Kantu berria argitaratu eta etena iragarri du Habik

Ataria 2024ko irailaren 19a

Denbora batez oholtzatik jaitsiko direla iragarri dute taldekideek. 'Løkanta' kantuarekin agurtu dira: «Ez goaz betirako, siesta bat egitera baizik».

2018ko azaroan Hitzak kantua sortu zuten Yeray Gasconek eta Jon Ander Artolak eta Habi izeneko musika proiektua abiatu zuten. Hiru disko luze, lau kantuko EP bat, Arimak denboran single bikoitza eta hamaika kolaborazio eta kontzertu egin dituzte.

«Urtero lan bat ateratzeko esfortzua egin dugu. Lana dago, lan asko kantua etxetik lokalera eramaten denetik estudioan ekoizten den arte. Eta estudioan nahastu eta masterizatzen denetik, fisikoki edo digitalki iruditxo batekin entzun daitekeen arte», esan dute ohar batean Habiko kideek.

Orain deskantsurako momentua iritsi dela iragarri dute: «Bizitzak pisu handiagoa hartu du, zaintza, lasaitasuna eta deskantsua behar ditugu indar gehiagorekin bueltatzeko». Dena «ondo» dagoela argitu dute, proiektu berriak eta ilusio asko dauzkatela, baina denbora batez oholtzatik jaitsiko direla.

Despedidarako kantu bat sortu dute, Løkanta, abesti «alai, indartsu eta dantzagarria». Denbora batez Habi lotan egongo dela iragartzeko sortu dute sehaska kanta. «Ez goaz isilik, ez goaz betirako, siesta bat egitera baizik. Disfrutatu esna gure single berria», esan dute publiko egindako oharrean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!