ELKARRIZKETA

«Jende asko laguntzeko erreminta dut esku artean»

Jon Miranda Labaien 2024ko ira. 21a, 07:59

Tolosako San Frantzisko ibiltokiko parafarmazian eta Donostiako Azpeitia kaleko bulegoan eskaintzen du zerbitzua Olatz Arregi Cuevas kinesiologo eta reiki maisuak. Billabonatarrak dio norberaren egoera aldatzeko borondatea duen orori laguntzeko egiten duela lan.

Olatz Arregi Cuevasek (Amasa-Villabona, 1986) aurreko zituen ofizioak utzi eta besteen ongizatean laguntza ematera bideratu du bere ogibidea. Urteetako prestakuntza jaso ondoren, erabateko dedikazioz, kinesiologo eta reiki maisu bezala dabil.

Nola iritsi zinen kinesiologiaren mundura?

Ostatu arloko modulua egin nuen bere garaian baina ez nuen horretan lanik lortu. Dena den ostalaritzan ibiltzen nintzen arratsaldetan lanean eta goizak baliatzen nituen ikasteko. Tolosaldea LHIIn Informatika ikasketak egin nituen, baina horretan ere ez nuen zorterik izan. Ordutik ofizio asko izan ditut. Tabernetan, jatetxeetan, arropa dendetan, belar dendetan eta loradendetan egin izan dut lan. Ezerk ez ninduen konbentzitzen. Onddo arazo bat izan nuen azalean, eta beti horrekin nenbilen bueltaka; antibiotikoa hartu eta desagertu egiten zitzaidan, baina handik gutxira berriro azaldu. Ziklo horretan nengoela Ibarrako kinesiologo batengana bideratu ninduten, berarekin hasi, eta onddoak desagertu egin zitzaizkidan. Emozioak landu genituen saio horietan eta konturatu nintzen nire onddoak emozionalak zirela eta une jakin batzuetan ateratzen zitzaizkidala.

Paziente bezala balio izan zizula ikusita, kinesiologia formazioa egitea erabaki zenuen.

Bai, ordurako banenbilen sendabelarren inguruko ikastaroren bat egiten. Ibarran artatu ninduen kinesiologiarekin hasi ginen lau lagun ikastaro bat egiten eta pixkana mundu honetan sartu ginen. Gaur arte. Duela 13-14 urte izan zen eta ordutik formazioak jaso ditut bata bestearen atzetik, baina dena den, ez naiz sekula pausoa ematera ausartu, duela gutxi arte.

Zergatik erabaki zenuen lana utzi eta buru-belarri honetan murgiltzea?

Urteotan etenak izan ditut, amatasunagatik, edo lanik gabe egon naizelako. Tarte horretan ikastaroak egiten jarraitu dut eta konturatu naiz nola noan ni neu aldatzen, lanketa horiek niretzako baliagarriak direla ikusi dut, neroni naizela aurreneko onuraduna. Niri egiten didan mesedea ikusita, pentsatu nuen jakintza hori zabaldu egin behar nuela, jende asko laguntzeko erreminta bat nuela esku artean. Iazko abendutik autonomoa naiz eta buru-belarri nabil honetan. Aldunditik emakume ekintzaileentzako diru laguntzak banatzen zituztela jakin nuen eta pausoa eman nuen. Pozik nago, nahiz eta bidea ez den erraza, are gehiago kinesiologiari buruz ezezagutza handia dagoela kontuan hartuta.

Zer da, bada, kinesiologia hitz gutxitan azaltzeko?

Adar asko ditu kinesiologiak eta definizio bat baino gehiago eman daitezke. 1960ko hamarkadan George Goodheart kiropraktikoak lehenagotik egiten ziren gihar-testetan oinarrituta sortu zuen. Gorputz ataletan presio arin bat egin eta galdera sinple batzuk formulatuta gidatzen goaz pazienteari gertatzen zaiona ulertzeko. Kinesiologian subkontzientearekin jartzen gara harremanetan eta hor azaltzen zaigu pazienteak momentu jakin batean senti dezakeen ezinegonaren zergatia. Informazio hori berarekin partekatzen dugu, baldin eta berak baimena ematen badigu. Denak ez gaude prest informazio hori momentuan asimilatzeko, edota adibidez, emozioekin lan egiteko. Pazienteak kontzientzia hartzen duenean bere ezinegonen jatorriaz zenbait teknikekin hasten gara lanean egoera zuzendu eta ongizatea bilatzeko.

Zein teknika erabiltzen dituzu zuk?

Urteotan teknika bat baino gehiago ikasi dut, baina nik batez ere Touch for Health edo osasunerako ukitzeak izenekoa erabiltzen dut. Kinesiologiaren oinarrizko teknika da eta medikuntza txinatarretik dator. Bost elementuekin egiten dut lan eta, adibidez, koloreekin, zaporeekin eta doinuekin aritzen naiz. Beste teknika batzuk ere erabiltzen ditut, kinergetik izenekoa, esate baterako. Kinesiologia eta reikia nahasten dituen teknika da eta alteratutako patroi ugari orekatzeko aukera ematen du, soilik, energia erabilita.

Reikia ere lantzen duzu. Zer da?

Reikiaren kasuan ni kanala izaten naiz. Unibertsoan dagoen energia pasatzen diot pazienteari. Eskuak gorputz gainean jartzerakoan nik sumatzen badut blokeo bat dagoela, bertan geratu eta energia pasatzen diot. Teknika honekin paziente batzuek berotasuna edo koloreak sumatzen dituzte. Arrazoiarekin esplikatzen zailak diren bizipenak izan ditzakegu reikiarekin. Izugarrizko erreminta da niretzat.

