Sega eta txakolina uztartu dituzte, arratsaldean, Amasan. Uxotoki elkarteak eta herriko zenbait gaztek antolatuta, Txakolin Eguna ospatu dute. Lehenik, bederatzi herritarren artean sega desafioa egin dute; hirugarren edizioa izan da aurtengoa. Mikel Arretxe Sandra I, Kepa Nazabal, Jon Beldarrain, Arkaitz Arretxe Sandra II, Joseba Astiasaran, Joseba Otegi, Julen Etxeberria, Jon Ezeiza eta Kepa Otegi izan dira parte hartzaileak. Sega proba nazioarteko eran egin dute; alegia, azkartasuna eta txukuntasuna hartu dituzte kontuan. Sailkapen proban 100 metro koadroko saila moztu behar izan dute, eta lau segalari onenak finalera pasa dira: Kepa Otegi, Kepa Nazabal eta Mikel eta Arkaitz Arretxe.
Finalean, 200 metro koadroko saila moztu behar izan dute laurek. Kepa Otegi izan da azkarrena, baina 20 segundoko zigorra izan du. Hori bai, nahikoa izan da desafioa irabazteko; 7.30eko denbora egin du. Kepa Nazabal izan da bigarren azkarrena, baina honek ere zigorra izan du, 15 segundokoa, eta azkenean, 7.31 izan da bere marka. Arkaitz Arretxe izan da hirugarren, 7.42ko denborarekin, bost segundoko zigorra jaso ondoren. Laugarren, berriz, bere anaia Mikel izan da, 8.27ko denbora eginda, baina tartean, 15 segundoko zigorrarekin.
Sega txapelketa amaitu ondoren, Getariako izendapeneko 24 txakolin desberdin dastatzeko aukera izan da plazan. Jendetza bildu da bertan, giro onak erakarrita. Txakolina edateaz gain, askotariko pintxoak jan ahal izan dituzte bertaratu direnek; aurten gainera, lehen aldiz, bertako txekorra erre dute goizean goizetik, eta pintxo modura jateko aukera izan dute bertaratu direnek.