Inbertsio eta mantenu lanak bermatzeko akordioa sinatu dute udalean ordezkaritza duten alderdiek Fleming herri eskolarekin

Ataria 2024ko ira. 18a, 15:00

Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoek adostu dute hitzarmena herri eskolaren zuzendaritzarekin. Datozen bi urteetako aurrekontuetan partida ekonomikoak sortuko dituzte: 70.000 euro inbertsioetarako eta 10.000 euro mantenu eta konponketetarako.

Amasa-Villabonako udalbatzan ordezkaritza duten alderdi politikoek, EH Bildu, EAJ eta PSE-EEk, hitzarmen bat adostu eta izenpetu dute Fleming herri eskolako zuzendaritzarekin. Hitzarmen honen bidez, hiru alderdi politikoek hainbat konpromiso hartu dituzte, etorkizunean udaleko Hirigintza sailak Fleming herri eskolako instalakuntzetan beharrezko inbertsioak eta mantenu lanak gauzatu ditzan.

Hitzarmen honek 5 urteko indarraldia izango du eta etorkizunean udalak eskola publikoan egingo dituen inbertsioen eta mantenu lanen ezaugarriak definitzeko prozedura berri bat finkatzen du. Horrela, eskolako zuzendaritzak, hiru alderdi politikoetako ordezkariek eta hirigintzako zein hezkuntzako udal teknikariek parte hartuko duten Jarraipen Batzordea eratuko da, egin beharreko inbertsioak eta mantenu lanak elkarlanean adosteko, eta martxan dauden proiektuen jarraipena egiteko. Beraz, bilgune berri honetan erabakiko dira egingo diren inbertsioak eta mantenu lanak zeintzuk izango diren urtez urte.

Bestalde, alderdi politikoek hainbat konpromiso ekonomiko ere hartu dituzte akordio honen sinadurarekin:

  • 2025. eta 2026. urteetako udal aurrekontuetan eskola publikoan inbertsioak egiteko 70.000 euroko eta mantenu eta konponketetarako 10.000 euroko partida ekonomikoak ezartzea.

  • Hurrengo hiru urteetan (2027, 2028 eta 2029. urteetan) eskola publikoko inbertsioetarako partida ekonomikoa gutxienez, minimo gisa 30.000 eurokoa izatea eta mantenukoa, berriz, 12.000 eurokoa.

Horrekin batera, alderdi politikoek, udalaren jardunaren bitartez eskola publikoan egin beharreko inbertsioetarako diru laguntza publikoak eskuratzeko beharrezkoa dena egiteko konpromisoa hartu dute, batez ere Hezkuntza sailak urtero eskaintzen dituen Udalaguntza delakoak lortzeko.

Akordio honen bidez, EH Bildu, EAJ eta PSE-EE alderdiek, datozen urteetan Fleming Herri Eskolaren hezkuntza jardunbidea sustatzen jarraitzeko eta kalitatezko azpiegiturak bermatzeko «urrats sendoa» eman dute, horretarako konpromiso zehatzak bere gain hartuz.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!