Zergatik jotzen du jendeak zure kontsultara?

Arrazoi askorengatik. Lo arazoak, traumak eta beldurrak, ikasketa arazoak, nekea, energia falta, memoria eta kontzentrazio arazoak, tristura, matrailezurreko molestiak... Horiek sumatuta ongizate baten bila datorren jendea da. Probatzera ausartu dira eta ikusi dute balio diela.

 

«Ongizate baten bila dator jendea, probatzera ausartu dira eta ikusi dute balio diela»

 

Zein profiletako pazienteak artatzen dituzu?

Gehienbat emakumeak dira gerturatzen direnak, horrelako gauzetan gertatu ohi den bezala. Umeekin ere aritzen naiz, eta haiekin, adibidez, errazagoa da lan egitea irekita baitaude eta ez dituztelako helduok bezainbesteko iragazki. Lehenago iristen naiz haiengana. Asko gustatzen zait umeekin lan egitea eta horregatik hezkuntza-kinesiologia delakoa landu izan dut, brain gym deitzen zaiona. Oso teknika sinplea da, baina, aldi berean, baliagarria. Landu izan ditut baita ere ipuinak. Ariketa hauek egin ondoren, ipuinek beste dimentsio bat hartzen dute eta oso baliagarriak izaten dira, ez bakarrik haurrentzat, baita helduentzat ere.

Zenbat saio behar izaten ditu pazienteak hobeto sentitzen hasteko?

Pertsonaren araberakoa izaten da eta konponbidean jarri beharreko egoeraren araberakoa. Aldaketak normalean lehen saiotik nabaritzen dira. Azaleko zerbait bada, bizpahiru saiorekin onbidean jarri dezakegu pazientea eta kontua konplexuagoa bada gehiago luzatu daiteke. Hori bai, ezin da mugarik gabe luzatu, hori seinale txarra litzateke.

Zein jarrerarekin jo behar du paziente batek zugana?

Ni kontziente naiz ni akaso ez naizela terapeuta egokia pertsona guztientzat, denentzat ez naiz ona izango. Fisioterapeuta batekin gertatzen den bezala, behar da pazientearekin konexio bat eta beti-beti ez da gertatzen. Behin hori esanda, aitortu behar da jarrera bat behar duela pazienteak, borondatea behar du bere egoera aldatzeko. Askotan beldurra diogu aldaketari eta gauden horretan eroso egoten gara, nahiz eta ongi ez egon. Horregatik, saioaren hasieran beren buruari helburu bat jartzen dio pazienteak eta modu horretara badugu nora bideratu. Nik bide horretan lagundu diezaioket baina norberaren ongizatearen ardura norberarena da. Eta, gaur egun, hori asumitzea kosta egiten zaigu, askotan.

Eszeptiko asko topatzen al dituzu inguruan?

Bai jende eszeptiko asko topatzen dut. Aho txikiarekin komentatzen ditut zenbait gauza lagun taldean. Aurpegi txarrik ez, baina jendeari erreparoa ematen diote horrelako gauzek. Askotan mugak geure buruan egoten dira. Nik eszeptikoa denari esango nioke probatzeko, galduko duen gauza bakarra denbora dela. Sartu zaren bezala aterako zara, edo hobeto, baina behin ere ez okerrago. Kinesiologia ez da terapia agresiboa, ez du minik ematen.

 

«Askotan mugak geure buruan egoten dira, nik eszeptikoa denari esango nioke probatzeko»

 

Non artatzen dituzu bezeroak?

Donostian asteazken arratsaldetan diziplina anitzeko zentro batean aritzen naiz. Eta Tolosako San Frantzisko ibiltokiko parafarmazian ere artatzen dut jendea. Gero ikastaroak eskaintzen ditut. Hurrena reiki ikastaro bat emango dut urriaren 12an eta 13an, Andoainen.

Nola jarri daiteke jendea zurekin harremanetan?

Sare sozialetan nagusiki. Profilak ditut Instagramen eta Facebooken. Youtuben kanal bat zabaldu dut lehen aipatu ditudan ipuinak biltzeko, Ipuinak eta kinesiologia du izena. 

Uste duzu osasun sistemak kontuan hartu beharko lituzkeela kinesiologia bezalako terapia alternatiboak?

Bai. Uste dut medizina tradizionalaren osagarriak direla terapia hauek. Guk ez dugu jendea sendatuko, baina haien ongizatean lagundu dezakegu. Askotan ezinegon hori arintzen laguntzen dugu. Egoera berdinari beste ikuspegi batetik begiratzeak asko lagundu diezaguke. Ikuspegia zabaldu beharko luke osasun sistemak. Gaur egun, denbora eta dirua behar dira terapia hauekin artatua izateko eta hori ez da justua. Nik ez nuke nahi inor atzeratzea diru faltagatik. Niregana egoera horretan dagoen inor gerturatuz gero, modua asmatuko genuke truke baterako, baina laguntza eman dezakedan bitartean, ni behintzat, prest nago. Nahi dudana da niregana datorren pertsona ondo egotea, edo behinik behin, berak nahi duen bezala egotea.

Zein asmo dituzu hemendik aurrera?

Bada ofizio honetan hasi naiz eta ez dut gelditu nahi. Behar duen jendearengana iritsi nahi dut eta nire esku baldin badago behar duen hori emango diot bere helburuak lor ditzan. Helburu txikiak ere izan daitezke; urrutira joan gabe, ni kinesiologiari esker iritsi nintzen puntual izatera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!