Olatz Beobide, Maitane Perez eta Nerea Arriola bihar, 19:30ean, Villabonako Gurea aretoan izango dira, «erruak astindu nahian, olagarroak haren zortzi erroak astintzen dituen moduan». Udalbiltzatik sustatutako Geuretik Sortuak bekari esker sortu zuten iaz Olagarrua antzerki lana eta programan parte hartu zuten udalerrietan eskaintzen ari dira azken hilabeteotan.
Gerturatzen diren herrietako erruak arintzea edo askatzea, erruaren pisuaz libratzea da antzerki lanaren helburua Arriolaren esanetan, eta aktoreak aitortu du erruarekiko duen ikuspegia aldatu zaiola lanketa abiatu zutenetik. Zumaian bekarekin egin zuten egonaldia baliatu zuten obra prestatzeko: «Oso aberasgarria izan zen prozesua eta oso eskertuta gaude. Bertako eragileekin hartu emana izan eta informazio baliagarria bildu genuen».
Prozesuan jakin zuten hiru aktoreek errua esaten zaiola Zumaian olagarroaren tentakuluari eta Arriolak umorez gogoratu du kulpari buruz galdetzera joan eta bestela ulertzen zietela zumaiarrek. Muntaia egiterakoan erabaki zuten Olagarrua izenburua jartzea piezari. Prozesuan kanpo begiradarekin lagundu zieten Iraia Elias eta Amancay Gaztañaga aktoreek eta dramaturgian alboan izan zuten Maialen Diaz Urriza.
Parez pareko bi mundu irudikatzen dira taula gainean, aktoreek zati batean publikoari hitz egiten diote, eta bestean, olagarro eta arrantzalearen arteko elkarrizketa «poetikoago» bat ematen dute. «Giro horiek bereizteko argiztapena eta musika oso lagungarriak dira», aipatu du Arriolak. Arantza Heredia arduratu da argien diseinuaz, Pascal Gaigne musikaz eta Eva Rodriguez eszenografiaz. Nati Ortiz de Zaratek lagundu die jantzitegiarekin.
Sorkuntzarako beka
Zumaian estreinatu zuten obra aurreko otsailean eta abiapuntu «polita» izan zela aipatu du Arriolak. Ordutik Geuretik Sortuak bekan parte hartzen duten udalerrietan eskaini dute emanaldia. Hogeita hamar udalerrik baino gehiagok hartu zuten parte egitasmoaren bigarren edizioan eta horietako askotan eskaini dute Olagarrua hiru aktoreek. «Garapena polita izan du antzerki lanak, herri bakoitzak bere gauzak eskaintzen dizkigu eta ederra da ikustea ñabarduretan nola joan den aberasten obra. Guk ere beste leku batetik gorpuzten dugu orain gure pertsonaia eta horrek erakusten du obra bizirik dagoela», esan du Arriolak.
Aktoreek publiko aurrean beren izenarekin aurkezten diren arren, pertsonaia bakoitzak bere berezitasunak ditu. Arriolarena, adibidez, «fantasia» gehien duen pertsonaia dela aitortu du aktoreak: «Olatzen pertsonaiak erru guztiak akabatu nahi ditu eta Maitanerenak, berriz, askatu. Ni, berriz, erruak eraldatu eta koloreztatzearen aldekoa naiz. Hiru profil ezberdin dira, eta bizitzan gertatu ohi den bezala, pertsonaietako bakoitzak arazo berdinaren aurrean modu ezberdinean egiten dio aurre».
Geuretik Sortuak bekari esker emanaldia udalerri askotan eskaintzeko aukera izan dute eta hori bereziki eskertzekoa dela esan du aktoreak. «Euskarazko sorkuntza sustatzeko beka garrantzitsua da. Guri zirkuitu bat bermatzen digu eta emanaldien testuingurua nola dagoen ikusita, oso aukera ona da. Beste modu batera iritsiko ez litzatekeen leku horietara iristen gara».
Amasa-Villabonan aurreko asteartean Lau elementuak izeneko film laburren bilduma eskaini zuten Geuretik Sortuak egitasmoaren barruan, eta bihar emango dute Olagarrua Gurea antzokian. 2023-2024 deialdiarekin Eñaut Aiartzaguena komikigileak egin zuen egonaldia Amasa-Villabonan eta aurreko otsailean sortutako lana erakutsi zuen Gurea erakusketa gelan.