzen zituen Errondosorok, eta gaur egun ere horiekin jarraitzen du. Horietako bat da gyotaku izeneko teknika japoniarra da, arrainak estanpatzeko modu berezi bat. Horiez gain, haoriak egiten ditu, txaketa japoniarrak edo kimono motzak. Kimuri izenarekin sortu eta saltzen ditu bere sorkuntzak.

Azkenaldian, hondakinen eta biomaterialen inguruan murgilduta dago, eta sorkuntzaren alor hori zabaltzeko aukera du, besteak beste, Andragorarekin batera burutuko duten egitasmoarekin. «Edozein emakumerentzako da bihar hasiko dugun proiektua. Ez du sorkuntzako mundukoa izan behar. Denok dugu sorkuntza eta kuriositatea, eta egitasmo hau aukera da elkar ezagutu eta hartu-emanak sortzeko. Proposatuko dena erraza da egiteko; nik egin badezaket, edonork egin dezake». Deialdia egina dago. Hitzordua, bihar, 10:00etan, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean.

 

HITZORDUAK

Irailak 21, larunbata. Aurkezpen saioa, 10:00etan, Andragoran, Tolosan.

Irailak 28, larunbata. Tailerra, 10:00etan, Lizardi etxean, Asteasun.

Irailak 28, larunbata. Tailerra, 16:00etan, plazako eskolako eraikinean, Gaztelun.

Urriak 3, osteguna. Tailerra, 17:00etan, Etxolan, Berrobin.

Urriak 5, larunbata. Tailerra, 10:00etan, Hozpel kaleko lokalean, Anoetan.

Urriak 5, larunbata. Tailerra, 16:00etan, Batzarremuñon, Altzon.

Urriak 19, larunbata. Instalazioa jartzea, 10:00etan, Andragoran, Tolosan.

 

*Tailerretarako izena emateko: udaletxeetan, biomaterialakimuri@gmail.com edo 656 74 24 50 zenbakira whatsapp mezua bidaliz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!